Koronabirusaren oinarrizko lexikoa

Koronabirusaren oinarrizko lexikoa –

Euskaltzaindiaren eta UZEIren arteko lankidetzari esker Koronabirusaren oinarrizko lexikoa plazaratu da, besteak beste, osasun-arloko profesionalei eta euskarazko hedabideei laguntzeko.

Koronabirusaren oinarrizko lexikoaHizpide nagusia bihurtu zaigu azken asteotan COVID-19 gaixotasuna, eta pandemia horrek denon bizitzetan dagoeneko izan duen eta izango duen eragina ere ez da nolanahikoa.

Horren harira, hitz ugari ikasi behar izan ditugu gehienok, albisteetatik nahiz osasun-arduradunen esanetatik, eta ohikoenak jasotzeko saioa egin du Euskaltzaindiak UZEIrekin batera prestatu duen lexiko berrian.

Lexikoan oinarritzat hartu dira Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa, beste iturri batzuen artean. Horiekin batera, euskarazko komunikabideetan (orokor nahiz eta espezializatuetan) pandemia honi buruz hitz egiterakoan nagusi den erabilera ere kontuan hartu da. Koronabirusaren oinarrizko lexikoa, halere, gaiarekiko lehen hurbilpen-saioa baino ez da, eta, beraz, ez da prestatu exhaustiboa izateko helburuarekin.

Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izatea erabaki zuen iaz, eta bi erakundeon arteko lankidetzaren emaitza da gaur plazaratu den lexikoa.

Egin klik eskeka honetan lexikoa deskargatzeko: Koronabirusaren oinarrizko lexikoa.

.

Hamar adibide:

Arnasgailu

Arnasketa artifizialerako makina, zainketa intentsiboetan edo anestesiatzean erabiltzen dena. Arnasgailuak bolumetrikoak edo manometrikoak izan daitezke: bolumetrikoetan, arnasgailuak hornitzen duen gasaren bolumenaren bidez kontrolatzen da biriken aireztapena, eta, manometrikoetan, gasaren presioaren bidez.

Bakartu

    1. Lagunartetik urrundu.
    2. Norbait edo zerbait bakarrik jarri, berarekin daudenetatik bereizi.

COVID-19

SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako gaixotasuna.

Etxeratze-agindu

Egoera bereziren bat dela eta, ordu batzuetan, bereziki gauaz, kalean ibiltzea debekatzen duen agindua.

Immunitate

Gaixotasun infekzioso edo antigeno baten aurka gorputzak duen erresistentzia.

Konfinatu

Leku jakin batean, muga jakin batzuetatik irten gabe, bizitzera behartu.

Maskara

Ahoa eta sudurra estaltzen dituen babesgarria, arnasten duena edo haren inguruan dagoena agente patogenoetatik edo toxikoetatik babesteko erabiltzen dena.

Norbera Babesteko Ekipamendua, NBE

Langile bakoitzak bere laneko segurtasunaren eta osasunaren kontrako arriskuren batetik babesteko eraman edo eduki behar duen ekipamendua, baita helburu hori bera izan dezakeen beste edozein osagarri edo lagungarri ere.

Test, azkar; test laster

Gaixotasun baten diagnostikoa denbora-tarte laburrenean eta erraz eskura daitekeen lagin bat erabiliz egiteko erabiltzen den proba.

Zainketa intentsiboetako unitate; ZIU

Etengabeko arreta eta zainketa behar duen gaixo larriak tratatzeko ospitale-zerbitzua. Bertan artatzen dituzten pazienteak bizi-arriskuan daudenez, bizi-zeinuak eta bestelako parametroak (likidoen kontrola, esaterako) etengabe monitorizatzen dira.

Koronabirusaren oinarrizko lexikoa