Euskaldunak orain dela 600 bat urte
Euskaldunak orain dela 600 bat urte –
Aurreko sarreran heraldo portugaldar anonimoaren testuaren berri ematean, euskararekikoei erreparatu zitzaien, batik bat, baina hizkuntzaz gain oso testu interesgarria da berez. Kontu jakina da Euskal Herriaren bilakaera historikoa marrazterakoan garrantzi handia daukatela aspaldiko bidaiariek utzitako testigantzek; hala ere, Erdi Arotik heldu zaizkigun iturriak uste baino urriagoak dira: Aimery Picaud-ek XII. mendean egindako deskribapenaren eta Arnold von Harff zaldun alemanaren artean ez daukagu ia ezer. Heraldo portugaldarra bigarrenarengandik hurbilago dago kronologikoki, 1416 urtean idatzi baitzuen bere liburua, Konstantzako kontzilioan zegoelarik Portugalgo erregearen enbaxadarekin batera, baina haren testua dugu Behe Erdi Aroan euskaldun jendeari eskainitako deskribapen mardulenetako bat; izan ere, beste herri eta lurralde askorekin alderatuta, arreta berezia eman zien euskaldunei. Oso deigarriak gertatuko zitzaizkion, nonbait.
Bada, hona hemen gure heraldo portugaldarrak emandako euskal lurraleen deskribapena, latinetik euskaratuta:
Bizkaia eta Gipuzkoa
Eta mendi horietan bada lur eta konderri bat, Bizkaia deritzona, askatasun handia daukana. Izan ere, erregeak lurralde horren agintza eskuratu nahi duenean antzinako modura etorri beharra dauka, hau da, arre koloreko kapa bat eta oin bakarra jantzita, bestea oinutsik daramala. Eta erregeak zuhaitz bati hainbat kolpe jo behar dizkio lur hartan egiten den ezpata batez, zeinari “biturianus” esaten zaion. Eskuineko eskuan azkon bati eutsi behar dio eta, bizkaitarrek –eskuarki “biscains”- hartaratuta, zuhaitz horren pean zin egin behar du beraren arbasoek emandako lur horretako pribilegioak begiratuko dituela. Eta lur hartan badira hiri bikain ugari, eta itsaso-portuak; bertan itsasontzi asko egiten dituzte, baita ondoko lurraldeetara eta toki askora daramatzaten merkantziak ere. Portu bikain horietako bat Nerbioi da, beste bat Bermeo, baina badira beste asko. Eta haiek badute espainiarrek hain bestelako hizkuntza, non, aipaturiko mendietan bizi direnek eta nafarrek izan ezik, beraien inguruko biztanleek ezin dieten ulertu.
Eta konderri horren eta Nafarroako erresumaren artean bada beste lurralde bat, Gipuzkoa deritzona. Bizkaia baino handiagoa da, baina ez dauka hainbeste askatasun, salbuespen eta pribilegio. Eta guztiek berdin hizkuntza batez hitz egiten dute, eta haiek euren artean badiote lengoaje hori Jaungoikoak haiek besteengandik bereizteko ezarri zuela Babelgo dorrean eginiko hirurogeita hamabi hizkuntzen banaketaren ondoren.
Eta lur menditsu hartan gizonak ederrak dira, nahiz eta haien janzkera hain ederra ez izan; izan ere, haietako asko oin bat jantzita eta bestea oinutsik dabiltza, eta hori euren nobleziaren ikurtzat daukate. Ingurumari haietan ugariak dira altzairua eta burdina, baita egurra ere, eta itsasontzi asko egiten dituzte itsasoan nabigatzeko, zeren eta marinel bikainak baitira, azkarrak eta ausartak. Fruituak ere ugariak dira, sagarrak batik bat; haiekin lur hartan “pomada” deritzoten sagardo bat egiten dute, bertan ez baita mahatsondorik hazten gehiegizko hotza dela medio. Gipuzkoan Donostia dago, hiri eder bat, eta beste bat, Hondarribia; bata zein bestea itsasotik Baionatik hurbil daude, zeina Ingalaterraren menpe dagoen. Eta beste hiri eta portu asko daude lur haietan; ozeanoak ukitzen ez dituen eskualdeetan ere badira hiribildu ederrak, hala nola Gasteiz, Segura eta Urduña
Eta lurralde menditsu haietan, bereziki Bizkaia eta Gipuzkoan, badira zenbait leinu noble, gaztelu eta hirien jabe direnak. Eta beti ere batak bestearen aurka gerra egiten du, horrenbesteraino non herria atzetik daramaten arrastaka. Izan ere, herriaren zati bat batzuen alde dago beti, eta bestea bestetzuekin, lur hori gerrari emana baitago etengabe. Sarri, batzuek bakea ezartzen dutenean, besteak borrokan hasten dira. Hala ere, erregeak sarrazenoen edo beste batzuen aurka gerra egin behar duenean, gerra eta alderdikeriok bertan behera utz ditzaten agintzen die eta borondatez hura zerbitzatzera doaz, alderdi batekoak zein bestekoak.
(De ministerio armorum, 197-199 or.)
Nafarroako erresuma
Nafarroako erresuma Espainietako sarreran dago iparraldean, non Orreagako mendi ezin altuagoek Nafarroa bereizten duten Biarnotik eta Akitaniako dukerritik. Mendi haietatik sartu zen Karlos Frantziako erregea Espainiara joan zenean, bera eta bere hamabi kanpeoiak, sarrazenoen aurka borrokatze aldera. Eta mendi haietan ospitale eder bat fundatu zuten, Andra Mariren izenpean. Bertan adar bat gordeta dago, Erroldanek bere estualdi handietan jo zuen berbera, hain zuzen. Ospitale horretan induljentzia handiak irabazten dira, eta bertatik iragaten den pertsona orori, berdin baitio zein den haren maila, Jainkoaren maitasunagatik jaten eta edaten ematen zaio, onartu nahi baldin badu. Mendebaldean Gipuzkoa eta Bizkai herrietako mendi altuekin muga egiten du, eta mendi haietatik behera hizkera bat hedatzen da, zeinaz hitz egiten duten aipaturiko Nafarroako erresuman barrena; eta hizkera hori oso arrotza da, eta ezein beste hizkerek ezin dute ulertu, nahiz eta aipaturiko erresuma horren hiribildu nobleetan eta eskualde zelaietan beste hizkera espainiar batez hitz egiten duten, gaztelaniaren eta aragoieraren bitartekoa.
Eta erresuma hori oso ondo populatuta dago ura ugari den tokietan. Hala ere, eskualde zelaiaren parte gehiena idorra da uraren eskasiagatik; denarekin ere, bertako lurra emankorragoa da, eta abere asko hazten dira. Erresumaren erditik Ebro ibaia iragaten da, Gaztelatik datorrena ondoren Aragoira sartzeko ekialdeko partetik. Aipaturiko erresuman Iruñea dago, Espainiako hiri ederrenetako bat, Done Jakue bide nagusiaren gainean. Hiri horren atzetik, hiririk ederrena Tutera da, non biztanle asko sarrazenoak diren, baita aipaturiko erresuma horren beste toki askotan ere. Hirugarren hiria Lizarra da, toki bikaina eta gaztelu gotorra. Eta bada beste hiri bat, Aragoi aldera begira, Olite. Bertan, orain erreinatzen duen Karlos erregek gaztelu bat eraikiarazi du, Kristaudi osoan nik inoiz ikusi dudan ederrena eta atsegingarriena, ezin handiagoa. Gastu handiz eginda dago, harriz, egurrez eta margolan aberatsez hornitua, urrea eta harribitxiak xuhurtu gabe. Gaur egun ere hango lanek darraite.
Eta garai batean erresuma hori gaur baino handiagoa izan zen, Gaztela erresumako Burgoseraino hedatzen baitzen. Oso erresuma zaharra da, eta tamainaren araberako diru-sarrera handiak ematen ditu. Gaur egun erreinatzen duen errege hura Kristaudi osoko errege nobleenetariko bat da bere odolarengatik. Kortesko kondea eta erresumako alferiza ere oso nobleak dira, errege-leinukoak, bertako beste jaun eta baroi askorekin batera. Eta Nafarroako erresumak ez du itsasoa inon ukitzen.
(ibid., 265-267)
Toponimoak garaiko erdal formarekin daude jatorrizko testuan, jakina, Lepusca arkaikoa barne, baina bik aipu berezia merezi dute. Batetik, Bizkaiko portuan artean Nemur misteriotsu bat daukagu, baina kopistaren hutsegite baten aurrean gaude, seguraski, eta idazkera gotikoan m, n, u, eta r hizkiak, besteak beste, usu nahasten direla kontuan hartuta, ez da oso ausarta *Neruion gisa zuzentzea; bestetik, Olite / Erriberri izendatzeko Adlectum daukagu, sasi-etimologia latinzale bat, zalantzarik gabe.
Deskribapenak lehen eskukoa dirudi: argi dago heraldoa Oliten egondakoa zela -gauza normala haren lanbideagatik-, eta gainera euskal lurraldeak pasabide naturala ziren Iberiar Penintsulatik Europako beste lurraldeetara joateko, gaur bezalaxe. Dena den, arrazoi kronologikoak direla medio, Bizkaiko jaunek egin beharreko zeremonia bitxia seguraski ez bide zuen inoiz ikusi, eta gainera ez da kontu ziurra ea halakorik egiten zen garai hartan. Zeremonia ez da berak asmatutakoa, ostera, mendi t’erdi gerogo Poza Lizentziatuak haren berri eman baitzuen; beraz, pentsatzekoa da norbaitek jakinarazi ziola. Izan ere, bere liburuan Euskal Herriko jauntxo bat aipatzen du Konstantzako kontziliora joandako Gaztelako enbaxadoreen artean, Fernan Perez Aiarakoa, “maximus gubernator in Biscaia et Lipusco”, Peru Lopez Aiarakoa idazle eta kantzeliar arabar ezagunaren semea, hain zuzen. Usadio xelebre haren inguruabarretan sakondu nahi duenak aurreko sarreran aipatutako F. delpech eta García Portelaren liburura jo dezala: saikaera zinez interesgarria, nahiz eta nire aburuz defendatzen duten tesi nagusian kale egindakoa.
Heraldo portugaldarrak ez ezik, Gilles le Bouvier “Berry” lankideak ere euskal lurraldeak deskribatu zituen, laburrago bada ere. Aurreko sarreran Nafarroaren deskribapena irakurgai dago, baina Hegoaldeko beste euskal lurraldeak ere aipatu zituen Gaztelako erresuma deskribatzerakoan:
Frantziako erresumaren alderdi horren ondoan Gaztelako erresuma dago, Baiona hiritik lau legoara hasten dena Hondarribia esaten zaion leku batean [jatorrizkoan, Front Arabiez!!]. Hura Bizkaia eskualdearen sarrera da (…) Eta Bizkaia lur menditsua da, goian esan bezala. Itsaso-portu asko badaude, baina mendiarte horietan garia eta ia gauza gehienak oso urriak dira, eta itsasoagatik ez balitz oso herrialde txiroa izango litzateke. Izan ere, portu horietatik burdina kantitatean eramaten dute Flandes eta Frantzia aldera, baita piku, mahats, ‘delete’ eta ‘bastard’ motako ardoak eta bestelako ardoak ere, oso ugariak baitira Espainietan. Eta Bizkaiaren ondoan Asturias dago, oso eskualde txiroa eta miserablea…
(Livre de la description des pays, 124-125 or.)
Jakina, Behe Erdi Aroan zabaldu eta luzaz iraun zuen ohituraren arabera, Bizkaia izena hedatzen du beste euskal lurraldeak barne hartzeko.
Testuok ez dakarkigute bestela ere ezagutzen ez dugun konturik, baina biek XV. mendeko euskaldunen irudi arras erakargarria eskaintzen dute. Begi luzeko eta belarri zorrotzeko bi heraldo horiei ez zitzaien oharkabean pasa halako jendarte deigarri, apur arkaiko baina era berean dinamiko eta ekintzaile baten existentzia, gainera beste inon etzutekorik ez zegoen mintzaera batez harroski baliatzen zena.
Bertoco batec, Lope Garcia de Salaçar jaunac contatzen derauzquigu bertoco historiac azquenengo tomoetan. Bicaina!
https://parnaseo.uv.es/Lemir/Textos/bienandanzas/Menu.htm
Behar da gero! Halako babukeriak irakurri behar! Ez al dakizue zer den Nafarroako Artxibategi Nagusia? Atzerritarrek eman behar geronen berri? Artxibategi nazionala hor duzue.Joan eta ikertu. Eta ez babukeriak esan, eta okerragoa dena, ez sinetsi.
Artikulu bikaina!
Oso interesgarriak dira testuak. Zuk diozun bezala, Jurtzi, ez dago lehendik ezezagun zitzaigun informaziorik testuotan, baina nik behintzat ez dut ezagutzen gisa bereko (eta garai horretako) testurik, hain lerro gutxitan halako irudi panoramiko zabala eskaintzen duenik XV. mendeko Euskal Herrira gerturatzeko. Mila esker testuok hona ekartzeagatik!
Ez da egia , egia esatekotan, gezur hutsa jeltzalea baino ez da. Bizkaiak , agian, hartuko zuen Gipuzkoa eta Arara-heriaren izena, baina Bizkaiak ez du behin ere, sekula ere, Nafarroaren izena bildu, Nafarroak Bizkai ordea bai, izen arrunta baita, eta geronek geronen Bizkaia baitugu, Zangozaldean. -Arabar, bizkaitar eta giputzak nafarrak izan dira luzaz, gero traizioa egin eta nortasun berria asmatu, baina ezin, edo españolak zarete edo nafar, Ez dago tarterik, zer eukaditar, zer ote da hori?
Kaixo Nagore. Zure iruzkinek harrituta naukate. “Euskaldunak orain dela 600 bat urte” irakurrita, nik horixe aurkitu dut: duela 600 urte inguru idatzitako testu pare bat, kanpotar batzuen lumatik sortuak, Euskal Herriko orduko errealitatea laburbiltzen saiatu zirenak, eta sasoi hartako hainbat albiste jaso zituztenak (geografia apur bat, euskal herrialde desberdinetako erakunde eta eliteei buruzko zertzeladak, garaiko hirietaz zerbait, euskararen eta nafar erromantzearen inguruko albisteak, ekonomia arloko ohar batzuk…).
Zuk, berriz, Nagore, ez dakit zer irakurri duzun. Dirudienez gauza larriren bat, nafarren aurkako erasoren bat edo. Mesedez, irakurri berriro testuak.
Egileari, berriro ere, mila esker testuok aurkitzeagatik eta hona ekartzeagatik (euskaratuta eta oharrekin).
Eskerrik asko iruzkinagatik, Jurgi. Nagoreri iruzkinei dagokienez, ba post-ez nahastu ote den nago. Nik hona ekarritakoak ez du polemika antzuetan aritzeko zirrikutu handirik zabaltzen, nik uste, bi testu zaharren itzulpena baino ez baita, baina tira…