Euskalduntze prozesuari begiratzen
Euskalduntze prozesuari begiratzen –
“EUSKALDUNTZE PROZESUARI BEGIRADA BAT,
EZKERRETIK ETA INDEPENDENTISMOTIK”
Euskalgintzaren inguruan mugitzen direnek pozarren jaso dute Ezkerreko independentismotik eragindako hausnarketa, besteak beste, gehiago ala gutxiago, ideologikoki ere haren inguruan mugitzen direlako.
Afinitate horietan kokatua doaz lerro hauek, bada, eztabaida, balorazioak eta proposamen berriak zentratzen joateko, titulua gorabehera, aurreneko irakurketan ez baita behar bezain argi geratzen noraino izan den Euskararen PlazaHutsak prestatutako txosten hau espero zitekeen begirada soziolinguistikotik alboratua eta noraino ikuspegi politiko hutsetik zirriborratua.
Horren harira dator, izan ere, ezker independentismoko hausnarketa hau eragin duten kezka eta gabezia bertsuak mahairatzen ari zela, Sortuko kide esanguratsu batek idatzi zuena: “Badago, beraz, EUSKARAREN PARADIGMA BERRIA osatzeko nahiko hausnarketa” (Joseba Alvarez, “XXI. mendeko euskararen paradigma berria”, Argia, 2016.10.26). Gaiak erroetan daramatzan konnotazio politikoak ezin ezkuta bazitezkeen ere, diskurtso eta praktika soziolinguistikoaz ari zen garbiki, eta ez Ezker Abertzaleak bere izaerarekiko eta euskararekiko har zezakeen norabide politikoaz.
Agian horrexegatik izan da harrigarri samarra bost urte beranduago Ezkerreko Independentismoa justu kontrakoa adierazten aurkitzea. Hain zuzen ere, aurkeztutako txostenean agertzen diren termino askok azaltzen dutenez (“euskalduntze fase berri bat pentsatu eta gorpuzteko garaia iritsi da”, “aldaketa sakon baten eta jauzi baten beharra dago”, Euskalgintzaren indarberritzea eta biziberritzea, aterki ideologikoa zaharberritzea eta gaur egungo mundura egokitzea, diskurtsoak berritzea, etab.), oraindik ez dago hausnarketa-lan nahikorik Euskalgintzaren eta euskalduntzearen paradigma berria osatzeko.
Ustezko paradoxa horren aurrean, lehen inpresioa izan da ez ote zegoen proposamen berriarren sustraiei lotuago J. Alvarezen artikulu hartatik lau hilabetera Julen Zabalok eta Onintza Odriozolak euskarak ideologia eta praxi nazionalistei omen dakarkien zama arintzeko premiaz aurreikusi zutena (Jakin 219, 2017, 59-80 or.), handik ia milimetrikoki kalkatua baitirudi oraingo txostenean esaten denak:
“Berritze ideologiko hau ezkerreko independentsimoak fase politiko honetan behar duen berrikuntza ideologikoaren parte da, eta, beraz, erabat txertatuta behar du askapen egitasmoaren corpus ideologikoan. Euskarak askapen egitasmoan izan duen erdigune sinbolikoa birdefinitzea da proposatzen ari garena” (13 or.).
Bistan da kasu honetan “ofizialki kendu” formula dela “birdefinitu” aditzari gehien hurbiltzen zaion sinonimoa, egunotan Joseba Alvarez bera protagonista izan duen anekdota batek argitzen duen bezala.
Euskaltzale zintzo eta sutsu, Josebak harriduraz hartu du Ezker Abertzaleak jadanik abian jarria duen birdefinitze-praktika hori: bere idazkietatik “Euskal Herri euskalduna” aldarria ezabatzearena. Eta honela dio urtarrilaren 27ko txio batean: “Ezker Abertzaleko erakundeen testu ofizialetatik Euskal Herri EUSKALDUNAren aldarrikapena desagertu da. EH independientea, sozialista eta feminista aipatzen da. Eta EH euskalduna? Ez dakit nork, noiz eta zergatik hartu zuen erabaki hori, baina okerra eta mingarria egiten zait”.
Nonbait gure militanteak ez du kontuan hartu lehenagotik zetorren jarioa: ERNAI 2017ko apirilean aldarrikatzen zebilena (“Euskal Herri sozialista, feminista eta ekologista dugu irabazteko. Ekin diezaiogun lanari”) eta 2018an era estilizazuagoan zabaldu zuena (“Euskal Herri sozialista eta feminista” hutsa), ALTERNATIBAK ere erakusten duena (“Alternatibak feminista, sozialista, ekologista, internazionalista eta subiranistatzat du bere burua” dio bere weborrian, “euskara” behin ere aipatu gabe), ASKAPENAk munduratzen duena (“Kapitalismoa, inperialismoa, patriarkatua eta faxismoarekin akabatzea dugulako jomuga, Euskal Herri sozialista, feminista eta internazionalista bat eraikitzea dugu ipar”, dio 2020ko irailaren 28an), etab.
Gauzak horrela, ondoko honen antzeko hipotesi-multzo batera ekar litezke lehen konklusioak:
A) Ekimen honekin, eta XXI. mendeko praxi politikorako behar omen duen identitate berrirako euskarak sorrarazten dion galga desaktibatuz eta hizkuntzaren zentralitatea bere diskurtsotik ezabatuz, ezker independentismoak bere izaera-krisia konpondu eta zuritu nahi luke euskaldunon aurrean.
B) Aldi berean, orain arte zegozkion euskalduntzearen zama eta erantzukizuna ideologikoki ere doitua geratu beharko litzatekeen Euskalgintza eredu berri baten gainera trasbasatu nahi lituzke.
C) Euskalgintzaren barne- eta kanpo-artikulaziorako feminismoa bezalako mugimenduek dituzten eraketa-moldeak sustatuko lituzke.
Printzipioz, ez lieke egitasmoak Euskalgintzan diharduten bestelako diskurtsoei tokia kenduko, baina egia da latz samarra dela maniobra, eta garrantzi handiko zutabeak ukitzen dituela.
Guztiarekin ere, arretaz eta sakonki baloratzekoa da noraino norabide berri horrek ekar diezaiokeen arrisku larriagorik dagoeneko ahulduta eta nekatuta dabilen euskararen normalizazioaren aldeko mugimenduari, ez baitira gutxi, aipatu inguruetan dabiltzalako hain zuzen, barren-barrenean kezkatuta sentituko diren euskaldunak.
Horretara bideratu beharko litzateke eztabaida. Berriz ere, Herri honek Euskal izaten segitzearena du eta jokoan.
Pena da ba artikulu hau dagkionaren iruzkinik gabe iragan dadin, ezta? Ezen zer hausnartua bada, diot nik…
Nire iritziz, diskurtso hutsala da “Plaza Hutsak” ekimenak kaleratu duena. Oraingoan ere isilik egoteko aukera ederra galdu dute. Nerabe batek ere ez luke halako hausnarketa ganorabakoa egingo. Hori da hori hitzak jostea eta lerroak bete beharra ezer ez esateko. Eta, gainetik, hezkuntza mundua salbatzera etorri dira! Mesedez eta faborez. Ez dakite zer egin publikakoekin eta ikastolakoekin ondo geratzeko eta kaka egin dute, kakatzarra. Itzulinguruen bidea hautatu dute. Kontuz biribilgunean zorabiatu gabe! Ze traketsak, ze kazkarrak Esan garbi: ezker abertzale ofizialeko mandamas guztiek ikastola hautatu dute euren seme-alabentzat eta hala jarraitu nahi dute, baina PNVtik bereizteko “herri” hitz agitua sartu tartean eta konponduta. Sartuiozue ziria beste bati!
Ez nago ados zurekin kontu batean: euskalgintzak aspaldi utzi zion ezker abertzaleari begiratzeari. Agur, agur! Uste dut autonomiatik independentziarako bidean goazela euskalgintzan. Ez daukagu beldurrik gure usteak kaleratzeko. Zorionez, morrontza astun hori amaitu zen.
Plaza hutsak, a ze maila eskasa.
Artikulo korapilatsua, ulertzeko ere gorriak pasa ditut. Hamaika kontzeptu, eta hamaika irakurketa. Ezker abertzalea euskalgintzatik urrundu denik, ez du inork zalantzan jarriko. Estrategiko? Taktiko? Nahita? Nire ustez hausnarketa oker baten ondorioa.
Agurtzane, ezker abertzale ofizialeko mandamasek ikastolaren aldeko hautua egiten jarraitzen dutela uste duzu? Benetan? Puri purian dagoen barne eztabaida daukazu hori. Hain dago bero asuntua, inoiz eman den barne hausturarik handiena ekarri leikela.
Gora Euskal Herri aske eta EUSKALDUNA!!!