Euskal Herriko kanpo merkataritza uzkurtu egin da 2012n, baina balio historikoetan mantentzen da
Esportazioen jaitsiera (%5) bereziki Nafarroa Garaian (%15) gauzatu da. Euskal esportazioek merkatu berriak topatu dituzte Latinoamerika, Asia eta Afrikan.
Euskal Herriko kanpo merkataritzaren balantzea, 2012ko urte amaieran, esportazio (-%5,04) eta inportazioen (-%12,69) murrizketekin itxi da, Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerio eta INSEEko behin-behineko datuen arabera.
2011rekiko bilakaera negatiboa izan bada ere, esportazioen bilakaera orokorrean positiboa izan da eta balio historikoetan mantentzen ari da, krisi garai aurreko balioen gainetik, hain zuzen ere.
Datuak eskualdeka aztertzen baditugu, Gipuzkoa izan da kanpora begirako salmenten zenbateko positiboa izan duen lurralde bakarra (%2,1). Gainontzeko Euskal Herriko lurraldeetan, esportazioen murrizketa aurreko urtearekiko %0,6 (Araba) eta %1,5 (Iparralden, estimazio propioen arabera) artekoa izan da, Nafarroa Garaian izan ezik, azken honetan jaitsiera nabarmenagoa izan baita (%15,5). Horiek horrela, Euskal Herriko esportazioen bolumena BPGrekiko %30,2koa izan da 2012n, aurreko urtean baino 1,2 puntu gutxiago, behin-behineko datuen faltan.
Esportazioen nazioarteko helmugari dagokionean bi estatutan biltzen da Hegoaldeko esportazioen bolumenaren erdia, Frantzia (%6,5) eta Alemanian (%23,0), hain zuzen ere. Jarraian, fakturazio bolumenaren arabera, Erresuma Batua (%10,1), Italia (%8,5) eta Portugal (%6,6) daude. 2012n, Hegoaldeko esportazio bolumenaren %65ak EB-27ko herrialderen bat izan zuen helmuga. Hala ere, lurralde batzuekiko bolumen murrizketa aurreko urtearekiko nabaria izan zen, hala nola, Italia (-%27,7), Holanda (-%20,5) edo Belgika (-%16,4).
Azpimarratzekoa da, berriz, Afrika, Erdialdeko Amerika eta/edo Mexiko eta Asiako lurraldeetara azken urtean bideratutako esportazioen bolumena. Krisi ekonomikoa hasi zenetik euskal ekonomiaren salmentak asko hazi dira Latinoamerika (+%74,4) Erdialdeko Amerika eta Mexiko (+%43,4) edo Asiako (+%11,5) merkatuetan. Baita, BRIC (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) deritzan susperraldiko merkatuetan (+%4,6).
2012ko guztizko fakturaziotik %33,2 bideratu zen ekipo ondasunetara eta %25,7 erdi-manufakturara. Edozein kasutan, bi gaiekiko jaitsiera aurreko urtearekiko (-6,7 eta -7,1 hurrenez hurren) zertxobait altuagoa da esportazioen guztizko bolumenarekiko baino (-%5,1).
Inportazioen bolumenari dagokionean, Nafarroa Garaia (-%20,9), Gipuzkoa (-%12,23) eta Bizkaian (-%10,84) bizi izan ziren murrizketarik altuenak, nahiz eta gainontzeko lurraldeek ere kontsumoa apaldu zuten, baina ez hain modu zorrotzean (Iparralde -%4,3; Araba -%6,3).
Honekin guztiarekin, Euskal Herriko inportazioen zifra BPGrekiko %21,9 izan zen. Lurraldeka aztertuz gero, Bizkaikoa bataz bestekoaren gainetik dago, %29,3. Ondorioz, kanpo saldo positiboa izan zen 2012n, BPGren %8,2 Euskal Herrian. Herrialdeka, saldorik positiboena Araban (%25,6) gauzatu zen eta saldo negatibo bakarra, berriz, Bizkaian (-%5,4) eman zen.
Nazioartekotzeak nazio egingo gaitu alor anitzetan. Nazioarteko merkatuetan aritzeko gure gaitasunak bere baitan biltzen ditu pertsonak, erakundeak, ezagutza, formazioa, finantzazioa eta prospektiba. Honekin batera, erantzun eraginkorra eman beharko diogu nazio izaera propioari onartua izan dadin. Nazio mailako ariketa inondik inora.