Batzuen dirua arra, besteena emea

Batzuen dirua arra, besteena emea

Astean pare bat aldiz entzuten dugu, gutxi gorabehera, asko dutenek geroz eta gehiago daukatela; gutxien daukatenak, geroz eta gutxiago. Mundua horrelakoa izan dela beti. Lotsagabeak. Ogasuna gehienok gara. Barcenas, infanta, Gurtell… Gutun-azalak. Kaleratzeko kolektiboak.

Gure izeba Katalinak oso urte gutxi pasa zituen eskolan, egun nerabezaro deitzen diogun garairako lanean ari zen jo eta su baserrian. Kontu askoren inguruan sekulako argitasuna zeukan, baita umore puntua ere. Behin, plazan eskale baten aldamenetik igaro ostean, munduan dagoen txirotasunaren inguruan galdetu nion. Izebak honakoa erantzun zidan: “Batzuk daukagun dirua arra da, kolpe bakarrekoa, behin erabili eta amaitzen dena; baina beste batzuen dirua emea da, eta gauetan ume txikiak ematen dizkie“. Sei edo zazpi urte nituela eman zidan azalpen hura, eta ez zait sekula ahaztuko. Berdea eta emetasuna primeran ezkontzen dira, hori marihuana landatu duen edonork aski ongi daki.

Batzuen dirua arra, besteena emeaKatalinaren teoremaren arabera, 3600 milioi lagunen patriketan diru arra besterik ez dago. Aldiz, 62 pertsonei sosak emeak egokitzen zaizkie beti, eta sosa gehiago ematen dizkiote hurrengo egunean; diruaren hotsa zirkulu zikoitz amaigabean. Munduko 62 pertsona aberatsenek pilatzen duten aberastasuna 3600 milioi behartsuenen parekoa da. Ezberdintasun sozialak daudela ez ikusiarena egiten duenak ere ikusten du, baina zifra belarrondoko galanta da.

Ezin dut esan marxista naizenik, ez daukadalako hori baieztatzeko aski mailarik. Hamarkadak pasa beharko nituzke bere obra guztiak irakurri, barneratu, aztertu eta ondoren iritzia mahai gainean jartzeko. Hori bai, irakurri dudan apurrak asko eragin dit. Marxek zioen kapitalismoa auto-suntsitzailea dela (Pariseko langile auzoetako gazteak bezala, kar kar). Kapitalismoak ez dauka humanitaterik, eta kapitalistak elkarri hozka egiten dioten marrazoak dira. Ekonomia kapitalistaren martxak geroz eta jabe gutxiago eta geroz eta langile gehiago egotea dakar; ondorioz, Marxen arabera, kapitalismoak bere burua suntsituko zuen, geroz eta proletario gehiago sortzen ari baitzen. Hauek, gehiengo ikaragarria izatean, jabeak patatekin jango zituzten.

Zifrak ikusita ez dakit Marx oso zuzen zebilen bere planteamenduan, baina funtsean arrazoi osoa dauka. Gure belaunaldiak edo asko jota hurrengoak gauzak aldatzea lortzen ez badu, kapitalismoak bere burua suntsituko du, bai, baina horrekin batera mundua eramango du aurretik.

Batzuen dirua arra, besteena emea