Euskal mendietako postontzi eta txartelen xarma
Euskal mendietako postontzi eta txartelen xarma –
Asier Sarasuak, Eibar.org atarian duen blogean.
Dei nazazue nostalgiko; dei nazazue samurlapiko. Baina niri ederra iruditzen zait mendiko postontzietan lagatzen ditugun txartelen liturgia hori.
Mendira joan, gailurreko postontzian txartela utzi, eta besteren batek aurrez lagatakoa jaso. Euskal Herrian orain dela 100 urte baino lehenago hasitako tradizioa, umetatik ezagutu duguna. Beste herrialde batzuetan ere existitzen da, jakina, baina gutxitan dauka Euskal Herrian duen indarra. Tontorrik txikienean ere aurkituko dugu postontziren bat eta 1000tik gora ei daude Euskal Herrian barrean, guztiak ere 1915ean Anboton jarri zuten lehenengo haren oinordeko.
Hasiera batean, igoera bat benetan egin zela ziurtatzeko asmatutako sistema zen postontzi eta txartelena, eta mendi-lehiaketak sortu eta ugaritzearekin batera zabaldu zen postontzi-sarea XX. mende erdi ingurutik aurrera. Mendizale batek tontorrean bere txartela laga, eta hurrengo mendizaleak jasotzen du, aurrekoaren igoera nolabait zertifikatuz. Harrezkero, dinamika hori izugarri zabaldu da, eta igoerak balioztatzeko sistema baino, tradizio bihurtu da euskal mendizaleontzat.
Aste honetan, esate baterako, 6 txartel “itzuli” dira nire eskuetara. Azken hilabeteotan igo ditugun beste horrenbeste menditan utzitako txartelak dira. Eta ez da makala txartelok egindako ibilbidea: guk txartela gailurreko postontzian laga, beste mendizale batek jaso, horrek bere klubera bialdu, klubak zigilua ipini eta postaz gure klubera igorri, eta amaitzeko, klubeko beste mendizale batek niri eman.
Zertarako? Ezertarako ere ez. Baina ez egidazue esan ederra ez denik. Ohitura honek beste mendizale batzuekin lotzen nau, oraingo zein duela 100 urteko mendizaleekin.
.
Berezia eta sistematikoa, ugaria eta anitza
Halaxe definitzen du Óscar Masó eskalatzaile eta ingeniariak bere azken liburuan (Libros de cima, Desnivel, 2018) Euskal Herriko postontzien sarea eta txartelak uzteko ohitura.
Masóren hitzak oso-oso libreki itzuliz eta ekarriz:
“Beste leku batzuetan ere badira antzeko ohiturak, baina ez dut ezagutzen inon horrelako jarduera sistematikorik eta denboran horrenbeste iraun duenik. Euskal tradizioa berezia da, eta metodikoa. (…) Inon ez dut aurkitu Euskal Herrian dagoen postontzi ugaritasunik, are gutxiago hemen dagoen aniztasunik, dela diseinuetan, koloreetan edo tamainetan. (…) Ez da bakarrik mendizaleek euren hitzak idazten dituztela gailurrean, paper edo koadernoetan, beste leku batzuetan ohiko dena. Euskal Herrian mendizaletasuna sustatzeko azpiegitura zabal bat sortu da, urteetan zehar eta modu egituratu kontziente batean”.