Euskara itxialdian da Euskal Telebistan ere

Euskara itxialdian da Euskal Telebistan ere –

Euskara itxialdian da Euskal Telebistan ereCOVID19 ditxosozko honek denbora luzez etxean sartuta egotera beharko gaitu. Egoera oso larria da, hori ez dago ukatzerik. Egoera larri honetan, tamalez, betikoak atera gara galtzaile, hots, euskaldunak. Artikulu honetan euskal telebistaren jardunari begiratuko diot, euskara sustatzeko eragile gisa.

Itxialdia aukera paregabea zatekeen euskara sustatzeko, eta euskal telebistan, bistan denez, kontrakoa gertatu da. Urteak daramatzate euskaldunak euskaraz elkarrizketatuko dituztela esanez, eta 2020n oraino ez da bete, ezta betetzen hasi ere. Kanpotik ikusita ETB-k gaztelera sustatzeko katea lirudike; kate erdaldunean elkarrizketa guztiak, ia denak behintzat, erdaraz dira, eta kate euskaldunean kasu askotan kopuru hori ez da erdira ere iristen.

Itxialdi honetan zehar larriak diren adibideak etengabe errepikatu dira, paragrafo honetan horietako gutxi batzuk aipatuko ditudalarik. Hasteko, askotan ikusi ditugu osasun langileak kate euskaldunean gazteleraz soilik. Hain zaila al zen euskaraz zekien inor topatzea ETB1ko saiorako? Agian euskaldunak ziren, eta hori da larriena, euskaldunak Euskal Herri mailan dugun kate bakarrean erdaraz aditu behar izatea. Bigarrenik, aste honetan bertan EAEko alderdi buruak behin baino gehiagotan entzun ditugu gazteleraz ETB1n. Argi utzi dute, beraz, euskara ez dela egungo alderdi bakar baten lehentasuna. Jarraitzeko, euskal katean elkarrizketa osoak entzun daitezke gazteleraz, baina erdal katean norbaitek euskaraz hitz egiteko hautu “erradikala” hartuz gero, gainetik esandakoa laburtzen dute. Azkenik, COVID19-ak utzi dituen hildakoen senide euskaldunak euskaraz entzun ditugu euskal katean, eta gazteleraz erdal katean. Euskaldunen saminarekin horrela jolastea onartezina dela irizten duen bakarra al naiz?

Konfinamenduak inork gutxik ikusi nahi zuen errealitate ilun eta gordina azaleratu du: euskal telebista izenez soilik da euskalduna, zeharo erdalduna da praktikan. Berriak gazteleraz prestatzen dira, eta soberakinekin egiten da euskarazko saioa. Horren ondorio nagusia da kate erdalduna erabat erdalduna izatea, eta euskal katea, kontran, geroz eta erdaldunagoa.

Audientziak hor daude, euskaldunok ETBko erdal katea kontsumitzen dugu, eta euskal katearen audientzia orokorra zerotik oso hurbil dago. Noski, dirua erdal katean dago eta emaitza begi bistakoa da. Nola da posible euskal telebistan erdal katea sustatzea eta euskal katea hiltzen uztea? Itxialdian jendeak askatasun handiagoa du eta konfinamenduan zehar euskal telebistako berrien audientzia tasak gora egin du (ikus https://www.eitb.eus/eu/telebista/osoa/7097160/koronabirusaren-informazioaren-jarraipenak-audientziaren-harrera-bikaina-eitbn/). Tamalez, egoera hori ez da aprobetxatu euskara sustatzeko, eta kate honetan ere Urkullu zein Otegi behin baino gehiagotan entzun ditugu gazteleraz.

Apirilaren 20an maiatzaren 3ra arte iraungo duen “Etxealditik Euskaraldira” ekimena martxan jarri dute, etxeko zein lagunarteko hizkuntza ohiturak aldatu asmoz. Ekitaldi bikaina, zinez, gure hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta horiek aldatzeko. Hala ere, etxean isolatuta egonik, ekimena sustatzeko lana ez da erraza izan eta arrakasta ere ez dirudi aurreko edizioaren parera gerturatuko denik. Etxean sartuta egon behar dugun honetan, ez al litzateke askoz onuragarriago eta efektiboagoa izango telebista piztu eta euskal telebistan euskaldunak euskaraz adituko bagenitu?

Hizkuntza ohiturak inkontzienteak dira gehienon kasuan, ez dugu hautu kontzienterik egiten pertsona batekin zein hizkuntza erabiliko dugun erabakitzeko orduan. Hori dela eta, inkontzientean euskarari ahalik eta presentzia handiena ematea da bide erabilgarri bat gu konturatu orduko euskara ahoan izan dezagun. Gure erreferente guztiek erdara darabilte euskal telebistan, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean nekez aldatuko dugu hizkuntza ohiturarik. ETB-ko kasua faktore bat besterik ez da, bistan da, baina horrelako aldaketak esparru publiko guztietan egingo bagenitu, guk uste baino indar gehiago emango genioke euskarari, eta hori erabileran islatuko litzateke. Pentsa, futbolean bertan euskal taldeetako entrenatzaileak euskaldunak dira, lehen aldiz historian, eta ez gara inongo etekinik ateratzen ari. Futbolak izugarrizko presentzia du albistegian, eta futbola ateratzen den bakoitzean entrenatzaileak euskaraz entzungo bagenitu, euskararen presentzia ikaragarri zabalduko litzateke.

Egoerak horrela jarraitzen duen bitartean euskararen erabilerak behera egiten jarraituko du, eta okerrena da euskal gizartea ez dela konturatu ere egingo, ETB-ri dagokionez, behintzat, gehienentzat euskal katea egun ere ez delako existitzen. Baina  horren errua argi izan behar dugu ez dela ikusleena, dirua euskal katetik kendu eta erdal katean ipintzen dutenena baizik Konkistatzailea bezalako saio bat ETB1-n egingo balitz izugarrizko audientzia izango lukeelakoan nago. Gizarteari ikusarazi behar diogu gure gobernua euskara eta identitatea kapitalaren truke saltzen ari dela, eta egungo ustezko euskal telebista “el conquis”, “el teleberri” eta “el eguraldi” bezalakoak direla.

Aski da, euskaldunok euskaraz ikus eta hitz egin dezakegun kalitatezko kate publiko duina nahi dugu. Izan gaitezen euskaltzale eta egin dezagun gure Euskal Telebista, egin dezagun euskaraz! Euskaraz eginez lortuko dugu Euskal Herri euskaldun bat, bai etxean, lagunartean eta baita telebistan ere.

Euskara itxialdian da Euskal Telebistan ere

Zer duzu buruan “Euskara itxialdian da Euskal Telebistan ere”-ri buruz

  • ETB1en erdararik ez! Inoiz ez! Ez berrietan, ez kultur programetan, ez kirolarien elkarrizketetan, ez inon. OFF ahotsa erabil dezatela, edo nahi dutena, baina %100 euskaraz izan behar du. Kirol GUZTIA laugarren kanalera, ETB4ra, eraman behar da -orain dagoen bezala, euskaraz- , azken finean betegarria da hemen ematen den guztia, eta ETB1en libre geratuko den espazio horretan euskarazko fikzioa sartu, jatorriz euskaraz egin dena, eta BAITA ERE bikoiztutako fikzioa.