Euskal Herriko Mus Txapelketa, euskal batasunaren aldarri
Euskal Herriko Mus Txapelketa –
Urtero, azarotik apirilera, Euskal Herriko Mus Txapelketa izaten da, eta gure herri eta bazter guztiak muslarien kanporaketa alaiez betetzen dira. Urtero errepikatzen den kontua da, herrietako kanporaketak hasieran, zazpi lurraldeetako finalak gero, eta final nazionala bukatzeko. Azken hau, urtero lurraldez aldatzen dute. Iaz Bizkaian izan zen, aurten Zuberoan izan da eta geurtz Araban izanen da. Horretarako badute Euskal Herriko Federazioa egina eta mus joko bateratua ongi bideratuta. (ikusi: www.ehmus.eus)
Mus txapelketa nazional hau duela hogei bat urte sortu zuten, Euskal Herriko Mus Federazioa plazaratu ondoren, eta hamabost urte badira orain egiten duten moduan egiten dutela, beraz, aurtengoa, Euskal Herriko XV. Mus Txapelketa izan da. 2023ko azaroan hasi eta martxoaren 23an bukatu zen Altzai herrian, bertan jokatu baitzuten finala. Osora 2.200 bikotek parte hartu duten gure zazpi probintzietan, eta finalera, zazpi lurraldeetako txapeldunak eta gainerako sailkatuak hurbildu ziren, hau da, orotara 128 bikote.
Euskaldunok batasunik gabe garen garai hauetan, biziki eskertzekoa da Euskal Herriko Mus Federazioak euskal muslari guztiak biltzeko, urtero, egiten duen ahalegina, hori baita haien filosofia. Euskal gizarte, kirol eta kultur arlo guztietan antzeko zerbait egin beharko genuke, Euskal Herriaren lurraldetasuna eguneroko gauza izan dadin gure artean.
Bada kontakizun bat, Iparraldean maiz entzun dudana eta honela dioena. Egun batez, goizaldean, Euskal Herriko herri guzti-guztietan, zazpi tiro danbateko entzunen ditugu. Seinalea izanen da, Egun Handirako deia. Egun horretan, euskaldun guztiok kalera aterako gara, eta gure Herriaren geroa gure eskuetan hartuko dugu. Euskal Herriaren askatasunaren eta batasunaren eguna izanen da. Gure ametsa errealitate eginen den eguna. Xerar Urrutia olerkari eta kantari lapurtarrak horretaz mintzatu zitzaigun Ekilore izeneko disko gogoangarrian. Kantuak Gerla galduaren oihua izena du. Horratx!
Gerla galduaren oihua
Kontatzen denez oraindik,
gaztelu-mendi artean
galdurik omen dabiltza
nafar gerlarien arimak,
gure hildakoen mundutik,
itzultzen diren zaldunak,
borroka zelai hitsetan,
zutoihalak eskuetan.
Iraganaren aldeko,
bihar askea lortzeko,
borroka garaitu eta
zapaldu gure etsaiak.
Arrotzen morroi guztiak
behingoz isilduko dira
hemen baigira leialak,
zazpi tiroen zain gira.
Haizeak elurretan
kentzen ditu urratsak,
ilargiaren argia
gauean gordeko da.
Laino artean begira,
ari dira xuxurlan,
ibiliz elur artean,
ekaitz basaren barna.
Oihartzunaren mezua,
zutitzeko garaia,
zazpi tiro entzun dira
goiz-argia piztean.
Luzaz itxaron dugu,
Egun Handiaren deia,
itxaropenaren lehia
kondairaren aiduru.
Kontakizun ederra, etorkizunari eta esperantzari leihoa zabaltzen diona. Baina ene iduriz, ez dugu zazpi tiro horien zain egon behar, anartean, ahal dugu gure Herria saretu eta kontzientziatu era guztietako ekitaldiak antolatzen; eta horretan, Euskal Mus Federazioa eta urtero antolatzen duen txapelketa nazionala aitzindari eta jarraibide ditugu. Geroa egunero lan eginez etorriko zaigu.