Nafarren hizkuntza(k) XV. mendean: bi testigantza ia ezezagun

Nafarren hizkuntza(k) XV. mendean: bi testigantza ia ezezagun –

Nafarren hizkuntza(k) XV. mendean: bi testigantza ia ezezagunEzaguna da antzinako bidaiariek egindako testigantzen garrantzia euskararen historiarako. Hala ere, Erdi Aroan euskararen aipu esplizituak uste litekeen baino urriagoak dira, eta, hori dela-eta, uste dut hemen aurkeztuko ditudanak nahiko garrantzitsuak direla, guztiz berriak ez badira ere. Bi testigantzok egileen lanbidea dute elkarrekin, heraldoak baitziren, garai hartako kristau-herriko erresuma, herri eta jaurerrien berri eduki behar zutenak, hain zuzen; nolabait esateko, diplomaziaren arloko iturriak ditugu. Bata heraldoak trebatzeko eskuliburu moduko bat da, XV. mendearen hasieran heraldo portugalar anonimo batek idatzia, De ministerio armorum izenburupean iritsi zaiguna, eta alde handiz interesgarriena; bestea Gilles le Bouvier “Berry” heraldo frantsesaren Le livre de la description des pays dugu, 1450. urte aldera ondua. Biak ala biak hizkuntzaren kanpo historiari dagozkio, baina hala eta guztiz ere ez zaie interesik falta, euskararen existentzia hutsaren berri emateaz gain —eta hori, berriro diot, XVI. mendea baino lehenago uste baino urriagoa da—Nafarroaren euskaltasuna azpimarratzen baitute. Bestalde, heraldo portugaldarrak euskarari buruz garaiko euskaldunek zer-nolako usteak zeuzkaten kontatzen digu eta, gainera, erromantze nafar-aragoieraren berri ere ematen digu.

Nori berea, heraldo portugaldarraren berri eduki nuen lehendabizikoz Marco V. Garcia Quintela eta François Delpech-en saiakeraren bitartez (El Árbol de Guernica. Memoria indoeuropea de los ritos vascos de soberanía; Madril, Abada, 2013); ikerketa interesgarria eta erudizioz betea, inondik inora, nahiz eta nire ustez tesi nagusian huts egiten duen -bestalde, aski harrigarria da egileek Nafarroaren euskaltasunari buruzko pasarteak isilpean utzi izana. Hala ere, testuaren jatorrizko testura jo nuen: Augusto Aires do Nascimento ikerlari portugaldarrak apailaturiko edizio kritikoa, itzulpenarekin batera (Livro de Arautos = De ministerio armorum: Estudio codicológico, histórico, literário, linguístico, Lisboa, 1977).  Testu frantsesari dagokionez, aldiz, E.-T. Hamy-k egindako edizioa izan da iturburua (Paris, Ernest Leroux Éditeur, 1908)

De ministerio armorum

Heraldo portugaldarraren De ministerio armorum liburua Manchesterko Unibertsitateko John Rylands Liburutegiko XV. mendeko eskuizkribu bakar batean gorde da (ms. lat. 28). Aires Augusto Nascimiento editorearen arabera, testuak hutsune batzuk ditu, baita osaketa berantiar batzuk ere, hala nola Polonia eta beste zenbait tokiri buruzko pasarteak, haiek gaztelaniaz idatzita daudelarik. Egileari dagokionez, nahiz eta haren izena ilunpetan geratu, portugaldarra zen, eta itxuraz Lamego hirikoa (20-21); idazteko unean, adinean sartuta zegoen, eta bizitza oso baten jardunaren eskarmentua eskaini nahi zien heraldo gazteei. Izan ere, lana iritsi zaigun moduan, bi zati oso ezberdinez osaturik dago: sarrera moduko bat, non azaltzen dituen bere lanbidearen jatorria, beharrizanak eta bestelako inguruabarrak, eta ondoren Europako —izen hori darabil jadanik— nazio eta erresumen deskribapen zabala, beti ere heraldo batentzat interesekoak izan zitezkeen kontuei erreparatuta. Nolabait esateko, haren begirada politikoa eta instituzionala da, geografikoa baino; Sizilia, adibidez, Aragoiko koroaren beste erresumen deskripzioan sartuta dago. Kontuan izanik 1416. urtean idazten ari zela, esan daiteke XIV. mendearen azken herenean eta XV. mendearen lehenengo urteetan pilatutako eskarmentua eskaintzen duela. Hamarkada horiek berebiziko garrantzia izan zuten Portugalentzat, gaztelarren porrotaren ondoren Aljubarrotako guduan 1385. urtean orduan bermatu baitzen Avis dinastia berria, eta erresumaren independentzia eta izaera berezia Gaztela eta Leongo koroaren aurrean.

Bestalde, gaztelaniazko geroagoko interpolazioak izan ezik, testua latinez idatzita dago. Oro har garai hartan “nazioarteko” komunikazio tresna bikaina zen diplomaziaren latinaren adibide ederra dugu heraldoaren latina. Garaiko ideia geografiko eta politikoei jarraiki, heraldo anonimoak Hispania kristau-herriaren “hirugarren nazio”tzat jotzen du (193); hori ez zen oztopoa, hala ere, erresuma bakoitzaren izaera eta independentzia azpimarratzeko.

Heraldo portugaldarrak euskara bi pasarte ezberdinetan aipatzen du, bata Bizkaia-Gipuzkoa deskribatzean (Araba ez du aipatzen), eta bestea Nafarroari dagokion atalean. Hala dio lehenak:

Et habent linguam [sc. viscaini] nimis diuersa ab hispanis ita ut non intelligantur a suis vicinis nisi commorantibus in dictis montibus et ab nauarrensibus. Et inter istum comitatum et Nauarram est una regio que vocatur Lepuscha et est maior quam ille comitatus (…). Et omnes pariter locuntur unum idioma et ipsi dicunt inter se quod Deus hoc linguagium instituit ad suum secretum post diuisionem septuaginta et duarum linguarum factarum in turri Babel. (Nascimiento 197).

Badute [bizkaitarrek] espainiarrek hain bestelako hizkuntza, non, aipaturiko mendietan bizi direnek eta nafarrek izan ezik, beraien inguruko biztanleek ezin dieten ulertu. Eta konderri honen [hots, Bizkaia] eta Nafarroaren artean bada eskualde bat, Gipuzkoa deritzona, eta konderri hori baino zertxobait handixeagoa da (…). Eta guztiek berdin hizkuntza batez hitz egiten dute, eta haiek euren artean badiote lengoaje hori Jaungoikoak haiek besteengandik bereizteko ezarri zuela Babelgo dorrean eginiko hirurogeita hamabi hizkuntzen banaketaren ondoren.

Ikusi dugunez, euskara eta Nafarroaren arteko lotura hemen ageri bada ere, berriro ere azalduko da Nafarroa deskribatzean:

Et de parte occidentali confinit cum altis montibus terre de Puscho et Bisquayo, de quibus montibus proceditur unum colloquium quod loquitur per dictum regnum Nauarre; el illud colloquium est ualde extraneum et nulla alia colloquia possunt illud intelligere, non obstante quod bone ville dicte regni et in plana patria loquuntur unum aliud colloquium yspanicum inter castellanum et arragonem (ibid. 265-67).

Mendebaldean Gipuzkoa eta Bizkai herrietako mendi altuekin muga egiten du, eta mendi haietatik behera hizkera bat hedatzen da, zeinaz hitz egiten duten aipaturiko Nafarroako erresuman barrena; eta hizkera hori oso arrotza da, eta ezein beste hizkerek ezin dute ulertu, nahiz eta aipaturiko erresuma horren hiribildu nobleetan eta eskualde zelaietan beste hizkera espainiar batez hitz egiten duten, gaztelaniaren eta aragoieraren bitartekoa.

Aipatu beharra daukagu lehen pasartea itzultzerakoan zalantza batzuk izan ditudala, latinaren morfologiaren azpian erromantzearen joskera kukutua dagoelako, eta horrek lausotasun nabarmena ematen dio testuari. Esaterako, «omnes pariter locuntur unum idioma» hura nola interpretatu. Nascimientok «[t]odos falan por igual o mesmo idioma» bihurtzen du (196), baina unus/a/um izenlagunaren balio zehaztugabearen adibideak ez dira falta liburuan, eta pasarte berean badugu ale bat: «una regio que vocatur Lepuscha» ez da “Gipuzkoa deritzon eskualde bera”, baizik eta “Gipuzkoa deritzon eskualde bat” (hau da, joskera klasikoago batez, quaedam regio). Beraz, uste dut unum idioma horrek latin klasikoaren quidam idioma baten balio bera duela: ez “hizkuntza bera” baizik eta “halako hizkuntza bat”. «Omnes pariter» horrek ere zer pentsatua ematen du: nortzuk aipatu zituen heraldoak “guztiek berdin…” horrekin? Bertako biztanle guztiak, pobre nahiz aberats, bilau nahiz kapare? Ala, besterik gabe, bizkaitarrak nahiz gipuzkoarrak (eta nafarrak)? Zoritxarrez, idatzita dagoen moduan pasartea lanbrotsu samarra da.

Horrez gain, «ipsi dicunt inter se quod Deus hoc linguagium instituit ad suum secretum» esaldia ere itxura batean dirudien baino ilunagoa da; «para seu segredo» ematen du Nascimientok (ibid.), horrek zer esan nahi duen oso argi ez badago ere: hizkuntza sekretu gisa, besteek ez ulertzeko modukoa? Halako interpretazio bat tentagarria da, baina uste dut hemen Nascimientok ohiko sasi-lagun batekin topo egin zuela: secretum “toki urruna” ere bada latinez, eta secretus/a/um izenlagunaren adiera nagusia “bereizia, urruna, berezia, bestelakoa” dugu Beraz, hizkuntza sekretua gabe, uste dut heraldoak esan nahi zuena hauxe dela, Jaungoikoak euskara hizkuntza berezi eta bereizia egin zuela, hango mendietako bizilagunen bereizgarri gisa, besteengandik bereizteko-edo.

Toponimiaz gain, bi hitz baino ez digu ematen. Antzinako Euskal Herriko ardo-urritasun eta sagardo-ugaritasun txit topikoa ez du isilpean uzten: «Eciam fructificat in frutibus habunde, precipue in pomis ex quibus fit scicera que in dicta prouincia [Gipuzkoa] uocatur pomada ad bibendum». Pomada hori, jakina, sagardoaren erdal terminoa dugu.

Bestalde, Bizkaiko Jaunen zinaren zeremonia deskribatzean, biturianus zeritzon ezpata edo aizto bat (gladius) aipatzen du (195). Garcia Quintela eta Delpech-ek luze komentatzen dute hitzaren etimologia, eta, liburuan defendatzen duten tesiaren arabera, etimologia zeltiko baten alde egiten dute, Biturix edo Bituriges tankerako izenekin erkaturik, hain zuzen (2013: 273-277). Oso hipotesi kitzikagarria da, irudimen handikoa, inondik inora, baina Ockham-en labana gutxien kamusten duena zera da, Gasteizen erdal izenarekin lotuta dagoela pentsatzea. Gainera, aizto edo ezpata batez ari garenez, ezin isilpean pasa machete vitoriano famatua, hura ere zin batean erabiltzen zelako, baita espresuki aipatu ere: «juro por Dios Nuestro Señor (…) y sobre el machete vitoriano» esan behar zuen, besteak beste, Gasteizko alkate berriak 1602ko agiri baten arabera. Ikuskizun dago ea Aizto Gasteiztarraren aipurik egiten zenetz Bizkaian ere, baina baliteke heraldoak bi zin-zeremonien berri eduki eta nahastu izana.

Ikusi dugunez, heraldo portugaldarrak Nafarroako erromantzea ere aipatzen du. Belarri fina bide zeukan, zeren eta hizkera horren nortasuna azpimarratzen baitu aragoiera eta gaztelaniaren aurrean: biekin bazeukan antzekotasunik, baina bata edo bestea izan gabe. Nafarroako bertako iturriei esker bagenekien berezko hizkuntzatzat jotzen zutela Behe Erdi Aroko nafarrek erromantze hura (“lengoage de Navarra” deitzen diote 1329ko Gorteen aktek, eta “idiomate terre Navarre” Karlos III.aren koroatzearen agiriak, besteak beste), baina oker ez banago hauxe dugu Nafarroatik kanpoko aipu bakarretako bat, bakarra ez bada, behintzat. Zoritxarrez egileak ez diosku zein zen euskara eta erromantzearen arteko muga, ezpada aurrekoa mendietatik behera hedatzen zela eta bigarrena, aldiz, erresumako eskualde zelaietan mintzatzen zela, baita “hiribildu nobleetan” ere. Azken esamolde hori erromantzetik hartua dago (“buenas villas”), eta oso esanahi zehatza zeukan: Gorteetako 3. estamenturako ordezkariak bidaltzeko eskubidea zeukatenak, hain zuzen. Erize Etxegarai ikerlariak azpimarratu duenez, hiribildu horien artetik gehienak euskararen eta erromantzearen arteko mugatik hegoaldera zeuden.  Alta, hiri horietako batek, Tuterak, bazeukan ezaugarri berezi bat gure heraldoaren arabera: musulmanak. Izan ere, Erriberako hiriburuan “sunt multi populi sarracenorum”.

Le livre de la description des pays

Armorial de Gilles Le Bouvier - BNF Fr.4985 f13v - Frontispice (cropped).jpgBigarren liburuxka ezpal bereko testua dugu, erresuma eta jaurerrien deskribapen laburra, baina haren egilea ezaguna da: Gilles le Bouvier kronikagile, heraldo eta errege-arma frantsesa; testuaren editorearen arabera, 1383. urte aldera jaio zen, haren azken berriak 1455ekoak direlarik (9-10). Heraldo eta arma-erregeen ohiturei  jarraiki, sorterritik hartu zuen bere ezizen profesionala: Berry. Le liure de la description des pays —izenburua iritsi zaigun eskuizkribuarena da— 1451. urtearen ondoren idatzi zuen, ordurako Baiona Frantziako Karlos VII.aren esku zegoelako.

Gaztela deskribatzen hastean Berry-k ‘païs de Biscaie’ delakoa aipatzen du —beste euskal lurraldeak Bizkaiaren barne harturik, jakina, garaian zabaldutako ohituraren arabera—, baina euskararen aipua Nafarroaren deskribapenean aurkituko dugu:

Du costé de ce royaulme d’Arragon est le royaulme de Navarre, qui est petit royaulme. Les conditions des Navarrois sont teles, car ilz sont legiers gens, et tourjours bons anglois, ja soit que ilz ne les congnoissent, et contient icelluy royaulme quatre journés de long, et autant de large, et est enclos d’Arragon du costé de devers midy, et d’Espaigne et de Biscaie de devers le couchant, et du royaulme de France, du costé de devers la Guienne, devers le levant. Ce royaulme de Navarre est païs bossu, et fertil de blez et de vins. La maistresse ville de ce païs est Pampelune. Les gens de ce royaume ont langaige à par eulx, qui s’appelle basque (131-132).

Aragoiko erresuma honen albo batean Nafarroako erresuma dago, zein erresuma tipia baita. Nafarren aiurriak halakoak dira: jende arina, beti ere ingelesen aldekoak -bistan dago ez dituztela gertutik ezagutzen! Erresuma hau lau bidaia-egun luze da, eta beste horrenbeste zabal, Aragoik zedarritzen du hegoaldetik, Espainiak eta Bizkaiak mendebaldetik eta Frantziako erresumak ekialdetik, Akitaniako parteetan. Nafarroako erresuma hau herrialde basotsua da, gari eta ardotan joria. Lur honetako hiri nagusia Iruñea da. Erresuma honetako biztanleek beren beregiko hizkuntza daukate, ‘basque’ deritzona.

Ikusten denez, kokapen geografikoaz gain, Berry-k azpimarratzen dituen bi ezaugarri nagusiak nafarren anglofilia -idazten zuenean Baiona hartu berria zioten frantsesek ingelesei- eta euskara dira. Langaige à par eulx esamoldeari dagokionez, “beren beregiko” bezala ulertu beharra dago, “eurena baino ez dena”. Batek daki zer pentsatuko zuten païs de Biscaie-ko biztanleek liburua irakurtzera, baina, dena dela, Nafarroaren euskaltasunaren aldarri baliotsua da Berry-ren deskribapen laburra.

Bestalde, bi testuek bestelako datu interesgarri asko ematen dizkigute XV. mendeko euskaldunei buruz, baina testu hau gehiegi ez luzatzeko beste baterako utziko ditut.

Nafarren hizkuntza(k) XV. mendean: bi testigantza ia ezezagun

Nafarren hizkuntza(k) XV. mendean

Jurtzi Etxague

Anatopiko bokazionala. Oro har ia inori interesatzen ez zaizkion kontuez arduratzen naiz.

3 pentsamendu “Nafarren hizkuntza(k) XV. mendean: bi testigantza ia ezezagun”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-11-27 21:01

    Eskerrik asko

  • Oso ona, Jurtzi.

  • Josu Lavin

    Euscararençaco menderic importanteena XVI. mendea içan da. 1571. urthean Joannes Leiçarragac, eta bere collaboratzaile hauec: Sanz de Tartas, Pierre Landetcheverry, Tardets eta Joannes Etcheverry, Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria eta berce obra ttipiac arguitaratu çuten naffarrera (=lehen euscara batua) fincatuz. Borçac ciren Naffarroa independenteco hiritarrac, hau da, ez frances, ez espainol.
    2021.an 450 urthe betheco du haien obrac.
    Gogoan ditugu bethi eta ez ditugu nehoiz utzico ahanzterat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude