Benetako euskaldunaren 5 ezaugarri ikaragarri

1_111- Euskaldunon bizitza zikloa soinean daramagun motxilaren araberakoa da. Haurtzarotik nerabezarora igarotzean, Kutxabank-ek oparitzen zuen polimeroz egindako motxila fosforitoa erantzi, eta Altus markako motxila kooperatibista janzten du euskaldun petoak. Nerabezarotik helduarora igarotzean, aldiz, Altus markako motxila utzi eta FjällRäven estiloko motxila jantzi ohi du. Beixa, beltza edo zuria.

2- Aldarrikapenak festa bihurtzea, betikotzeraino. Aldarrikapena bera helburu bihurtzeraino. Aldarrikapena, erresistentzia intrintsekoa, odolean darama euskaldunak. Erriberako ikastolen egonkortzea eta euskararen normalizazioa lortuko bagenu zer? Zer egingo genuke Nafarroa Oinezik gabe? Independentzia izanez gero, zer Flashmob, Lipdub eta giza katerik gabe? Ezin izan euskaldun.

3- Egunean 10 aldiz jatea. Espainiar Estatuan gudu zibilaren ostean asko indartu zen ohitura. Aiton amonek seme alabak “mejoratzeko” asmotan egindako esperimentuetatik omen dator usadio arraro hau. Gosaria edo armosaua, hamarretakoa, hamaiketakoa, hamabitakoa, bazkaria, gazta menbrilluakin, merienda, afari-merienda, afaria, ardua ta gaztaia. Oraingoz ez da lotan zaudelarik otordua izateko sistimarik asmatu.

4- Kaletik ezagutzen ez duzun jendea agurtzea buruarekin gora eginaz, bekainen keinu berezi batekin eta “ep”, “epa” edo “eup” adiezin bat esanaz. Mendizaletasunetik omen dator ohitura, kalera ere iritsi dena. Euskaldun petoek belarria dezibelio baxuko soinuak aditzeko egina dute.

5- Euskaldun peto orok, munduko edozein txokotan egonda ere, begiratu bakarrean ezagutzen du bere aberrikidea. 6. zentzu batez egin ere, zientzialari batzuren arabera. Baina beste batzuk diote aldiz, motxilari erreparatuta usaintzen dutela euskalduntasuna, ez dagoela inolako 6. zentzurik. Batek jakin!

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.

Zer duzu buruan “Benetako euskaldunaren 5 ezaugarri ikaragarri”-ri buruz

  • Frekuentziak 2015-06-22 09:55

    Kaixo! Euskaldunek frekuentzia baxuko soinuak entzun ditzaketela esan duzu, ahopeka esandako “ep” edo “eup” horiek ere entzuten dituztelako. Baina oker esana dago hori! Frekuentzia beharrean dezibelio esan beharko zenukeen!! Bolumen baxua duena dezibelio gutxiko soinua da. Frekuentziak ez dira bolumen kontua, soinuaren beste ezaugarri bat da hori. Hau da frekuentzia baxuko soinu bat (ia ez da ezer entzuten, nekez entzun dezakegu guk), eta oraindik ez da sortu frekuentzia horietako ahotsik aterako duen euskaldunik edo beste gizalaba edo gizasemerik.
    https://www.youtube.com/watch?v=KdW7JG6JxNg