Euskaldunon udaberri hau

Euskaldunon udaberri hau –

Eguna ekialdetik esnatzen ohi da. Urtaroa, aldiz, mendebaldean hasi da gurean aurten, Bilbon ernaldu baitzen Loraldia, martxoa bere erdira heldu aurretik, gainera. Udaberri goiztiarra, lore eta fruitu ematen dirauena. Bizkaiko hiriburuan sendo euskal kultura martxoaren 9tik 31ra bitartean, 150 sortzaile, 14 eszenatokitan.

Euskaldunon udaberri hau

Inoizko goizen loratu ziren aurten zuri eta eder Martzana kaian gereziondoak, eta hori seinale baikortzat hartu eta erabaki nuen orduan Euskal Herri osoan zehar horren arrastoan aritzea. Mendebaldetik salto lasterrean ekira, bedatsean bazterrak berdatu ziren Barkoxen, bertan Xiberoko maskarada eman zenean Aberri Egun berean. Handik ez urruti, Gotaine-Irabarnen Xiru festibala, sasoi horretan urtero legez, eta aurtengoan osagarri esperimentalak agertuz, tartean Elkano nano pastoral estonagarria.

Ez zen pastorala izan, baina bai drama hunkigarria Gernikako herritarrek bertako bonbardaketaren urteurrenerako antzeztu zutena Foru plazan. Kandelen manifestazio jendetsua ondoren, amaierako predikua, guztia euskaraz, eta amaitzeko eguneratze interesgarria; lehen aldiz, nik dakidala, modu horretan eta solemnitate osoz, Gernikako arbola abestu genuen partaide guztiok, berau Euskal Herriaren ereserki bihurtzeko proposamenari baietza era horretan emanda, non eta Gernikan bertan.

Bilbora bueltan, apirilaren 22ak gogoetatzeko gonbidapen bikoitz mamitsua ekarri zigun: batetik, Hezkuntza eta Hizkuntza jardunean elkartu ginelako gai horien inguruan adituak direnen azalpenak partekatzera, ELA sindikatuaren eskutik. Bestetik, Berria egunkariaren orrialdeetan agertu zelako Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena, Naziogintza elkarteak mamitua.

Euskal Herrian eta euskaraz bizitzearen sentipen erabatekoa. Udaberriaren erdian, eta uda betea hortxe eskuragarri dugun froga

Lehenak, jardunaldiak, ekarpen benetan aberats eta ezagutu beharrekoak eskaini zizkigun, hezkuntza eta hizkuntza lotura hori, bai gurean bai Katalunian, gizarte eztabaidaren muinean dagoenean. Miren Zubizarreta Gizalan-ELAtik, Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz-etik, Iñaki Iurrebaso soziologoa, Jordi Martí Monllau hizkuntzalari eta filosofo katalana eta Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalaritza katedraduna, guztiak euskaraz edota katalanez aritu zirenak, gako argiak eskaintzen. Non irabazten du eta non galdu euskarak? Bidegurutzean bagaude euskararen eta katalanaren kasuetan, zein bidetatik hurbilduko gara heriotzerantz eta beste zeinetatik, aldiz, bizitza betera? Zergatik gabiltza ahul euskaldunok ezagutzan eta erabileran, baina sendo, aldiz, motibazioan eta euskaltzaletasunean?

Egun berean ezagutu zen Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamenak, Naziogintzak landuak, dakar, hain zuzen ere, bidegurutze horretatik onbidean abiatzeko gida praktiko zehaztua. Soziolinguistika zientifikoaren azterketei jarraituz, euskara hutsez biziko diren guneak bermatu, jadanik euskal hiztunak gehiengoa garen eremuetan hasita. Euskararen lurraldetasuna garatu, eskubide linguistiko kolektiboak kontuan hartuta. Ibilbide luzea izango duen proposamena eta dagoeneko aldeko iritziak jasotzen ari dena.

Apirileko azken egunean, Baigorrin, Nafarroaren Egunean. Euskal Herrian eta euskaraz bizitzearen sentipen erabatekoa. Udaberriaren erdian, eta uda betea hortxe eskuragarri dugun froga. Egun betearen emozio zirraragarrien artean, Barakaldotik bertara joandako familia osoarekin elkartu, aitita-amama bikotea, horien alaba biak eta horietako baten bi semeak, erdi itzarri erdi lo, kanpinean izandako gau ezohikoaren ondorioz.

Atzar hadi, euskalduna.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Euskaldunon udaberri hau Euskaldunon udaberri hau

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude