Euskal Herriko dantzaririk onena, EAJ

«(…)

Txilibitua jo zuen eta mundu guztia geldi geratu zen bapatean. Bestalde, batzuk apenas mugitzen ziren, kanporatuak ez izateko ainaxe, besterik ez.

— Ea, ba, gazteak, esan zuen. Gatz piska bat.

— Gatz piska bat, gazteak —esan zuen zeremoni maisua zen Rocky Gravok, mikrofonotik. Haren ahotsak bozgorailuen bitartez sala bete zuen, itsasoko olatuen zurrumurrua suntsieraziz—. Pistaren jirabueltan itzuli koxkor bat. Ekin! — esan zion orkestari eta hau jotzen hasi zen. Lehiakideok gatz gehixeagorekin hasi ginen dantzan.

Bi minutu edo, iraun zuen horrek eta bukatu zenean, Rockyk, txaloak bukatu arte itxaron ondoren, honela esan zuen mikrofonotik:

— Erreparatu ongi  gazte hauei, jaun-andreok, 216 ordu dantzan aritu ondoren, mundu mailako txapelketarako balio izango duen maratoi honetako lehiakideak indarrean oraindik. (…)»

Euskal Herriko dantzaririk onena, EAJHorace McCoy-ren “Zaldiak akatzen ditugu ba…” (They Shoot Horses, Don´t They?), Xabier Olarrak  euskaratu eta Igela argitaletxeak argitaratu zuen liburua baliatu dugu sarrera gisara -bai ba, Sidney Pollack-ek zinemaratu eta gazteleraz  “Danzad, danzad, malditos” izenburuarekin ezagutzera eman zena-; hauteskundeen ondotiko udal eraketak dantza txapelketa bat bailiran irudikatzeko.

Bakarka, bikoteka zein taldean, zalantza izpirik gabe, EAJ dugu Euskal Herriko (edo bederen Hego EH-ko) dantzaririk abil eta osoena. Tangoa dela edo euskal dantzak direla, ez dago jeltzalea bezain soin indartsu eta lirainik gurean; Pina Bausch-en edozein koreografia dantzatzeko kapaza… bikotea edozein dela ere!

 

EH Bildurekin

“Txulalai” (edo ipurdi dantza) izan ezik, EAJ eta EH Bilduk ez dute elkarrekin dantzatzeko ohitura handiegirik; batak bestea dantzalekutik kanporatzeko ez bada. Gasteizen ordea, elkarrekin dantzatu behar izan dute Irabazi eta Hemen Gauderekin batera. Jeltzaleak hirugarren indarra baino ez izatetik… alkatetzara pasa dira!

Horrela irudikatu dugu kontua: Javier Maroto (PP) kanpoan zela probestuta -bere gusturako beltz gehiegi ziren aretoan-, Miren Larrion (EH Bildu) Gorka Urtaran (EAJ) dantzarazten saiatzen ari da, xaxari, Gora Gasteizekoak inguruan bibaka direla. Eta hasieran alfergurearekin zen Urtaran ere hasi da dantzan, bisera jantzita duela, irabazleak zain zuen sari potoloak bultzatuta. Horra, azkenean, bien arteko besarkada!

.

Ekologistekin

Gasteizko dantzaldia oihartzun mediatiko handiena izan duena bada, intimoago batek eman digu gehien atentzioa, Mutrikukoak. EH Bildu alkatetzatik kentzeko, errauskailua eta Abiadura Handiko Trena defendatzen duten jeltzaleek ez dute ba Berdeak Independenteak alderdi ekologista liluratu!

Quentin Tarantino-ren “Death Proof” gogoratzen? Kurt Russell-en tokian irudikatu ditugu Berdeak, aulkian jesarrita kieto, eta Vanessa Ferlito zirikatzailearenean jeltzaleak, sexy dance pasartean. Bideoaren erdialdetik aurrera jada ez dakigu Mexiko edo Mutriku esaten duen ere.

.

Popularrekin

Hauekin badute eskarmentua EAJ-koek, Jose Maria Aznar-ekin Madrilen txotis-a dantzatzen zutenetik. Azken udal hauteskundeetan, esaterako, Artziniegako alkatetza erdietsi du Iñigo Gómez jeltzaleak PP-ren laguntzari esker, zerrenda bozkatuena izan zen EH Bilduren gainetik.

PP-k eta EAJ-k,, elkarrekin dantzan egiteko ez dute elkarri oratu beharrik, ez dute pausoak sinkronizatu besterik behar. Filipinaseko segurtasun handiko presondegi honetako `dantzariek´ Michael Jackson-en “This is It” honetan bezala: “bake instituzionalaren izenean, edo”.

.

Komunistekin

Ezin urrutiago daudela bata bestearengandik, esango du askok, eta hitzarmen antinatura direla jeltzaleek ezkerreko taldeekin egindakoak; Irabazi, Ahal Dugu eta besterekin. Baina zenbait tokitan boterera heltzeko alderdi ugariren batuketa egin beharra izan da, aizue, eta EAJ da edozein jantzi soinean duela ere taxu irringarria hartzen ez duen alderdi bakarra, berdin da norantza lerratuak diren.

Kontua da behin baino gertatzen ez diren hitzarmenak direla hauek, udalbatzak osatzeko baino egin ez direnak, eta ez luzarorakoagoak. Oporretan egiten diren modukoak aizue; nor ez da ausartu turista legez etxean sekula egingo ez lituzkeenak egitera? Zuria izanda Zuluekin dantzatzera, esaterako.

.

Sozialistekin

Ezkertiarrak direnez eskumarekin sekula ez dutela hitzarmenik egingo behin eta berriro esaten duten arren, jeltzaleekin dantzan egiteak kitzikatzen du PSE. Umearen bataioa, lehenengo jaunartzea edo ezkontza dela, herriko festak direla… aspaldiko eskola garaietatik, bi hauek beti elkarrekin dantzatzeko prest; Astigarragan eta Soraluzen, esaterako -Andoainen, dakizuenez, oina zapaldu zion dantzakide batek besteari-.

Elkarren erabateko konfidantza eta koordinazio aparta eskatzen duenez, Tangoa dantzatzen irudikatu ditugu guk, dotore asko. Ez alferrik, eta zurrumurruen arabera, denbora zeramaten ezkutuko entseguetan, dantzaldi handira begira. Bideoko dantzarietako bat Antonio Banderas dela irudituko zaizue, baina ez, Andoni Ortuzar da, hain da mozorrotzen trebea. Eta dantzakidea ba… Idoia Mendia. Hau da hau biko bikotea!

.

Bere buruarekin

Dantzak dantza, euskaldun peto petoa izanda bere buruarekin bakarka dantzatzea da EAJ-k gehien maite duena baina, beste inorengana hurbildu eta inori oratu beharrik gabe, Bilboko Udalean eta Bizkaian egin ohi duen bezala -herrialdeko 112 udaletatik 65ean da aginduan; 41ean gehiengoz-.

Egoera hau irudikatzeko ez da Sabinorena baino ikusentzunezko hobeagorik izango -bai, Sabino deitzen diote bideoan!-. Athletic-en tiserta soinean eta txapela buruan duela, banakoa dantzatzen du gizonak.

 

… eta Nafarroan

Azkenerako utzi dugu Nafarroako dantzaldia, apartekoa baita. UPN Iruñeko udalbatzatik jaurtitzeko EH Bildurekin akordioa egin eta ordainetan Nafarroako Gobernua gidatuko du EAJ kide duen Geroa Bai-k ondorengo urteetan.

Askok urte luzez eskatu eta amestu duten aldaketa gauzatu da azkenean, eta egoera historikoa izanik, dantzak ere berezia behar zuen oso. Horregatik jo dugu Carmen Amaya flamenko bailaore handiarengana. Grina eta sugar berezia zuen dantzan, eta horrela irudikatzen ditugu aldaketaren aldeko alderdiak ere, EAJ Geroa Bai-ko parte dela, ospakizunetan. Nafarroa, ole!

ahal dugu, EAJ, eh bildu, geroa bai, hemen gaude, hitzarmenak, irabazi, PP, PSOE, udal hauteskundeak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude