Euskal politikariak jalgiko dira herriak ekimena hartzearekin
Euskal politikariak jalgiko dira herriak ekimena hartzearekin –
Azken bi belaunaldietan, erdaldunen inbasioarengatik besteak beste, gure begien aurrean, Iparraldearen euskaltasuna endekatzen ari da sekulan ikusi ez zen bezala. Bainan galtzen ari da Hegoaldetik imajina ez daitekeen erritmo izigarri batean. Oraino belaunaldi pare bat martxa honetan eta gure ondokoei ez zaie geldituko oroitzapen mingarri bat baizik.
Gure nazioak Iparraldean bizi duen katastrofea ikusirik, non ote dira krisiaren larritasunaren heineko euskal politikariak?
Lurraldez lurralde so egin dezagun eta has gaitezen penintsulako biekin:
EAEko edo Nafarroako herrialdeetan, izan daitezen kargu politikoan edo oposizioan, politikari bakar batzuk izanen dira menturaz herria bere osotasunean kontuan hartzen dutenak. Badut espero aski argiak izanen direla Iparraldearen egoera gero eta etsigarriagoa hautemaiteko eta ez sinesteko kolaborazioa justifikatu nahi duten Iparraldeko politikarien gezurrezko deklarazio optimistak.
Zerk eragozten ditu, bada, politikari haiek oro euskal populuaren etnozidioa frantziar demokrazian azeleratuz doala salatzetik herritarren aurrean eta mundu guziaren aurrean?
Administrazio autonomikoetan ardura politikoa betetzen dutenek ez dute egin nahi Espainiako Estatuak interbentzio politiko independentistegitzat har lezakeenik eta Frantziakoak ezin onartuzko esku-sartzetzat.
Besteek, oposizioko partidu politikoetan daudenek, arrazoi berberez gain, bozemaileak ametsetik errealitate gordinera jautsaraziz ez lituzkete haien botoak galdu nahi, haientzat hauteskundeen emaitzak baitira helburu politikoaren alfa eta omega.
Funtserat eta, Hegoaldeko politikariak, euskal nazioaren kontzeptuaz jabetu ez direnez, Espainiako markoan intelektualki preso dira, eta ez dira oraindik iritsi beharrezkoa den nazio erantzukizunaren mailaraino.
Iparraldean, gaurko dramaren lurraldean berean, politikarien aldetik, ez da kasik nehor ageri alarma jo eta erresistentzia proklama lezakeenik. Alderantziz, amets faltsuak sakatzen dizkigute beren kolaboraziozko politika justifikatzeko. Absolutuki, desenkusatu behar balira, oroitaraziko genuke ehun eta berrogeita hamar mila herritar garela isolatuak 60 milioi frantziarren aurrean; % 0,25, alegia; bestetik, parte gure faltaz, nekazaritza tipitu ondoren ekonomikoki oso dependente bilakatu garela azken hamarkada hauetan. Orai, bada, esfortzu eta diru guti behar du Frantziako Estatuak gu guziak seduzitzeko biziko garen bitartean. Datu hauek horrela emaiten ditut, Iparralde bakarrari doazkionak, zeren eta, gure zorigaitzerako, egundaino batasun nazionalik ez baitago, ez errealitatean, ez eta intentzioan ere.
Behin betikotz ulertu beharra dago Iparraldeko lurraldea, orai bezala besteetarik berezia, ez dela bideragarria, bederen euskal nazioaren parte bezala kontsideratu nahi dugunez bezainbatean.
Nahiz nonahitikako laguntza ongi etorria litzatekeen, gero eta nabarmenagoa dago ez dela oso guti baizik etorriko gobernu autonomikoetarik edo partidu politikoetarik eta are gutiago jinen dela Frantziako estruktura administratibo bat den elkargo honetatik.
Oraiko gure partidu sasi-abertzaleetatik ere oso guti espero izan behar dugu. Elgarren kontrako borrokan sobera luzaz aritu izanez gero, alderdikeriarekin ohitu dira; orai ez dute gehiago ez kapazitaterik, ez legitimitaterik, etsaien kontrako erresistentziaren burua hartzeko.
Azkenean, dagoeneko, nazio guzia Iparraldean hunkitzen duen krisi egoera konkretu honen aurrean, nabariki ikusten da ez dugula nehon behar den heineko politikaririk ez eta ekimenik.
Nondik eta nola aterako dira, bada, biak?
Ekimena eta politikariak biak batean jalgiko dira seguraz ere herriaren erraietarik, talde independentista tipi zenbaitetarik; inolaz ere ez estatu etsaiek kontrolatutako administrazio batetik edo partidu batetik edo hauteskunde batzuetatik.
Ekimen hura hartu beharra dago egunen batean, bainan sobera berandu gabe, eta orduan bai, herri guzian erran ohi dugun bezala, “beharra bezalakorik ez baita”, krudelki falta zaizkigun politikari independentista berri haiek agertuko zaizkigu.
.
Arrazoi guztia. Alderdi eta koaliziio abertzaleek zenbait poltrona okupaturik “bertan goxo” diraute, eta ez dute ezer mugituko beren kabuz. Egoeraren larritasunaz jabeturik gaudenok bozka ukatu eta sistemaz gaindiko ekimenak garatzen ditugun heinean halabeharrak eramango ditu mugitzera. Nik neuk geroz eta argiago dut herri honen biziraupena ez dela etorriko konponbide politikotik, baizik kontzientziadun euskaldunen ekimen propiotik.