Euskara ez da epaitegietarako hizkuntza
Berako Udalak Berako liburuzainaren lanposturako Nafarroako Gobernuak hizkuntza perfilik ez eskatu izanagatik epaiketara jo zuen iaz. Epaiketako prozedura denak euskaraz egiteko eskaria egin zuen, eta Nafarroako Justizia Auzitegiak uko egin ondotik, erabakia errekurritu zuen Berako Udalak. Nafarroako Gobernuak ez zuen iritzirik eman, eta Nafarroako 2. administrazio epaitegiko Antonio Sanchez Ibañez epaileak ebatzi du Berako Udalaren eskariak ez duela lekurik.
Epailearen erabakiak –gaztelera hutsez idatzia- ez dio erantzun Udalaren defentsak argudiatutako gaiei, eta Botere Judizialaren Legeak dioena baino ez du biltzen. Lege horren 231. artikuluari lotu zaio epailea, eta horren arabera “gaztelania da epaitegietako hizkuntza, Espainiako estatu osoan hizkuntza ofiziala hori dela” argudiatuta. Erabakiak biltzen du “gainerako hizkuntza ofizialak erabili ahal izanen direla bi aldeetako batek espreski ez erabiltzea eskatzen ez duen bitartean”. Kasu honetan, Udalak espreski eskatu du erabiltzea, eta Nafarroako Gobernuak ez dio eskari horri inolako erantzunik eman. Epaileak interpretatu du gaztelania erabiliko dela eta euskara, hizkuntza ofiziala den neurrian, erabili ahal izanen dela, eta ondorioz, epailea ez dagoela derrigortua hau erabiltzera. Erabakia ezin da errekurritu.
Berako Udalak “epailearen jarrera txarretsi eta Justizian euskaraz aritzeko ezintasuna” salatu nahi du. “Lotsagarria deritzogu horrelako erabakiak hartzea epaile batek, eta hizkuntza eskubideen kontrako neurria” dela salatu nahi dugu. Berako Udalak gogorarazi nahi du “hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla, eta herritar orok dugula eskubidea gure hizkuntzan aritzeko, eta hori bermatzea dagokiela administrazio guztiei”. Berako Udalak nabarmendu nahi du “UEMAko udalerria garen neurrian, euskaraz bizitzeko ahalegin berezia egiten dugula, baina epailearen erabaki honek agerian uzten du euskaraz normaltasunez funtzionatzeko dauden arazoak eta oztopoak, eta batez ere, borondate falta. Espainiako administrazioari exijitzen diogu “euskal hiztunon eskubideak errespeta ditzala, eta horretarako beharrezkoak diren urratsak eman ditzala”.