Zinea.eus ataria kritikari bila dabil!

Zinea.eus ataria kritikari bila dabil!

Zinea.eus atarian urtebetez zinema-kritikari gisa jarduteko lehiaketa antolatu genuen iaz aurrenekoz. Parte-hartzaile guztien artean, epaimahaiak Uxue Arzelusen aldeko apustua egin zuen, eta urtebetez gurekin jardun du lanean. Lan bikaina egin du, eta elkarren arteko harremana ere primerakoa izan da. Baina urtebeteko hitzarmena amaitu da, eta kritikari berri bat bilatzeko garaia heldu da. Animatu!

II.Kritika-Lehiaketa-Zinea.eus Zinea.eus ataria kritikari bila dabil!

Aurten ere, zinemari buruzko errepertorioa biribiltzeko asmotan, zinema-aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzeko asmoa dugu. Hori dela eta, zeregin horretaz arduratuko den laguna behar dugu, zineman jarduten duen norbait, ala besterik gabe, zinemazalea den edonor. Beraz, hautagaitzak aurkezteko deialdi irekia martxan da gaurtik hasita!

Parte hartzeko asmoa izanez gero, aukeratu euskal film bat, edozein garaitakoa izan daiteke, eta, kritika egindakoan, guri bidali. Banan-banan jasotako kritika guztiak argitaratzen joango gara, eta epaimahaiaren baloraziorik onena lortzen duen lanak, aukera izango du urtebetez, astero, Zinea.eus atarian ordainpeko kritikak egiteko.

Kritikari gisa hautatzeko deialdi irekirako honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Parte hartzaileek euskal film bat hautatu eta haren inguruko kritika egin behar dute.
  • Kritikek izan ohi duten formatua errespetatu behar da. 300 eta 400 hitz bitartekoa izan behar du, eta filmaren izenburua, zuzendaria, urtea eta herrialdea aipatzea ezinbestekoa izango da.
  • Lana info@zinea.eus atalera helarazi behar da maiatzaren 20a baino lehen (ostirala), egilearen izen-abizenak, adina, herria, maila-helbidea eta telefonoa jartzea ahaztu gabe.
  • Deialdira aurkeztutako kritika guztiak Zinea.eus atarian argitaratuko ditugu lehenengoz eta, ondoren, Ganbara datutegian jarriko ditugu. Kritika bidaltzen duen hautagai orok bere lana argitaratzea onartzen du.
  • Kritikaria aukeratzeko, aditu talde baten iritzia izango dugu kontuan. Horrez gain, kritikek dituzten iruzkin positiboak ere kontuan izango ditugu, kritika gustuko zergatik duten azaltzen dutenak.
  • Pertsona bakoitzak kritika bakarra bidaltzeko aukera du.
  • Irabazleak urtebeteko konpromisoa hartuko du Zinea.eus atariko arduradunekin, eta deialdira aurkeztutako lanaren ezaugarri antzekoak dituen kritika osatu beharko du astero, asteazkenetan.
  • Egindako kritika bakoitzagatik ordainduko zaio, ohiko kolaborazioen prezioan.

Edozein zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan info@zinea.eus helbidean edota 943 504 206 telefono zenbakian.

Animatu parte hartzera eta zorte on guztioi!

Zinea.eus ataria kritikari bila dabil!
baldintzak, deialdia, euskal filma, Kritikak, kritikari berria, kritikaria, Kultura, lehiaketa, ordainpeko kritikak, Uxue Arzelus, zinea.eus, Zinea.eus ataria, zinema
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude