Euskaldunon metamorfosiak katalan egin gaitu
Burubero ospea galtzen ari gara euskal abertzaleok. Ezagutu ere ez gintuzketen egingo harriak altxatzen segiko ez bagenu. Jada ez omen dago lehengo bulkada politikorik, ezta egitasmo jendetsuetan hunkitzeko ahalmenik ere. Horien tokian beste balio zentzuzkoagok hasi zaizkigu itxuraz ernatzen. Zuhurtzia eta pazientzia dauzkagu orain norabide zein norantza. Ez hori bakarrik, berriki diruzale bihurtu ei gara, botea jarri eta ura eskatuagatik. Jira bueltarik gabe irakurri dut, katalanak oraintsu arte zirena bihurtzeko metamorfosia ari gara pairatzen.
Bitxia da nola azken aldian sinpatia uholdea datorren Ebro hegoaldetik geurera. ‘Ocho apellidos Vascos’ filma jatorra lehenbizi, eta segidan Iñigo Urkullu lehendakari arduratsua. Diguten estimu berrituaren erakuslea da, irakurtzea merezi duen El Pais egunkariaren editoriala (Elogio del ‘seny’ vasco). “Urkulluren kudeaketa nazionalismo eraikitzaile eta adeitsuaren eredu da”. Ez da hor amaitzen Alonsotegikoaren jokabide katalanari -eta vasco guztioi, bidenabar- eginiko omenaldi eta lore eskaintza. Lehendakariak “estatuaren egonkortasunari laguntzen” dio, berripaperaren arabera. Espainiako presidentegai Pedro Sanchezek ez ditu El Paisen hainbeste hitz goxo sekula jaso. Atera kontuak. Jakin nahiko nuke laudorio hauek pozez lotsagorritzen ote duten Ajuria Eneako bizilaguna, ala azkurarik igartzen ote duen ipurtaldeko erlakiztenean.
Jakina da bitartean, penintsularen bestaldean, euskal jatorriko sukar batek jota burua galdu dutela bi milioi katalanek eta, batez ere, Artur Mas gizontxoak (Quan Artur Mas perd seny). Desagertu egin da Madrilen hain maitatua zen “seny”-a (Urkulluk ostu izana ere bada hipotesi). El Pais-ek editorial berean dio, “Artur Masen kudeaketa negargarriak eta batere inteligenteak tentsio jasangaitza eragin du”. Antipodetan daude hura eta beste hau, EAJren “nazionalismo demokratikoa” eta beste nazionalismo ernegatzaile hori. Kontraste horrek egiten du jakobinoen begietara hangoa maltzur eta hemengoa aingeru (eta biak dira teorian independentistak, harrapazank). Harira: “seny”-aren eskuduntza Euskal Herrira transferitu du Kataluniak, doako elkartruke kultural moduan.
Tamalez ez da hemen amaitu euskaldunon katalanizazioa. Azken finean “seny”-arenak baditu bere alde onak ere. Esate baterako, irteerarik gabeko labirintoetako ateak ez gurutzatzea. Badago horren aldean metamorfosi mingarriagorik, gure gainean hemendik kanpo zabaldu den inpresio iraingarriagorik: patrika betea daukagulako saldu dugula erabakitze eskubidea eta aitaren etxea. Sosengatik egin diogula traizio aberriari; geureari eta katalanenari bide batez. Adi salaketa horren pisuari, diruzaleen erreinutik egotzi baitigute. Atrebentzia idazle eta kazetari handi batena izan da, Empar Molinerrena (Nacionalismes como el meu). Zera dio: “Horregatik da [arrazoi ekonomikoengatik] daudela hain isilik eta geldirik euskaldunak eta nafarrak erabakitze eskubidearen auzian. Badakite gu baldin bagoaz haien estatusa amaituko dela. Katalanik gabe norbaitek ordaindu beharko du Espainiaren ordainezinezko gezurra“.
Euskaldunon katalanizazioaz eta katalanen euskaldunizazioaz gain, bi apunte. Bata, igandeko Gure Esku Dagoren mobilizazio-historikoa ez dela urruneko belarrietara heldu. Eta bigarrena, banoala korrika farmaziara ipurtaldeko ernakizteneko zorne-isuri hau eteteko sendabelar bila. Eskainiko diot lehendakariari ere, behar izango balu.