Ingurumen Heziketarako Museoak Euskararen Ordenantzaren aldaketa estreinatu du

Administrazioan Euskaraz taldeak bere poztasuna adierazi nahi du Iruñeko Udalak euskarazko hizkuntz paisaia zaintzeko lehenengo urratsa egin duelako.

Hainbat kexen ondoren, “Inguruman Heziketarako Museoa” zioten seinaleak aldatu egin ditu, euskara txukunean jartzeko: “Ingurumen Heziketarako Museoa”.

Lau seinale aldatu ditu. Momentuz bosgarren bat ahaztu du, baina suposatzen dugu horretan ere aldaketa bidean dagoela.

Bide batez, seinale berriak Euskararen Ordenantzak izandako aldaketaren arabera jarri ditu. Hau da, gaztelaniazko eta euskarazko testuak berdintasunean daude, tamaina eta kontrasteari dagokienez.

Beraz, Iruñeko Euskalgintzak euskarazko hizkuntz paisaiaren alde egindako kanpainaren lehen fruitua bihurtu da testu zuzenketa hau.

Espero dezagun hizkuntz paisaian aro berriaren hasiera izatea!

Iruñean, 2012ko azaroaren 22an.

Administrazioan Euskaraz Taldea