Euskara jalgi hadi legeen mundura!
Estatuko legeak euskaraz eskura izatea ez da nahikoa boteregune erdaldun hori urratzeko, oztopo anitz oraindik geratzen dira bidean (epaileak, fiskalak eta gainontzekoak, euskararen derrigortasunik eza eta abar), baina legeak euskaraz izatea Justiziako profesionalen eskuetan erabiltzeko moduko tresna jartzea da. Ezinbesteko urratsa. Independentzia lortzen ez dugun bitartean, zilegi dugun tresna beharrezkoa.
EUSKARA JALGI HADI LEGEEN MUNDURA!
Administrazioan Euskaraz taldeak ia oharkabean igaro den albistea nabarmendu nahi du: Espainiako Presidentetzaren Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatuko duten akordio baten bidez, Espainiako Estatuan adosten diren lege mailako arauak euskaraz kaleratuko dituzte BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean.
489/1997 Erret Dekretuan dauka oinarri hitzarmen horrek. Orain dela 14 urte arautu zen BOEn horrelako legeak euskaraz agertzeko komenioak sinatzeko aukera.
Horrexegatik, lege horiek galegoz, katalanez eta katalanaren dialektoa den valentzieraz ere irakur daitezke gaur egun.
Bitartean, Euskal Herrian EAJk zuzenduriko Jaurlaritza nazionalistak izan ditugu 12 urtez. Behin ere ez diote garrantzirik eman aukera horri. Nafarroako Gobernu espainolistek bezala jokatu dute.
Azkenean, gai horri heldu dio PSE-PSOEko lehendakari batek, PPren laguntzarekin boterera iritsi zenak. Lotsagarri utzi ditu EAJk zuzendutako Jaurlaritzak.
Euskarak etorkizuna izanen badu, erronka asko ditu, baina ez da txikia Justiziako bideetan sartzearena. Izugarrizko prestigioa eta boterea emanen lioke.
Estatuko legeak euskaraz eskura izatea ez da nahikoa boteregune erdaldun hori urratzeko, oztopo anitz oraindik geratzen dira bidean (epaileak, fiskalak eta gainontzekoak, euskararen derrigortasunik eza eta abar), baina legeak euskaraz izatea Justiziako profesionalen eskuetan erabiltzeko moduko tresna jartzea da. Ezinbesteko urratsa. Independentzia lortzen ez dugun bitartean, zilegi dugun tresna beharrezkoa.
Galegoak, katalanak eta valentzierak heldu zioten aukera horri muzin egitea bekatu larria den filosofia bati dagokio: Euskara gaztelaniaren menpeko mantentzea, bigarren mailako hizkuntza jotzea.
Jakinik neurri horren eraginkortasuna faktore askoren menpe dagoela, hala ere, oraingo Eusko Jaurlaritza zoriondu nahi dugu, Jaurlaritza nazionalistek egin ez zutena egiteagatik.
Iruñean, 2011ko urriaren 11n.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.
Ordezkaria: FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ.
Espainiako eta nazioarteko legeak eta agiriak euskaraz, ‘euskal legezalea’ web gunean.