Argi izpi bat

Aurreko larunbata arratsaldean, manifestazio bat nuen kubritzeko Donostian. Larunbata arratsaldetan, Donostian, sarritan izan ohi dugun manifestazioetako bat, ez gehiago. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain dauden 15 gazte donostiarrei elkartasuna adierazteko manifestazioa, ez gutxiago.

Lan egitera joaten naizen manifestazio guzietan izaten dudan kezka berarekin hurbildu nintzen: nola aurre egin manifestazio honi? nola lortu manifestazio bat gehiago ez dela irudikatuko duten argazkiak?

Donostiako 15 gazte auzipeturi babesa eskaintzeko manifestazioa

17:00etan zen abiatzekoa manifestazioa Bulebarretik eta nik 17:30etan hasita, Anoetako Gaska kiroldegian jokatuko zen eskubaloi partida ere kubritu beharra nuen, beraz denboraz ere larri ibiliko nintzela banekien hasi aurretik.

Egun argia zen, eguzkitsua, pasiorako eguraldi itzela baina argazkiak egiteko argi eta itzal asko sortzen dituen horietakoa; batzuen ustez argi gaiztoa, zaila eta beste batzuen ustez oso jostagarria den arratsaldeko eguzki baxu hori.

20 minutuko atzerapenarekin zabaldu zuten Euskal gazteria libre eta legala leloa zuen pankarta eta erloju inguruan bilduta zeuden ehunka lagunek txaloka hartu zituzten manifestazio buruan zihoazen lagunak; jendea pankarta heltzen zuten gazteak besarkatzen hasi eta pentsatu nuen: Hau, hau da manifestazio hau desberdin egiten duen irudietako bat, baina argazkilariak ohitura finkoegiak eduki eta taldean ibili ohi garen abereak izaki, manifestazio hasera denek erretratatu nahi izaten dugu, aukeran, besteei enbarazu gutxien eginda, beraz urrutiegi nintzen hortik fundamentuzko ezer lortu ahal izateko. Argia gainera zaila zen, zati batzuk argitan eta beste batzuek erabateko itzalean geratzen bai ziren.

Argazkiak egiteari ekin nion: pankarta osoa, parte hartzaileak, detaileren bat… Hernani kaletik abiatu zen jende saldoa, eguzkitan, Alderdi Eder ondotik, Andia kalera okertu eta hemendik Miramar kalera jo zuten, Urbieta kalera sartzerakoan manifestazioa itzalean geratu zen arte. Gutako batzuk jada joanak ziren, Gaskara edo beste nonbait, baina nik banuen zerbait egiteko gogoa, eguzki alu hari nolabait etekina ateratzeko asmoa.
Urbieta kaleak San Martin gurutzatzen duen tokian jarri eta handik itzalean zetorren manifestazioari argazki pare bat bota nizkion, kamera esku batez buru gainetik igo eta gutxi gora behera enkuadratuz, manifestazioa niregana zetorren bitartean. Lautan sakatu nuen botoia zehazki esateko, KLIK, KLIK, KLIK eta KLIK. Ordurako ohartuta nintzen argitan zegoen San Martin kalera okertzerakoan eguzkia atzetik izango zutela manifestariek, itzalak erabat ilundu eta siluetekin eta pankartaren zuriarekin jolasteko aukera izango nuelarik.

Jiroa hartuko zuten unea polita izango zela pentsatuta, diafragma apur bat itxi, abiadura asko igo, makurtu eta zain geratu nintzen. Eguzkia etxeen atzetik zetorren gogor. Hasi zen pankarta zuria azaltzen, atzetik argitutako plastiko hartan jendearen siluetak ikusten ziren eta beraien aurrean, errepidean, itzal luzeak uzten zituen. Pankarta guzia eguzkitan zegoen arte zain geratu eta momentu hartan, atzetik zetorren jendeak argia tapatu aurretik KLIK egin nuen. Zutik jarri, pausu batzuk atzera eman, kamera begi parean jarri eta beste bizpahiru argazki atera nituen KLIK eta KLIK.

Banuen zerbait, baina bada ezpada, San Martin kalean beste argazki batzuk atera nizkion jendeari, argazkiak argi kontra sekula atera behar ez direla dioen arau hori berriro ere askara botaz.

Handik Anoetara jo nuen, eskubaloi partidari argazkiak ateratzeko eta gauean etxera, argazkiak agentziara bidaltzeko; arratsaldeko sentsazioa zuzena zen, banuen zerbait, seguruenik  zuek sekula ikusiko ez zenutela pentsatu baina erakutsi behar nuela uste nuen argazki bat.

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.