Euskara unibertso
Euskara unibertso
Txantxangorria txantxate / Birigarroa alkate / Xoxua dela mediante / Txepetxa preso sartu dute
Hogeita sei urte luze etorri zaizkigu soinera beti euskararen kontra Erramun Osak kexu ziharduenetik. Dagoenekoz, lubaki hartatik atera da Erramun, aspaldi atera zela, egia esan, eta orain Euskaltzaindian dihardu bizibide. Erramunenak aitatzea, justu orain, ez dakit eztenkada edo ziria, bietako zein den, Euskaltzaindiak euskara biziberritzeko erronkak aztertu behar dituela, otsailean antolatu duen mintegia iragarri denean. Eztenkada zein ziria, Erramunek garai hartan idatzitakoak eztabaidaren harira datoz, bete betean.
Euskaltzainditik kanpo hasi da eztabaida. Kligerok hautsak harrotu ditu, lehenengo euren blogean eta, ondoren, ZuZeu orainkari digitalean Euskaltzaindia lider? Seriotan arren! izenburuko post horretan argitaratutakoarekin. Idazkera zuzena eta mikatza erabili du autoreak (K.S., K.M., P.M. zein J.U). Agian horrek mindu eta haserrarazi du bat baino gehiago. Halere, nago, Kligerok ez duela arrazoi faltarik bere azalapen gehienetan. Horrek ez du estali behar, ostera, euskara hizkuntza gutxituari izaten uzteko zer egin dezakegun eztabaidatu behar ez dugunik.
Hizkuntza politikaren oinarri ideologikoak eraberritzen ari dira, baten batzuk, behintzat. Politika likidoaren garaian bizi gara. Euskararen aurka/alde dikotomiak, dagoenekoz, ez du balio hizkuntza politikaren oinarri ideologiko desberdinak bereizteko. Orain hizkuntza aniztasunaz eta hizkuntzen arteko berdintasunaz hitz egiten da. Hitz egin behar dugu. Hori dago modan, hori da politikoki zuzena. Zer du txarrik horrek? Ez dugu onartzen hizkuntza aniztasuna? Ez dugu nahi hizkuntzen arteko berdintasuna? Aniztasuna eta berdintasuna nahi dugu, jakina, maite ditugu, alegia. Nahi dugu gizarte justua, anitza eta berdintasunaren printzipioetan antolatua. Guztiok nahi dugu hori.
Guztiok nahi dugu hori baina herri-administrazioaren bulegoetako ateburuan “aniztasuna” edota “berdintasuna” irakurtzen dudanean artega jartzen naiz. Lehen euskararena zena, euskaldunona zena, orain “anizatasunarena” da. Badakizue, kontu zaharra, esaten digutena: nirea nirea da eta zurea biona. Antza denez, “Euskararen …” (zerbitzua, normalizazioa eta abar) ez da politika zuzena eta izendapen horrek gizartearen sektoreren bat zokoraturik utzi dezake. Zein baina? Politika likidoa. Kontua ez da horrelako bulegoetan zer egiten den, nola kudeatzen duten, auzia da nola deitzen den. Deitura orohartzailea bada, berdin dio bulegoetan zer egiten den eta nola kudeatzen den. Egitea baino egotea, pozik egotea eta pozik bagaude listo.
Diseinatzen dugu txoriño bat (17.300 €); publizitate kanpaina txukun bat egiten dugu (235.318 €) eta hara! hiztun guztiak aniztasunaren festara! Ez dio axola euskararen hedapenean, euskalduntze lanetan, euskarazko hedabideetan eta abarretan nahikoa baliabide duten. Kontua da herritarren borondatean eragitea. Txarra al da? Herritarren borondateak zer egin behar dugun agintzen digulako. Herri borondatearen morroiak dira eta haiek beste inork ez daki herri borondatea zertan den. Tout pour le peuple, rien par le peuple!
Esan moduan, guztiok gara aniztasunaren eta berdintasunaren alde. Horregatik erabiltzen dituzte etiketa horiek: denon nahiak direlako. Dagoenekoz, ez da zuzena esatea hizkuntza gutxitua, euskara-zerbitzua edota euskararen normalizazioa. Termino horien ordez hobesten dira beste hauek: hizkuntza koofiziala, berdintasunaren bulegoa edota hizkuntza aniztasuna; ez da erosoa euskararen normalizazioaz edo euskararen berreskurapenaz hitz egitea. Kontua da statu quo gotortzea, aldaketarik ez, botereari eustea eta disidentzia isilaraztea. Aniztasunaren alderdirik hauskorrena, euskara, are gehiago ahultzea.
Hasieran Erramun aipatu dut. Erramunek berak Kontseiluaren sorreran parte hartu zuen lagunetako bat izan zelako. XX. medearen akaberako urteetan, orain gertatzen denaren antzera, gogoeta eta eztabaida behar beharrezkoak ziren. Zuzen esan dezagun, gure ikuspegitik euskararen erabilera sustatzeko plan orokorra egitea eta gidatzea Kontseiluari dagokio eta, Kontseiluarekin batera, akaso, Euskal Herrian diharduten erakunde publikoei, tokiko erakundeetatik hasi gobernuetaraino. Antza denez, ahaztu zaigu Kontseilua horretarako sortu zela. Gogora dezagun.
Euskararen Unibertsoa Jardunaldiak. Donostian, 1997 urteko martxoaren 7-8 egunetan 400 bat eragile bildu ziren euskararen normalizazioa aztertzeko eta haren aldeko lana egiteko. Handik sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, non Euskaltzaindia erakunde so egilea zen. Gerora, Kontseiluak proposatu zuen Bai Euskarari Akordioa:
- Euskarak garapen osoa lor dezan bere normalizazioa behin betiko bideratuko duen prozesu batean eskuhartzeko konpromisoa adierazten dugu.
- Prozesu hori hizkuntza normalizaziorako Plan Estrategiko bat prestatuz eta ezarriz burutuko dugu. Horren bitartez hizkuntzaren egoera sektorez sektore eta lurraldez lurralde aztertuko dugu, maila bakoitzean beharrezko neurri normalizatzaileak finkatuko ditugu eta horien arabera, plana diseinatzen eskuhartuko dugun gizarte-eragileok konpromiso zehatz eta borondatezkoak hartu eta praktikan ezarriko ditugu. Konpromiso hartze hori gizarte eragile bakoitzaren autonomia errespetatuz bideratuko da. Plan Estrategikoaren oinarria Eusko Jaurlaritzak onartu berria duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izango da Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko eratutako egitasmoekin eta Ipar Euskal Herrian, lehenbailehen, gauzatu behar den hizkuntza antolakuntzarako plangintzarekin koherentzian eta osasungarritasunez bideratzeko konpromisoa adierazten dugu.
- Akordio eta konpromiso dinamika honetan euskal gizarteak bere hizkuntza berreskuratzeko duen borondate garbia islatu nahi da. Erabaki hori gizartearen adierazgarri diren gizarte eragileen eskuhartze zabalaren bitartez bideratu ahal izateko guztiei zabalik daude Bai Euskarari Akordioa eta ondoren burutuko den konpromiso prozesua. Hemen sinatzen dugun Bai Euskarari Akordio honek segurta dezala datorren menderako euskararen etorkizuna Euskal Herrian.
Hogei urte igaro ondoren eztabaida bertsuan kateaturik gaude. Txantxangorria paparrean eta euskaraz kantuen libre ezin jardun. Lana badago. Ari bira.
“gure ikuspegitik euskararen erabilera sustatzeko plan orokorra egitea eta gidatzea Kontseiluari dagokio eta, Kontseiluarekin batera, akaso, Euskal Herrian diharduten erakunde publikoei, tokiko erakundeetatik hasi gobernuetaraino.”
Ez zait iruditzen Kontseiluaren egitekoa denik hori. Batetik Kontseilua ez delako herritarrek aukeratua izan, eta gainera, orain arte ez duelako Kontseilua bera osatzen duten erakunde guztien edo gehienen ahotsa izatea ere.
Kasurik onenean ere, euskalgintzaren ahotsa balitz ere, Euskalgintzari ematea hizkuntz politika gidatzeko ardura ez da zilegi, eta ez litzateke eraginkorra izango gainera.
Ezagutu ditugu halako saiakerak, udalerri eta eskualde mailakoak, apenas emaitzarik eman ez dutenak. Besteak beste, euskararen ardura “euskalgintzari” emanda, ordezkari publikoak hizkuntza gaiez askatu (nabarmen) egiten direlako, eta edozein eskakizun eta ardura eskeren aurrean, euskalgintzarengana bideratzen dituztelako herritarrak.
Kontseiluak eta euskalgintzako besteedozein erakundek ere, sustapen eta zaintza lanak egin behar lituzte, herritarrak konzientiatzen saiatu, alderdi politikoei (guztiei) presio egin. Lobby lanak, hitz batean. Orain baino askoz gehiago.
Hori da bere ardura. Ez gobernu lanak egitearena.
Eskerrik asko zure iruzkinagatik. Sano kostatu zitzaigun Kontseilua sortzea, lan, neke eta oinaze latzak pasa genituen. Sortzeko horretarako sortu genuen: euskararen erabileraren gaineko plangintza egiteko. Kontseilua ez zen hauteskundeetan eratu, egia da, herri mugimenduetatik sortu zen. Baliteke arrazoi izatea eta Euskal Herriko administrazio publikoei dagokie ardura hori. Horrela eskatzen diegu ere. Sekulako lana egin genuen erakunde bat sortzeko sustapen eta zaintza lanak, herritarrak kontzientzaitzeko eta indar politikoei (guztiak) presio egiteko. Gutxi iruditzen zait. Edozein kasutan, Kontseiluari berari eskatuko nioke kotu hori argitzea.
Eskerrik asko zuri ere erantzuteagatik.
Kontseiluaren beharra ez dut auzitan jartzen, zabalagoa gustatuko litzaidakeen arren.
Edonola ere, uste dut euskararen eremuan eta beste edozeinetan ere, erakunde publikoek daukatela herritarron eskubideak bermatzeko ardura eta legitimidadea.
Eta urteotako ibilerak eman duena eman du.
Gaur gaurkoz, idelogikoki Kontseilutik gertuen dauden hedabide, alderdi eta sindikatuetan eragitea lortuko balu, lorpen handia izango litzateke.
Euskalgintzak ez dauka apenas indarrik bere egiturei eusteko, diru laguntza publikoen menpe egonik, sekula baino otzanago eta isilago dagoen honetan, iruditzen zait alderdi eta sindikatu euskaltzaleetan dagoela gakoa. Horietan irabazi behar da lehenik, nik uste.