EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da

EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da-

Heldu da amaiera! Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena 798 kilometro egin eta gero, espedizio ibiltaria azken geltokira heltzekoa da: Getxo.

  • Jzioquitarrak goizeko 9:00tan abiatuko dira Bilboko Itsas Museotik, eta ontziz helduko dira Portugaletera. Handik, Bizkaia Zubia gurutzatuta, Getxora iritsiko dira.
  • 11:00etan, Ana De Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiak eta Amaia Agirre Getxoko alkateak harrera egingo diete. Ondoren, 12:30ean, amaiera ekitaldia hasiko da Getxoko Muxikebarri antzokian.

EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da Lau aste, 31 etapa eta 798 kilometro joan dira uztailaren 1ean Euskal Herriko bazter ezberdinetako 121 gaztek abentura ibiltari hau hasi zutenetik. Euskaraz bizitzeko gogoak, euskararen lurraldea oinez zeharkatzeko grinak eta Euskal Herriaren ondare historiko, kultural nahiz ekologikoaren gaineko jakinminak elkartu zituen; eta EuskarAbentura 2019 espedizioak betiko batu ditu, halako esperientzia bizi eta exijente batetik jaiotako oroitzapenak, adiskidetasunak eta ikasketak nekez ezaba baitaitezke.

Hain justu horixe da bigarren urtez izen bereko espedizio hau antolatu duen irabazi asmorik gabeko EuskarAbentura elkarte euskaltzaleko bolondresen helburua: gazte euskaldunen sare geroz eta handiago bat sortzea eta iraunaraztea; elkarren berri izan dezaten, euren arteko harremanak euskaraz eraiki eta elika ditzaten eta, EuskarAbentura testuingurutik kanpo ere, euren eremuetan, eragile bilaka daitezen, euskararen eusle eta sustatzaile.

Zentzu horretan bereziki aberasgarriak izan dira bigarren EuskarAbentura edizio honetarako proposatutako bi Belaunaldi Arteko Egunak. Izan ere, uztailaren 7an (Zubiri –> Iruña, 22km) eta uztailaren 24an (Donostia –> Zarautz, 21km), 2018ko hainbat jzioquitar beterano batu ziren etapa oso bat aurtengo gazteekin batera osatzeko. Esperientziak, galderak eta iritziak elkartrukatzeko apropos bideratutako egunak izan ziren.

Euskaldun aktibo izango diren neska-mutilak kontzientziatzea, piztea eta saretzea ez ezik, beste hainbat balore zeharka transmititzea ere badago EuskarAbenturaren helburuen zerrendan: parekidetasuna, elkar errespetua eta ingurumenarekiko errespetuzko bizi-ohitura jasangarriak, besteak beste. Hain justu oinarrizko xede horiei erantzunez hartu du forma EuskarAbentura 2019 espedizio honetako egitarauak. Hala, helburu horien bueltan eta izen-emate fasean jzioquitarrek aurkeztu beharreko lanetarako proposatutako hiru gaien (errimak eta erritmoak; migrazio mugimenduak; Euskal Herriaren aztarna ekologikoa) inguruan jorratu dituzte 50etik gora mintegi, tailer eta jarduera, ibilbidea bera osatzeaz aparte.

EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da Larrialdi ekologikoaren inguruko kontzientziazio lanari dagokionean, zaborren kudeaketak protagonismo berezia izan du. Uneoro hondakin organikoak, plastikozkak, paper/kartoia eta errefusa bereizteaz gain, egunero-egunero talde bana arduratu da ekoiztutako zabor guztia sailkatu, pisatu eta datuok erregistratzeaz. Hilabetean 1300 kg zabor sortu ditu espedizioak, 0,31kg pertsonako eta eguneko.

Ibilbideak 7 euskal lurraldeak eta 7 hiriburuak ukitu ditu, Euskal Herria zeharkatzen duten 3 Donejakue bide ezberdinak (Frantsesa, Barnealdekoa eta Kostaldekoa) jarraitu dituelako. EuskarAbentura 2019 Maulen hasi zen uztailaren 1ean, eta jzioquitarrak herriz herri ibili dira egunero estalpez aldatzen: Maule, Pagola, Jutsi, Donibane Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Gares, Lizarra, Viana, Gesaltza, Gasteiz, Araia, Zerain, Tolosa, Hernani, Irun, Donibane Lohitzune, Baiona, Lezo, Donostia, Zarautz, Zestoa, Deba, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Bermeo, Bilbo, eta Getxo. Bidean hamarnaka herri eta auzo kutsatu dituzte euskal giroz. Gure herrian Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako lekuak bisitatu dituzte, bai eta paisaia anitzekin gozatu ere. Azken txanpari Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan heldu zioten (uztailak 27 eta 28, Markina-Xemein eta Gernika-Lumo), harik eta hilaren 29an Bermeora heldu ziren arte; eta handik, atzo (uztailak 30), Bilboraino.

Etapaz etapako argazki galeriak eta kronika laburrak HEMEN

EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da

EuskarAbentura 2019 datutan:

  • 16-17 urte bitarteko 121 gazte eta 35 bat lagunez osatutako lantaldea (xerpa edo begiraleak, osasun taldea, komunikazio taldea eta logistika taldea).

  • 31 egun, 31 etapa, horietatik 22 oinezkoak.

  • Euskal Herriko 7 lurraldeak zeharkatu dituen 798km-ko bidea, 483 oinez

  • 1300kg zabor 31 egunetan. 0,31kg pertsonako eta eguneko.

.

EuskarAbentura elkartearen balorazioa:

“Ebaluazio sakonago baten faltan, hasierako lau helburu nagusiak bete direla uste dugu. Batetik, euskararen erabilera bermatzea lortu dugu hein handi batean, askotariko dinamiken bitartez eta zeharka eraginez. Gazteek erantzunkizunez heldu diote hilabetez ahobizi izateko luzatutako proposamenari. Bestalde, gazte euskaldunen sarea gero eta handiagoa da. Ipar Euskal Herriko gazteen parte hartzea errotzen doa eta euskarabenturaren komunitatea hazten: jzioquitar, urdin, babesle, eduki-emale, familia, udal eta abar. Era berean, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako leku gehienak bisitatzeaz gain, iazko ibilbidetik haratagoko bazterrak ezagutu  ditugu. Iazko etapei berriak gehitu zaizkie. Era honetan Bermeo, Lezo eta Pagola herrietan ere lo egiteko aukera izan dugu aurten. Etapak askotariko edukiekin aberastu ditugu: feminismoa, landa munduaren biziberritzea, sexualitate aniztasuna, etorkinak, arrazakeria, mundu digitala, dantza, inprobisazioa… etab.”.

EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da