Euskara ez da sekretutarako hizkuntza
Xabi Alonso: “Cristiano Ronaldo eta biok ez gara lagunak”. EFE albiste agentziako kazetariak Xabi Alonsok Bisitarian esandako hitzak jaso eta “delitua” lau haizetara zabaldu du, euskaltegietako guardia zibilek bezala. Kirol prentsako euliek badute bazka.
Xabi Alonso Xabier Euzkitzerekin, Bisitaria saioan. Saioak bazuen interesa. Bi nahi kontrajarri neuzkan nere barnean. Bata, “ea euskaraz dioen espainolez ezkutatzen duena”, eta bestea, “ea euskara kostata ulertzen dutenek saioa ikusten duten “. Bi nahiak edo usteak erdi ustel izan ziren. Alonso ez zen busti, ez kirol gaietan ezta politikoetan ere. Bisitariak inoizko audientzia onena izan zuen arren, 118.000 pertsonak egin zuten saioarekin bat uneren baten, Goenkaleren onenetatik urrun egon zen.
Audientziena ez, beste mota bateko sorpresa hartu zuen Xabier Euzkitzek:
Harrituta @xabialonso k #Bisitaria n begirune osoz esandakoetatik espainiar kirol prentsa ateratzen ari den kakaz.
— Xabier Euzkitze (@XabierEuzkitze) Azaroa 22, 2012
Kirol txumutxuak salgai preziatua dira. Hori jakinik, EFEko euskaldun batek prentsa ohar zabala egin zuen Xabi Alonsoren hitzekin. Gauzak zer diren; euskarazko literatura, zinema edo musikagintza existitzen denik ere erakusten ez duten horiek, laster asko aurkitzen dute euskarazko bazka. Guardia Zibil euskaldun-berriek egin lez, antza “euskara deliktiboa” aurkitzeko detektagailu finak dituzte.
Sentitzen dut errepikatzea, baina Guardia Zibilaren figura datorkit berriz ere burura. Euskaraz esandakoaz gezurra esateko edo bihurritzeko lizentzia izan du EFEko kazetariak. Teletipo hori jaso duten hedabideek ere ez dute esaldiak testuinguritik are gehiago ateratzeko erreparorik izan. Hau da 50 minutuko elkarrizketako pasarte polemikoan esandakoa:
“(…) Guk berarekin erlazio oso ona daukagu. Jokalari bezala guretzako oso garrantzitsua da eta egia esanda hau da laugarren urtea elkarrekin gaudela eta errespetu aprezioA profesionalki… hori nabaritzen duzu. Lagunak ez gara guztiak, baina batzuekin harreman oso ona egin dut.
-Ronaldorekin badaukazu?
Bai, ondo, ondo, Hemendik kanpo ez dut erlazio asko, baina hemen ondo eramaten gara.
-Aldageletan ez da oso diboa?
Ez, ez, ez…nahiko bromista da…ez da diboa gurekin”
Eta hauek dira titular batzuk. Marca.com Espainian trafikoa handiena duen gunearen azala izan da. Atera kontuak:
Xabi Alonsok Bisitarian egindako agerraldiaren oihartzunarekin bi gauza gutxienez gelditu dira argi:
- Espainiako berri agentziak nahi duenean ederki asko aurkitzen due kazetari euskaldun bat lanerako prest.
- Xabi Alonsok baditu politikoki zuzen (eta ondorioz, zenbaitetan hotz) izateko ageriko arrazoiak.
Badirudi prentsaren sektore horrek animalien munduan putreek duten lan berdina dutela… baina gainera haragirik ustelenak bakarrik atsegin dituzte. Nazkagarria.
Kirol prentsa eta egunkari gehienetako futbolari buruzko informazioa -Euskal Herrian Vocento taldekoa batez ere , eta hein handi batean Noticias taldekoa ere bai- ezin da kazataritzaren kriterioen arabera epaitu, gizonentzako prentsa arrosa baita.
Pantoja, Pakirrin eta enparauen deklarazio-kontradeklarazioak jarraitu ordez, Real Madrid eta Barcelonako jokalariak jarraitzen dituzte, baina oso-oso antzekoa da.
Hauei etika, zorroztasuna edota antzeko gauzak eskatzea, alferrikakoa da.
Ondorio zuzena: hemendik aurrera alderdi abertzaleek eta euskaldunek oro har, euskara hutsez eman ditzakete prentsaurrekoak eta bestelakoak. Oso argi dago, “ulertzen” ez duten horiek, interesa dutenean behar beste baliabide jartzen dutela.
Ondo esana!
Googlen begiratu eta, dirudienez Cristiano Ronaldok esan omen zuen behin, “No soy amigo de Messi”. Titularrak fabrikatzeko abildade agortezin hori.
Ulertzen dut kirolariak ez direla politikari, baina niretzat harrigarriena ez da Brunete-mediatikoaren hamaikagarreneko erasoa, baizik eta euskal jokalariek euskalerriarekin duten konpromezu eza, madrilen, espainiar selekzioan, zintzo-zintzo lan egiten dute eta euren euskaltasuna aldarrikatzearen beldur dira, ez ote dira haserretuko euren jabe espainiarrak…
Jontxo, Albertini, eta zer egiten dute bada Eroskitarrek, Petronortarrek, Getariako edo Bizkaiko txakolindarrek, Aviatarrek, eta abar ikaragarri luze bateko euskaldunek? Euskal Herrian ekoiztutako zenbat produktu etiketatzen dira euskaraz ERE, adibidez?
Ez eskatu kirolariei besteok, eta batez ere gure leader abertzale erdaltzaleek (gehienak) egiten ez dugunik. Oso ondo legoke, baina gure artekoak dira, gehienon antzekoak, alegia.