EuskarAbentura 2022 espedizioak atzerako kontaketa hasi du

EuskarAbentura 2022 espedizioak atzerako kontaketa hasi du –

Datorren uztailaren 1etik 31ra bitarte, Euskal Herriko 128 gaztek (‘jzioquitar’-ek) euskararen lurraldea luze-zabal zeharkatuko dute oinez; orain arteko espedizio jendetsuena izango da.

Izena emateko eskatutako lana zein aurkezpen bideoa bidali zuten gazteen artetik, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEUS Fundazioko 20 ordezkarik osatutako epaimahaiak hautatu ditu aurtengo abenturazaleak, guzti- guztiak 2005 eta 2006 urteetan sortuak.

Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen lagin adierazgarria izango dira: 20 arabar, 37 bizkaitar, 37 gipuzkoar, 7 lapurtar, Nafarroa Garaiko 28 lagun eta Nafarroa Behereko 1.

Jzioquitarrekin batera, ‘familia urdina’-k biziko du abentura: begiraleek, mediku zein erizainek, koordinatzaileek, eta komunikazio nahiz logistika arduradunek osatzen duten 30 laguneko lantaldea.

Pandemiak 2020 nahiz 2021 urteetan eragindako gorabeherak gaindituta, 2022ko EuskarAbentura espedizioak jatorrizko izaera ibiltaria berreskuratuko du: 31 etapatan 700 kilometrotik gora egingo dituzte, Mauletik Getxora, zazpi euskal lurraldeak zeharkatzen dituzten Donejakue bide ezberdinetan barrena.

EuskarAbentura 2022 espedizioak atzerako kontaketa hasi duUNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

35tik gora herri eta hiritik pasatuko da espedizioa. Berritasun gisa, 2022ko ibilbideak, aurrekoek ez bezala, Duzunaritzen (Zuberoa); Amaiur, Lesaka eta Zugarramurdin (Nafarroa); eta Kortezubi eta Sukarrietan (Bizkaia) aurreikusi du geldialdi bana.

EuskarAbentura 2022-k hilabeteren buruan ekingo dio bideari, eta ekimen honen atzean dagoen EuskarAbentura Elkarteak jada badu finkatuta nor izango diren aurtengo espedizioko parte-hartzaileak eta zein ibilbide osatuko duten.

.

Zer da Euskarabentura

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako (2022ko edizioan diasporakorik ez!) 16-17 urte bitarteko gazteak euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.

Baina 2022an EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratuko du, eta ibiltaria izango da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.

EuskarAbenturazaleek aldean eramango dute hilabeteko espediziorako behar duten guztia, besteak beste, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dute aterpe.

.

EuskarAbentura elkartea: irabazi asmorik gabekoa eta euskaltzalea

Euskal Herriko bazter ezberdinetako hamar gaztek osatzen dute EuskarAbentura Elkartea. Ia hiru urtez aritu ziren, boluntario gisa, izen bereko egitasmo honi forma ematen, harik eta 2018ko uztailean abentura lehenengoz abiatu zen arte. Hain justu, kide hauetako batzuek garaian Ruta Quetzal izeneko espedizio-sortan parte hartu zuten; eta orduko hartatik gordetako oroitzapenetatik sortu zen horren ‘euskal aldaera bat’ martxan jartzeko ideia.

HELBURUAK ETA BALOREAK

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural anitzeko gazteak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak.

Gure mendietan, kostaldean, erreketan, herri nahiz hirietan goza dezatela; kanta, dantza, negar, irri eta amets egin dezatela; adiskide berriak, ligoteoa, eztabaidak, besarkadak… sor daitezen nahi du EuskarAbenturak, eta hori guztia euskaraz gerta dadila. Espedizioak iraun bitarte, eta gerora aurrera egingo duten harremanetan ere.

Horrenbestez, honakoak dira proiektuaren helburu garrantzitsuenak:

    • Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea.
    • Gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea.
    • Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen inguruko transmisioa bermatzea.

Bestalde, EuskarAbentura esperientzia bizitzeak badakar, berez eta izatez, hainbat baloreren lanketa, hala nola, parekidetasuna, elkarbizitza, elkarrenganako errespetua, ardura eta zaintzak, bizi-ohitura jasangarri eta osasuntsuak, edota turismo-eredu jasangarria.

.

2022ko parte-hartzaileak: Jzioquitarrak

EuskarAbentura 2022 espedizioak atzerako kontaketa hasi duEspedizio ibiltariak 2005 eta 2006 urteetan jaiotako 128 gazte hartuko ditu aurten. Orain arteko jendetsuena izango da; 2021koak 121 parte-hartzaile izan zituen, adibidez. Zalduondotik eta Uhartetik, Muskiztik eta Uztaritzetik, Tafallatik eta Irundik, Gasteiztik, Arbizutik, Zeanuritik, Donibane Lohitzunetik, Bilbotik, Erriberritik, Zumeltzutik, Zarauztik… Euskal Herriko lau ertzetatik etorritako 128 gazte batuko dira 2022ko EuskarAbentura espediziora.

Zentzu horretan, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen lagin adierazgarria dira, eta interesgarria da EuskarAbentura esperientziak euren hizkuntza-ohituretan eragiten dituen aldaketak eta ‘mudantzak’ behatzea. Urtez urte, horixe frogatzen ari da EuskarAbenturak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz martxan duen ikerketak.

Den-denek hautaketa prozesu bat gainditu ostean lortu dute jzioquitar (espedizio kideek jasotzen duten izena; ‘Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu’ glosatik ) izateko beka; espedizioa erabat doaka baita eurentzat. Lan bat eta aurkezpen bideo bat igorri dituzte ezarritako epearen barruan, eta Eusko Ikaskuntza nahiz PuntuEUS Fundazioa arduratu dira, epaimahai gisa, lan horiek baloratu eta galbahea egiteaz.

Lana prestatzeko, hautagai bakoitzak hiru gairen artean bat aukeratu behar izan du:

  • Gure aisiaren espazioa: porlana vs. ingurune naturala
  • Fast fashion vs. modu jasangarrian janzteko ereduak
  • Zer ginen, zer gara, zer izango gara

Eta, gainera, askotariko formatuak izan dituzte aukeran: Historikoa, Literarioa, Ikus- Entzunezkoa, Musikala, Plastikoa edota Sormen Digitala.

.

Familia Urdina

128 jzioquitarrekin batera, Familia Urdina (elastiko urdina daramatelako soinean; jzioquitarrek elastiko laranja daramate) osatzen duten 30 helduk ere egingo dute ibilbidea. Koordinatzaileak, begiraleak (xerpak), sendagileak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kameralariak eta kazetariak dira. Tankera honetako ekimenetan aldez aurretik trebatuak izan arren, hiru eguneko formakuntza berezia jasoko dute EuskarAbentura 2022 espedizioari begira prestatzeko, eta hainbat protokolo nahiz irizpide adostu eta finkatzeko.

.

2022ko ibilbidea

Uztailaren 1etik 31ra bitarte, euskararen zazpi lurraldeak luze-zabal zeharkatuko dituzte oinez. Maulen hasi eta Getxoraino, orotara 700 kilometro baino gehiago egingo dituzte 31 etapatan, horietatik 500 oinez. Tartean izango dira, baita ere, autobusez edota trenez osatu beharreko kilometro batzuk.

Donejakue bide ezberdinak jarraituz, Euskal Herriko zazpi hiriburuak eta 35tik gora herri ez ezik, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutakoak bisitatuko dituzte: Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak (euskaraz idatziriko aurreneko glosak), Ekain eta Santimamin?eko leizeak, Bizkaia zubia.

Makina bat mendigain, soro, baso eta ibai igarotzeaz aparte, Euskal Herriaren historian, ekonomian edota politikan garrantzizkoak diren tokiak ezagutzea da asmoa. Hala nola: Orreagako Kolegiata, An?anako Gesaltzak, Arditurriko meazuloak, Zugarramurdiko leizea, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria, Euskal Kostaldeko Geoparkea edota Gernikako Juntetxea.

Bidea oinez egiteaz aparte, aldiro-aldiro hainbat EuskarAbenturazaleren bisita ere jasoko dute jzioquitarrek. Kasu batzuetan aurpegi ezagunak izango dira (musikarien gaubela sorpresak), beste batzuetan bisita instituzionalagoak, askotariko hizlariak…

Etapak

Jarraian, 31 etapen nondik norakoak eta datu aipagarrienak:

Uztailak 1: Gazteak hiriburuetan batu eta autobusez Maulera iritsi.
Uzt. 2: Maule > Pagola. 14km. Elkar ezagutzeko eta ‘aklimatatzeko’ dinamikak.
Uzt. 3: Pagola > Duzunaritze. 20km. Behe Nafarroan sartu.
Uzt. 4: Duzunaritze > Donibane Garazi. 11 km. Ipar Euskal Herriko hainbat jzioquitar ohien bisita.
Uzt. 5: Donibane Garazi > Auritze (autobusez).
Uzt. 6: Auritze > Orreaga > Zubiri. 19 km. Nafarroa Garaian sartzearekin, Asisko Urmenetaren bisita eta historia solasaldia. Eta Euskarabideako ordezkarien bisita instituzionala ere bai.
Uzt. 7: Zubiri > Iruña. 23km. Sanfermin berbena Nafarroa Oinez-eko lagunekin.
Uzt. 8: Irun?a > Gares. 23 km. Errigora ekimenaren berri, eta dastaketa.
Uzt. 9: Gares > Lizarra. 22km.
Uzt.10: Lizarra > Donemiliaga Kukula. Yuso eta Suso-ko monastegiak bisitatu Errioxan (euskaraz idatzitako aurreneko glosak) > An?ana (autobusez). Araban sartu eta Añanako gesaltzak ezagutu.
Uzt. 11: Añana > Argantzun. 18km. Arabako Foru Aldundiko ordezkarien eta An?anako alkatearen bisita instituzionala.
Uzt. 12: Argantzun > Gasteiz. 17km.
Uzt. 13: Gasteiz > Araia. 18km. Bertso-rap saioa.
Uzt. 14: Araia > Zerain. 21 km. Gipuzkoan sartu, Sanadriango kobazulotik pasatuta. Afari mundiala Zeraingo herritarrei esker.
Uzt. 15: Zerain > Tolosa. 15km. Kike Amonarrizen saioa, paisaia soziolinguistikoaz.
Uzt. 16: Atseden eguna Tolosan. Gurasoen bisita.
Uzt. 17: Tolosa > Oiartzun (autobusez) Arditurriko meazuloak ezagutu > Lesaka. 22km. Uzt. 18: Lesaka > Zugarramurdi. 20km. Zugarramurdiko leizea ezagutu eta sorginkeriaz jardun.
Uzt. 19: Zugarramurdi > Amaiur. 20km. Amaiurko gazteluaren hondarrak bisitatu, eta Asisko Urmenetaren bigarren bisita: 500. mendeurrenaren inguruko solasaldia.
Uzt. 20: Amaiur > Bidarrai. 20km. > Baiona (trenez). Lapurdin sartu. BIZI! Elkarteko kideen bisita eta aldaketa klimatikoaz jarduteko dinamikak.
Uzt. 21: Baiona > Urruña. 18km. Euroeskualdeko ordezkarien bisita instituzionala.
Uzt. 22: Atseden eguna Urruñan.
Uzt. 23: Urruña > Hendaia. 20km. Txingudi Badia txalupaz igaro Elkano Fundazioko kideekin batera > Hondarribia. Ur Tantak kontzertuaz gozatu. > Lezo (trenez).
Uzt. 24: Lezo > Donostia. 12km. Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutu.
Uzt. 25: Donostia > Zarautz. 24km. > Zestoa (autobusez).
Uzt. 26: Zestoa > Getaria (autobusez). Ekainberri leizea bisitatu.
Uzt. 27: Getaria > Deba. 23km. Euskal Kostaldeko Geoparkea > Kortezubi (autobusez). Bizkaian sartu eta Santimamiñe leizea bisitatu.
Uzt. 28: Kortezubi > Laida. 16km. > Sukarrieta (txalupaz). BBK Klima-ko ordezkarien bisita.
Uzt. 29: Sukarrieta > Gernika. 28km. Juntetxea bisitatu.
Uzt. 30: Gernika > Bilbo (autobusez). BBK Kuna eraikina eta SanMames futbol-zelaia bisitatu.
Uzt. 31: Bilbo > Getxo. Itsasontziz Ezkerraldera, eta Bizkaia zubia oinez igaro. Harrera eta amaiera ekitaldia Getxoko Antzokian.

EuskarAbentura 2022 espedizioak atzerako kontaketa EuskarAbentura 2022 espedizioak atzerako kontaketa