Euskaldun eta erdaldunen arteko arrakalaz
Euskaldun eta erdaldunen arteko arrakalaz
Urteak dira Bost euskal idazle berbetan liburua argitaratu genuela. Iruditzen zait arrakastatsua izan zela orduko hura, gerora ezagutu ditudan hainbat gaztek (Rodriguez, Sarasola, Garro…) oso kontutan hartu duten liburua izan baita. Kritika onak izan zituen, beste egile askoren saiakeren bibliografietan ere maiz agertu da eta, gainera, milaka ale saldu ziren, oker ez banaiz bost mila inguru.
Helburu argia nuen hura idazterakoan: naizen irakurlearentzat ustez giltzarri izan zaizkigun bost idazlek gauzak nola ikusten zituzten ezagutzera eman nahi izan nuen. Ez bakarrik letra kontuei buruzkoak, geure gizartearen benetako korapiloen gainekoak ere bai: borroka armatua eta indarkeria, bi komunitate linguistiko izateak eragindako zatiketa, kulturaren transmisioa…
Egitasmo hark, hastapenetik beretik bazeukan beste goiasmo bat ere: gaztelaniaz ere emango genuen liburua argitara, “beste” komunitateak ukan zezan “gure” komunitatean gertatzen zenaren berri, barne-barnetik, gainera, inolako tartekotzarik gabe.
Eta argitaratu bagenuen gaztelaniaz, argitaratu genuen. A ze porrota! A ze atsekabe eta zorigaiztoa! Inork ez zuen aipatu ere egin eta inork ez zuen libururik erosi, mila ale ere ez ziren saldu, oker ez banaiz.
Inozo honek uste zuen “besteek” gure berri jakiteko gose itzela izango zutela, gauzak argi eta garbi adierazita diskurtso garaikide batekin esan ezkero, etxaferoak botako zituztela pozaren pozez, behingoagatik iturritik bertatik edateko aukera profitatuta. Zakurraren putza, horixe. Ikararik ere ez zuen sortu liburuak, ez eta ere giro intelektual edo unibertsitarioetan. Inork ez zuen erakutsi kuriositate nimiño bat gurekiko, gure baitan gertatzen zenarekiko, gure barruko benetako eztabaidak zeintzuk ziren jakiteak ez zuen inongo erdaldunik kitzikatu…
Lehenengo bider apurtu zitzaidan kristalezko zubia, kra, hanken azpian: alferrik da zubigintzan saiatzea inork ez badu biderik ibili nahi. Zaldiari jarri aska bete ur, egarri ez bada ez du edanen.
Handik hona ehunka aldiz ikusi ditut antzeko gertaerak, zoritxarrez. Ez bakarrik “haiek” ez dira etorri, baizik eta geu gaude ghettoturik. “Guretzat” dira eta ez “eurentzat” hizkuntzaren ardura eta kezkak, herri kirol saioak, meza santuak, trikiti eta antzeko guztiak. Jeronimo gara. Dersu Uzala gara. Zuztarren haria, tradizioaren pisua, iraganaren eta historiaren jatortasuna gure erantzunkizun dira eta ez “euren”. Geuk ematen diogu egiantza kontakizun guztiari, nolaz eta elurrari zuritasunak. Baina, hala ere, ez dute gurekiko kuriositaterik, jakinminik, ezagutzeko gogorik, bai baitakite horrek lekarkeen logikak lanera behartuko lituzkeela, ez dakiten zerbait ikastera, alegia. Dauden bertangoxo horretatik aldatzera derrigortuko lituzkeela, gutxienean.
Hizkuntzarena eta bere bidez sortutako kulturaren ezintasuna da egiazko gure arazoa, nire ustez. Prolema ez da sozialismoa, kristaudemokrazia, liberalismoa edo bestelako kontu bat, gurea kultura kolonizatu baten gaitza da eta kondenatuta gaude “besteak” liluratzera, geureganatzera, biziko bagara.
Eta bizi behar hilzoriko horretan —Asisko Urmenetak egonia deitzen dio—, filosofo gazteak eta enparauak datoz esanez orain independentziarako eta estatu propialerako bidean euskara eta euskal kultura ez ditugula ardatz bilakatu behar geure aldarrietan. Nazio kontzeptu identitarioa ere hobe dugula apalduta. Ahaztu ez ditugula ahaztu behar horiek guztiak, baina erakarmenerako traba diren neurrian, zentralitatetik alboratu egin behar ditugula. Ongizatearen promesak bakarrik erakarriko dituela “besteak” guztion arteko eraikuntza independentista batera. Probatu gabeko estrategietan behar dugula saiatu…
Baliteke, bai. Eginahalak eginagatik guk ez dugu oraino asmatu eta saio berrietarako tenore da, baina kontuz, esaerak dio gazteak ez daki, zaharrak ezin du. Nago ez ote garen ibilbide horretan desagertuko, nola Draa ibaia basamortuko hondarraren handitan.
Agian kolonizatuaren aje nagusia kolonizatzaileari begira bizitzea da. Haratago begiratzen saiaituko bagina zer?
Egia borobila, Europako unibertsitate batzuetan “Euskararen katedra” daukate, honek euskara ikasi dutenfilologoei prestijioa ematen omen die. Nik ezagutu ditut eta ezagutzen ditut, Poloniatik hasi eta Kanadara, euskara ondo hitzegiteko gai diren pertsonak. Eta gure lurra zapaldu aurretik alajaina, hizkuntzaz aparte arkeolojia aldetik ere BADAGO “BASQUE” GOSEA.Baina hemen batzuk beti Madrilera begira bizi dira, “aldeano” konplexuarekin Madrilgo, Espainiako ghuetto txikian, jaja, kosmopolita sentitzen, mundu osoan begiratu gabe.
Niretzat ingelesez jakin gabe, ingelesez dagoen informazio amaitezin itsaso horretan “Basque” tekleatu gabe, Madrilera, españiar estatu txiki honetan (eta asko joka latin amerikara ere, hizkuntza ingelesa ez jakiteagatik) begira bizi diren akonplejatuak dira “aldeanoak”, Espainiaren ispilu extu eta pobrean begiratu behar dutenak euren burua.
Egia borobila hori ere. Kosmopaletoak dute izena.
Kolonizatua (kolonizatu oro) kolonizatzailearen irriparrearen zain dago beti. Bere burua ere, kolonizatzailearen onespenaren ondoren baino ez du onesten. Hari begira dago beti, haren baimenaren zain: hark zer esan, honek orduan; hark gaitzetsi, honek gaitzetsi; hark laudatu, kolonizatuak orduan laudatu. Ez lehenago eta ez komentzimenduz.
Etengabe beraienera behartzen gaituen Cristobal Colón linguistikoak (paradigma kolonizatzaile klasikoa zertxobait aldatu beharra dagoela ematen du, geurea egin baitugu kolonizazio-aparatua) ez du gutaz interesik, gu gabe bizi daiteke, guk bezala molestatzen duen jenderik gabe bizi nahi du. Eta, gu bertan egonik ere, gu gabe bizi da.
Eta molestatzen dugun heinean saiatuko da gu (gure ezberdintasun oro) ezabatzen. Salbuespen batekin, alegia, bere begirada koloreztatu eta bere sabela alaitu duen paisaia folklorikoarerekin. Orduan, bai, orduan “bere” bilakatzen du guztia: “nuestra grastronomía”, nuestros cantos”, “nuestras danzas”, “nuestros deportes”…
Baina ezin ahoska dezakete Colonen ezpainek “geure mintzoa”, euskaraz. Ez baita berea, eta are gehiago, oximoronaren estiloko kontradikziotzat baitauka.
Ondorio xinplea: kolonizatuak hura gabe egin behar du bidaia, hari gehiegi begiratu gabe, hari aukera kolonizatzaile zaharrak eta berriak ahalik gehien moztuz eta kenduz. Eta inportanteena dena, hari kolonizatuaren borondatea, lege bidez eta irriñoen bidez, ezarriz eta betearaziz.
Jai du kolonizatuak hori ulertzen ez badu.
Orain artekoak bezalako hizkuntz politikak egiteari ekin diezaioke orduan lasai asko!
Nik ez dut ulertzen zergatik zerbait gaztelaniara itzuli behar den. Eta zergatik ez frantsesera? Publiko zabala lortzea bada helburua ingelesera pasatuko nuke nik.
Ez da txorakeria, gaztelaniaren galbahetik pasa gabe, euskararen ondoren ingelesa lehenestea. Baina hemen gakoa da: nola interesatuko dira erdaldunak euskaldunongan? Bada benetan zerbait garrantzitsua galtzen dutela ohartzen direnean. Hori nola egin daiteke? Besteak beste, pelelebitasuna (bai, euskaraz egiten dugun guztia erdaraz ere egitea) behingoz baztertuz; bestela, beti jakingo dute euskaarz esandako informazioa (eta normalean gehiago ere) jqasoko dutela haien hizkuntzan.
Adibidez, eta Eneko Galarragak esan ohi duen moduan: ETB2n jokatzen dira “partida garrantzitsuak”. Ba, horrela, gaizki goaz; eta alderantziz egingo bagenu?
Eta euskara eta euskal kultura ardatz gisa ez baditugu jartzen euskaldunok nahiko al dugu estetu indepenente hori? Espainia edo Frantzia ttipi bat izateko, etxean geldituko gara, inolako ahaleginik egin gabe eta bozka inori eman gabe. Ez al da jadanik ezker abertzale berriarekin hori gertatzen?
Estrategia, lana eta GANORA (fundamentua, pulamentua,lana “ertzakin”, eiten dena ondo egin,….). Hortxe dago koska. Kultura mediterraneo-latinoak hortxe dauka herrena, mentalitate anglosaxoiaz kutsatu behar garela alegia. Eta zorionez patuak bi munduen erdian kokatu gaitu. Argiak (inteligenteak) izan eta goazen ba bietatik onena hartzera, eskuragarri ditugu: batzuen bizipoza eta besteen prakmatikotasuna. Zergatik ez?
Beharbada basamortuan desagertuko da euskara ta agian XXI. mendean jaio(ko) dira azken euskaldunaren aiton-amonak…Baina nik ez dut ikusiko!.
Euskara hautu kontu bat da gure garai-fase honetan.
Seguraski bizi naizen Gipuzkoan euskara desagertuko da espainera baino askoz lehenago, baina nik egunero irakurtzen,entzuten eta egiten dut hitza euskaraz.
Are gehiago ez dut astirik nahi dudan guztia irakurtzeko eta entzuteko.
Nire ustez ez da hain inportanta erdaldunak gutaz paso egitea.
Ez du merezi horrekin bizipoza ahultzea.
Atzo bertan, berriro ere, Ondarroako udaleko herri-ordenamenduko zinegotzia erdara betean ETB2n. Baina ez ginen ados HERRI EUSKALDUNETAKO KARGU INDEPENDENTISTEK euskaraz BETI egingo zutela? Horrela erdaldunak nola hurbilduko dira euskal mundura, dena txukun itzulita ahoko zulora ematen diete eta. Ez dute ahalegin txikiena ere egin beharrik, ez baitaukate ezer galtzen duten sentimenturik. Eta berdin ibili dira Azpeitiko alkatea eta Bermeokoa.. Nekatuta eta nazkatuta nago, segurutik, ez dut berriro botorik emango ganora eta ckoherentzia azaltzen direla ikusi arte.
Gaur (2016/05/06), BERRIAn, hizkuntza-egoeraz mintzo diren bi titular
Pais Vascoko Erkidegoan:
“Euskara gaztelaniaren parean egotea jarri dute hizkuntz politikaren oinarri”
Nafarroako Erkidegoan
“Iruñeko bi haur eskolen eredu aldaketa bertan behera utzi du auzitegiak” (haur eskolak gaztelaniazkotik euskarazkoak izatera aldatu nahi zituen Iruñeko udalak).
No comment
Honek ere zerbait esan nahiko du: Diario Vascok goizeko bederatzietan titulu hau jarri dio informazio bati: MARTXAN MINBIZIAREN ALDE. Hamar ordu pasa dira ta hola jarraitzen du, minbiziaren alde… Imaginatu erderaz balego, MARCHA A FAVOR DEL CÁNCER…