Euskal Herriko langile publikoon lan baldintzak bertan arautu!

Euskal Herriko langile publikoon lan baldintzak – 

Aste hauetan Hego Euskal Herriko langile publikoak Madrilgo negoziazio kolektiboaren antzerkiari begira jarri gaituzte. Azken urteotan geure lan baldintzak dekretuz edo legez han inposatzea modan jarri da aitzakia bat edo beste dela medio. Hain xelebrea da egoera, ezen Urkulluk dagoeneko betebehartzat hartu, eta Txibitek ezartzeko asmo eza adierazi baitu. Langileok medioetatik jasotzen ari garen informazioak osorik ez izanagatik, murrizketa gehiago datozela ohartarazten dute.

Soldatak murrizten jarraitzen dute

Zor zaiguna argi zehaztu eta itzuli baino, beste behin formula nahasgarri batzuk aurkeztu dituzte langileok eztabaida marko antzuetara eramateko. 2010ean kendutako %5 hartan galtzen jarraitu duen eros-ahalmena berreskuratu ez, eta galtzen jarraitzea adostu dute. Oso argi dago Madrilen adostu duten igoerarekin ez dela aurtengo KPIaren galera berreskuratuko, ez aurtengo igoerarekin, ez eta hurrengo urtekoekin ere. Are okerrago, datozen urteetako igoerak langileon eskuetatik kanpoko faktoreetara zeharo baldintzatuta egongo dira, beti ere KPIaren azpitik geldituz (gogoratu aurtengoa %10aren bueltan dabilela).

Akordio arrotzak errealitate arrotz baterako

35 orduko lanastea, aldi baterako ezintasunagatiko ordainketa osoa eta aurretiko erretiroagatiko ordainsariak bezalako gainerako akordioak baliagarriak eta garrantzitsuak izan daitezke estatuko administrazioetan. Baina Hego Euskal Herriko errealitatean oso eragin mugatua izango dute: aurre-erretiroa soilik langile finkoentzat izatea, erretiro primak kendu izana, edota irakaskuntzako lan legepeko hainbat eremuk 35 ordu ez izatea, errelebu kontratuak… Adierazgarri ezin argiagoa da hain zuzen ere negoziazio kolektiboa tokian tokiko errealitatera lotuta egon behar dela. Euskal Herriko zerbitzu publiko euskaldunak eta bere langileon baldintzak bertan negoziatu eta adostu behar dira ezinbestez.

Enplegu publikoa sortu eta egonkortu

Onartezina da «historiako gobernurik ezkertiarrenak» delako elkarrizketa sozialaren bidez «klase sindikatuekin» enplegu publikoa galtzen jarraitzea ahalbideratzen duen akordio bat sinatzea. Dagoen erretiro maila handiarekin birjartze tasak kentzeari buruzko aipamenik ez, eta ondorioz enplegu eta zerbitzu publikoak husten jarraituko dute.

Europak behin-behinekotasun tasa jaisteko agindu zuen, eta ikusten ari garen dekretu txapuzeroen bitartez etxeko lanak egin dituztela esango dute, eta horrekin konformatuko dira Madrilen, Iruñean eta Gasteizen. Borondate eza baino, prekarietatea eta enplegu suntsiketa betikotzeko benetako borondatea antzematen da.

Pribatizazioek aurrera darraite

Enplegu publikoaren suntsiketak zerbitzu publikoak enpresa pribatuek eskuratzea suposatzen du. Estrategia hori betikotzeaz gain, ez da inolako neurririk aurreikusten zerbitzuak publifikatzeko, hain zuzen inoiz baino beharrezkoagoa denean. Hornidurez (ura, argia…) eta azpikontratez gain, zaintza sektorea ia osorik dago pribatizatuta, zerbitzuaren eta lan baldintzen kaltetan eta gutxi batzuen mesedetan. Pribatizatzen jarraitzeko borondateak jarraitzen du.

LAB urriaren 14an mobilizazen hasiko da

Sektore publikoaren Negoziazio Kolektiboa ukatuta dago Euskal Herrian. Madrilgo erabaki zentralistagatik, eta hemengo agintariak erosoago daudelako gainetik kendu ezkero. Madrilek ez du Euskal Herriko errealitatea errespetatzen, eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ere ez dituzte errespetatzen bertako gehiengo sindikalak, langileak alegia. Hori da LABek exijitzen diena: bertako negoziazio kolektiboaren eskubidea errespetatuz, inposizioei uko eginez eta akordio propioak bermatuz, bere langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko borondate irmoa euskal erakundeei. Horretarako mobilizatzen hasiko gara urriaren 14tik aurrera, eta dei egiten diegu langileei borroka honekin bat egiteko.

[INFO PDF] Euskal Herriko langile publikoon lan baldintzak bertan arautu!

Euskal Herriko langile publikoon lan baldintzak bertan arautu!