Malaletxea

EAEko Autonomia Estatutuaren 6.artikuluak eta euskararen erabilera arautzeko 10/1982 Legearen 3.artikuluaren arabera, EAEko herritarroi (sikiera) euskara eraginkortasun juridiko osoarekin erabili ahal izateko eskubidea aitortu zaigu legez, Espainiarren botere organoen baimenaz ere, pentsa!
Legezko aitortza eta espainiar ugazaben baimen horien ondorioz, EAEko herritarroi inork ezingo liguke eskatu norberak hautatutako hizkuntza ofiziala ez den beste batean mintza dadin, eta eskubidea omen dugu, mintzakidea erakunde publikoa bada, herritarrok hautatutako hizkuntza horretan erantzun diezaguten. Hots, herri-aginteek euskaraz erantzun behar diete hala nahi duten herritarrei, berdin Ertzainek, Osakidetzako medikuek, edota Auzitegietako langileek.

Baina EAEn euskaraz bizitzen ahalegintzen den herritarra barrez lehertzear egongo da aurrekoak irakurrita, ondo baino hobeto baitakigu zein den Ertzaintzak, “Justizia Administrazioak”, Osakidetzak eta beste erakunde publiko batzuek (eremu pribatuaz zertarako hitz egin) euskaldunoi diguten begirune maila: oso urria gehienetan, goxo-goxo esanda.

Zenbaiten arabera itsusi ei dago eta lantu jotzailearenak egitea ei da esango ditugunak esatea, baina esango ditugu hala ere: Eusko Jaurlaritzak ez du nahikoa egiten, inondik ere, aipatutako alor horietan euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Aurrekoak ez, eta oraingoak are gutxiago, atzera pausu nabarmenak tarteko.

Egunotan, Kaikuk “Euskal Herria” esneari jarritako salaketa tristearen inguruko gorabeheren berri izan dugu, gure moralaren kalterako. Baina salaketa horrek egonezina eragin badigu, Jaurlaritzaren erantzunak haserrarazi gaitu zeharo. Eusko Jaurlaritzak, euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan ahalegin berezirik egiten ez duen berberak, “ kontsumitzaileen eskubideen defentsan ” irtetea beste erremediorik ez omen du izan, agi denez.
Honela dio publiko egindako oharrean:

“ Eusko Jaurlaritzako Ingurumen … Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Kultura Sailak, honako hau adierazi nahi dute: administrazio publikoen lana legedia betearaztea dela eta,Hizkuntza Politika, normalizazio prozesu adostu baten bitartez egin beharra dagoela. Helburu horrekin … Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua moldatu zuen eta hizkuntz isunak bertan behera utzi … ”
“ Gobernu honen nahia da, euskararen erabileraren aldeko edozein ekimen bultzatzea eta babestea, beti ere akordioaren bidetik. Nekazaritzako elikagaien ikuspuntutik, beraz, lehentasuna izango du: elikagaiek segurtasuneko eta elikadura-osasuneko baldintzak bete ditzatela eta etiketak jasotzen duen informazioa zuzena eta legera egokitua izan dadila, kontsumitzaileen interesa eta eskubideak defendatzeko ”

Gaitzerdi, kontsumitzaile euskaldunen eskubideen defentsan ere, hainbesteko ardura erakutsi izan balu Jaurlaritzak. Baina ez, ez da halakorik gertatzen. Eta erabaki bitxi horrekin, euskara hutsez etiketatzeko aukera auzitan jarri eta batera, euskaldunak baztertzen gaitu, kontsumitzaile erdaldunen zaintzan muturreko ardura ipiniz, eta euskaldunoi dagokigunez hain gutxi.
Malaletxea behar da.

Tiraka (EAEko Administrazioko langile euskaltzale taldea)

euskara, Eusko jaurlaritza, hizkuntz eskubideak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude