Olentzero, errege maJoak, … datozen honetan

Olentzero, errege maJoak, … datozen honetan –

Hilabete batzuk daramazkit kontu berberarekin bueltaka. Ez dakit zer gertatzen den baina iruditzen zait gero eta anitzagoa dela gure jendartea, ez? Eskoletan behintzat ikusten denagatik, diot. Gaur, lanetik etxera itzultzen nintzelarik nire solidario-nostalgiko-epiko-etiko neura agertu da eta entzun behar izan dut. Ilusioz bizi omen gara.

Olentzero, errege maJoak, … datozen honetan
Aresoko Olentzero 1992an

Egia esan azken garaian neguko oporrek berriz ere sorrarazi didate ilusio apur bat, azkar desegiten zaidana, hori bai. Izan ere, kulturak zein tradizio edo ohiturek gure jendartean pisu asko badute ere, zer esan opor hauetan, ospatzen dugunarekin ez ote garen beste leku batera begiratzen ari galdetzen diot nire buruari. Hortxe hiru adibide:

  • Lehenengoa. Gaur, arrunta ez den baina gero eta arruntagoa den txano horietako batekin joan naiz eskolara. Madrildarrek janzten duten horietakoa, “Espainia sakon” horretako herri txiki batekoa, frantsesek eramaten duten horietakoa edo irlandarrek eramaten duten horietakoa, irakasleen arabera. Olentzerorena, ikasleen esanetan. Arreta deitu dit.
  • Bigarrena. Ikastetxean hizkuntzaren erabileraren inguruko azterketa egiten ari garen honetan, gure familien %70ak inguru arabiera, portugesa edo urdua hitz egiten dutela etxean ondorioztatu dugu, lehen hizkuntza gisa. Aldiz, %3 inguru da euskara ama hizkuntza duten ikasleak eta %15 inguru gaztelania ama hizkuntza dutenak. Eta honek ere arreta deitu dit, noski.
  • Hirugarrena. Olentzero eta Errege maJoei opariak eskatzeko gutunak banatzen nituen bitartean eta haien aurpegiak ikusten nituelarik pentsatu egin dut ea benetan gure ikasleek hori ze demontre zen jakingo zuten. Eta, aldi berean pentsatu dut, behintzat idazketa lantzeko ariketa bat izan zitekeela.

Eta solidario-nostalgiko-epiko-etiko jarri naizen honetan, hausnarketarako tartea izan dudanez, nire buruari galdetu diot ea ez ote garen ohitura eta tradizioekin konfunditzen ari; ez ote garen fokoa beste puntu batetan jartzen ari eta ez ote garen benetan ilusioa sortzen digun horretatik gutxi batzuk bizitzen ari.

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotzen diren pertsonen herena baino gehiago kanpo jatorriko familien seme-alabak dira, EUSTATen arabera. Akaso, bizi garen mikro-burbuilaren barnean orain arteko tradizioek garrantzia izango dute baina, iruditzen zait, burbuila osorako baliagarriak ez direla edo, bederen, ongi azaldu eta konpartitu behar direla. Agian, biharko jendartea osatuko duten horienganako ohituren birmoldaketan pentsatzen hasi beharko gara.

Olentzero eta errege maJoak datozen honetan, agian.

Olentzero, errege maJoak, … datozen honetan

Irakaslea. Lizarra

6 pentsamendu “Olentzero, errege maJoak, … datozen honetan”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-21 09:01

    iepa Mikel

    Eta hori dena Lizarran, Euskal Herriaren bihotzean.

    Epe labur-laburrean, azken hamarkada honetan-edo, ETIKA desagertu egin da beste munduren batera.

    Jada ETIKA/ESTETIKA/POETIKA eta ZORU ETIKOA presoei eta halako jende marjinatu edo pobreei bakarrik eskatzen eta EXIJITZEN zaiei, ezen ez jende dotore ondratu/ortodoxoari (hots lapur handi profesionalei).
    Hauei ez zaie aplikatzen zoru etikorik. Antza lapur eta gangar profesional izateagatik ETIKOAK direla uste ohi delako.

  • Gure herri honek hartu duen bidea ikusirik, hobe dekogu etika-nostalgia-morala-balore kontzeptuetatik alde egitea, eta biziraupeneko epikara jotzea, osterantzean herri moduan desagertuko gara. Herri harrotasuna landu beharra daukagu, ahalik eta azkarren!

  • Eutsi goiari! 2021-12-21 23:34

    Erabat ados! kulturalki erabat kolonizatuak gaude, inoiz baino aita Noel gehiago ikusten dut etxeetatik zintzilik.

  • Alpargatero 2021-12-23 10:57

    Eguberri on! (ui!, barkatu, neguko opor on esan nahi nuen…)

  • Espartzinegileari:
    Eguberri on! Euskaraz behintzat gure alderdian horrela da. Ez dut inoiz agutzeko jarri duzun beste hori inon entzun

  • Benat Castorene 2021-12-27 18:20

    Ni ere, eta deliberatuki, “Eguberri on” erraiten segitzeko alde nintzateke.
    “Opor on!” edo gehiago entzuten dutan “besta on!” horiek dira erligio kutsu ahalgegarri bat erakusteko beldurragatik. Ez ote? Penagarria!
    “Aita Noel” edo zuzenean “papa noel!” horiek, opariak eta guzi ez dira hain aspaldikoak gurean (are gutiago Olentzero!)
    65 urteko asdiskide batek berriki erraiten zidan Xuberoko familiako baserrian eguberriko opari guti! aldiz eguberrigauan arditegian bisitaldi bat aitatxirekin, gero gauerdiko meza, eta handik bueltan denak batera txokoletesne bat zeinaren gostua oraindik beti ahoan duen!