Euskarak egiten gaitu euskaldun

Egilea: Mikel Iturria (@iturri)

Jatorrizko artikulua: Harrikadak blogetik; Euskarak egiten gaitu euskaldun.

euskarak egiten gaitu euskaldun

Gogoan dut 90. hamarkadaren bigarren erdialdean, Donostiako Udaleko hainbat talde politikok prentsaurreko batzuk euskaraz emango zituztela adostu zutela. Ez ditut orain gogoan zenbat talde agertu zen horren alde, baina esango nuke abertzale guztiak izan zirela konpromisoa jendaurrean hartu zutenak.

Garai hartan, EAkoa zen Euskara zinegotzia (Beatriz Otaegi) eta ausartuko naiz esatera berarekin batera EAJkoak eta HBkoak agertu zirela prentsaurrekoan akordioaren berri ematera (ez dut ezer aurkitu sarean).

Oker ez banago, konpromisoa zen lau prentsaurrekoetatik bat euskaraz egitea, gaia edozein zelarik.

Akordioa sinatu zen, prentsaurrekoan azaldu ziren agertu beharreko alderdiak… eta sinatutakoa kaxoi batean artxibatu zen. Inork ez zuen kontrolatu adostutakoa bete ote zen, inork ez zuen azalpenak emateko eskaerarik egin. Kitto.

Orain, berriz, hautsak harrotu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntzen erabileran hartutako erabakiak. Denborak esango digu ea gauzak aldatu ote diren.

Ez da ahaztu behar horren aurretik polemika piztu zela Arnaldo Otegiren Tiempo de luces liburua gaztelaniaz argitaratua izan delako, Argien aroa ondoren etorriko delarik. Iñaki Sotok apunte luzea idatzi zuen blogean eta asko harritu ninduten ondorengo lerro hauek: “Azalpen hau zentzu orokor batean emanda inor ase eta denak mintzeko arriskua dago. Ondorioz, azalpena zeini zuzenduta dagoen argitu nahi dugu lehenik eta behin: gure ildo editoriala eta proiektua babesten dutenei ematen diegu azalpena, beste inori ez”.

Minduta agertu zen Hasier Etxeberria, besteak beste: Arnaldo, Soto, Gara, euskara eta zakurraren putza.

Ez da Arnaldorena soilik. Ibarretxek ere liburu berria kaleratu du egun hauetan: El caso vascoJavier Ortiz lagunak egin zuen lehendakariari buruzko liburua duela urte batzuk, baita Arzalluzen Así fue hura ere. Carlos Garaikoetxeak gaztelaniara jo zuen Euskadi: la transición inacabada memoria liburua plazaratzeko orduan. #horiholada , twitter sarean idazten dugun bezala.

Baina iritsi beharko du eguna horri buelta emateko eta orain izan daiteke unea. Oso argi adierazi berri du elkarrizketa batean Garbiñe Biurrunek, gaztelaniaz esan behar izan badu ere: No entiendo ser vasca sin saber euskera.

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Euskarak egiten gaitu euskaldun”-ri buruz

  • Ez da politikari baten liburua, baina guztiz kontrakoa gertatu zen I. Muruaren “Loiolako hegiak” liburuari esker: euskal jendeak negoziazio horien barruko nondik norakoen berri izan zuen inork baino lehenago. Geroago etorri ziren gaztelaniazko bertsioa, baita Egigurenen memoria-liburua ere, baina hor euskara aintzindari ibili zen. Hala bedi aurrerantzean ere…

  • Izarpezelai 2012-10-08 20:42

    Guztiz ados Garbiñe Biurrun epaileak esandakoarekin: “No entiendo ser vasca sin saber euskara”. Nik ere ez dut ulertzen. Euskal Herriko hiritar gehienek (euskaldunak izan edo erdaldunak izan) hori ulertzen dutenean, borroko linguistikoa irabazita izango dugu (Quebecen edo Flandrian bezalaxe).