Euskaldun eta erromatarrak!

Euskaldun eta erromatarrak! –

Bai hala amaitu da gaurko “Una historia de Vasconia” ETB2n (2021-12-19), aurkezleak esan baitigu erromatar herritartasuna lortu zuten nafar eta gipuzkoar (baskoi eta barduliar) gerrariak egon zirela II. mendetik aurrera guduan arituak Britaniako probintzia erromatarrean, egungo eskoziarren arbaso izan ziren pikto herrien aurka, erromatar armada inperialarekin batean. 

Jaiegunetan, baldin eta goiz samar jaiki eta telebista ikusten gosaltzeko zaleak bazarete, ETB1 jarri, eta marrazki bizidunak dituzue ikusgai edo bestela, edozein kate espainiar nahieran, edo eta “Una historia de Vasconia” programa ETB2n.

ETB1etik ETB2ra igarota, gaurkoan, programaren gai nagusia zen azaltzea nola baskoi gerrariek (nafarrak) eta barduliarrek (gipuzkoarrak) armen bidezko laguntza eman zioten inperio erromatarrararen armadari, Europako kontinentean ez ezik, Britania Handiko erdialdean eraikitako “Hadrianoren harresia” zeritzanean. Gerra-zerbitzu horren ordainetan, erromatar herritartasuna lortzen zuten, eta beren jaioterrira itzultzean, indianoak XIX. eta XX. mendean nola, jarraitzen zuten erromatar herritartasuna hedatzen, bai eta halaber, baskoi edo barduliar, hots, nafar edo gipuzkoar euskaldun izaten. 

Euskaldun eta erromatarrak!Erromatarrek, lehenik, egungo Gales eta Ingalaterra konkistatu zituzten, eta K.o. II. mendetik aurrera, kontra egiten zieten “pikto” herrien -zeltak heldu aurreko biztanleak; irlandar jatorriko “eskotoak” ere bai- erasoetatik babesteko “Hadrianoren harresia” zeritzana eraiki zuten, Txinako harresia izatera heldu gabe, aski sendoa; eta, Leicesterren dauden harrizko estelen idazkunen artean, gerra haietan hildako barduliar gerrariei eskainiak ere badaude. 

Zergatik ez ziren, bada, gipuzkoar euskaldunak beste hainbat leinutakoekin batean gerran ariko erromatar inperioa hedatze aldera, erromatartu nahi ez zuten pikto eta eskotoen aurka, hots, orduko eskoziarren aurka? Erromatar armadan zerbitzatuko zuten euskaldun gerrari batzuek orduko eskoziarren aurka, eta gerratik erretiratzean eta Baskoniara itzultzean, erromatar herritartasuna izateak ematen zituen abantaila politiko eta ekonomikoen jabe, euskaldunen erromatartze agente garrantzizkoak izango ziren. 

Orduko gerrak interpretatzeko, hots, gertakari historikoen ondorioak gaur egunera ekartzeko orduan, egun dugun ideologia izan ohi dugu baldintzatzaile nagusi, eta programa aurkezleak espainieraz dioskunean ezen erromatar izan zirela euskaldun izateari utzi gabe, oso ohartuki edo erdi oharkabean, ulertzen dugu gaur egun espainiar izan zaitezkeela edo frantses eta Euskal Herriaren espainiartze edo frantsesteko agente, euskaldun izateari utzi gabe, hau da, identitateen artean ez dagoela talkarik, ez eta 78ko Konstituzioaren edukiarekin ere esango genuke, pixka bat hedatuz. Irakurlea ez dakit ados egongo den horrekin? Neu ez.

Zergatik ematen zaigu gure historiaren gainean, historialari bakar baten interpretazioa, nondik eta ETB2tik?, zergatik ez hiruzpalau historialarirena, eta lehenik, euskaraz? Ez dugu ba, ez dugunez, hedabide espainiarrik aukeran, espainolen kanpo eta barne kolonizazioren ikuspegi interesatua lau haizetara hedatzeko! 

Badago ikuspegi zabaldu bat iritzi publikoan: historia historia da, egitate historikoak egitate historiko dira, gustatu ala ez, eta ideologiak eta ikuspegi politikoak kanpo utzi behar dira, egungo ikuspegia iraganera ez proiektatzeko. Nire ustez ikuspegi okerra da hori: nago gerrak eta egitate historikoak ulertzeko eta interpretatzeko egun dugun ikuspegi ideologiko orokorra erabakigarri gertatzen dela. 

Gure historiaren interpretazioetatik ETBren programaziora etorriz, oraintsu arte, duela hamar-hamabost-hogei urte grabatutako “Chiloé” eta “Euskal Herritik” programekin egiten nuen topo jaiegun goizetan, ETB1en; orain, aldiz, marrazki bizidunekin, eta Baskoniaren historiaren interpretazio batekin, beste katean; hori mandotik astora egitea ez bada, esango didazue zer den! Programa berriak espero nituen, baina esperantzak ustel.

Urteetan aurrera goazela, umetzen goazela diote, eta ez da gezurra: beharbada, horregatixe programazio hau; euskarazkoan umeentzako programazioa eta erdarazkoan gure historiaren ikuspegi erromatar-espainiarra! Umeak goiz altxarazten baditugu, ETB1en audientziak gora egingo du jaiegun goizeko ordu-tarte horretan, eta ume zaharrok, ezinbestean, ETB2ra joko dugu; adi eta erne, gure historiaren sasi-interpretaziorik saka ez diezaguten; eta biharko egunean, badakizue, Euskal Herri aske eta euskalduna, horretan ETBk bere alea ezarririk!

Euskaldun eta erromatarrak! Euskaldun eta erromatarrak!

Saiakera-idazlea

4 pentsamendu “Euskaldun eta erromatarrak!”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-22 09:19

    Ez nuen espero gehiago idazterik “Una historia…” horri buruz. Uste nian matraka hori bukatua zela aspaldi…. baina EZ, Pako Sodupek dioenez, ze nik Ez baitut telebistarik.

    Eta Uste nuen ETBk (noski PUBLIKOA, noski hiritar guztiok ordainduak), damuren bat agertuko zuela “Historia” faltsu horri buruz….baina KIÁ.

    JArraitzen duela gure ETB PUBLIKOAK megafonoa eskeintzen mando-nazionalismo hispano anti-euskaldunari, Martin Almagro-Gorbeari eta bere mertzenario den Santanori.

    Eta ez pentsa edozein direnik… programa horrek aurrekontu miliardoa dauka (hortik hain kalitate handikoa izatea teknikoki), kalitate bikainekoa bezain GEZUR MALTZURRARREN EZTENA duena: anti-euskalduna eta orain, antza Ume-garuneen KOLONIZATZAILEA.

    Eta, jakina, BERTSIO BAKARRA onartzen duena (orain modan dagoenez).
    Nahiz eta gure aldetik askotan eskatu ETBko Zuzendaritzari gure bertsioa ematea!.

    Tira, ez dago berbarik ETBko zuzendaritza kalifikatzeko.
    Bedi betiko berba bat: ETB PUBLIKOA GEURE KOLONIZATZAILE, ERROMATAR-GERMANIKO GUZTIEKIN BATERA!!!

  • Erdal irrati-telebista espainiartze berantiarra sustatzen. Jo eta ke, dena Albacetetartu arte!

  • “Una historieta de Vasconia” saio espaniazale lotsagabea da. Euskarari edo sorginei eskainitako atalak lotsagarriak dira, adibidez.
    Baina ulergarria da Erdal irrati TeleBistak saio hau behin eta berriz eskaintzeko tema eta grina.
    EiTB, EAJ-PSOEren telebista “publikoa” da.
    EAJ Confebasken agindutara dago, eta Confebask ez dago “euskalkeriatan” dirua xahutzeko.
    PSOE Confebask eta Espainia (h)unaren zerbitzura dagoela esan beharrik ez dago.
    Batzuek eta besteek Espainia uniforme batean ahalik eta erosoen nahi dute egon, hortaz, “euskal irrati-telebista” gero eta españolagoak eskaintzen dizkigute doktrinatze ariketa gisa.
    Bidenabar, aitortu beharko da gai honetan ere oposiziorik ez daukatela, EHBildu pagoari begira…

  • josu naberan 2021-12-22 12:02

    Bai, lotsagarria da ikustea Santanak nola desmitogizatzen dituen gure “mitoak”, EUSKAL MATRISMOA…, BAH… eta nola erretiratzen den garaile baten irribarretxo mesprexugarriaz.

    gIZAJOAK ASKATU DITUT BEREN SINESKERIETATIK

    Eskerrak Zuri Jauna.

    Jaun ETB Kolonizatzaile Horri!!!!
    HIguingarria benetan.

    Eta higuingarria “Jakitunek eta Ezkertiarrek nola paso egiten duten horretaz guztiaz.

    Euskaldunok… edo masokak gaituk ala zeharo burua jan digutek.

    Kataluinan ez zen halakorik gertatuko…
    ezta Frantzia “Le France”n ere.

    Eta askoz gutxiago Espainian, noski potroski.

    Norbere endaren ernegatu izatea!!!