Euskal Herriko ekonomiaren azterketa zenbait adierazleren eskutik
2012n Euskal Herriko BPGak jaitsiera apal batekin eman zion amaiera urteari hainbat estatistika iturri ofizialen behin-behineko datuen arabera. Bilakaera hau bera izan zuten Belgikak eta Erresuma Batuak. Epealdi luzeago batetik behatzen baditugu datuak Euskal Herriko BPGaren gora beherak EB-15koak izan dituenaren oso antzekoak izan dira, alta, urte batzuetarako emaitzak baikorragoak izanik. Edozein kasutan, hau ez da aitzakia 2007a geroztik euskal ekonomiak jasaten ari den zailtasun egoerari ezikusia egiteko, izan ere, 2009an hazkunde negatibo altua izan zuen eta ordutik hona aireratu ez den ekonomiari eusten baitabil, azken urteko datuek adierazten dutenez. Euskal Herriko ekonomiaren zenbait adierazle 2013 lanean, banan-banan, egoeraren azterketarako oinarri izan daitezkeen adierazleak eta hauen bilakaeran sakontzen da.
Aldi berean, Mikel Zurbano EHUko irakasleak, datuetan oinarrituz egoeraren analisia egiten du. Hona hemen aurrerapena:
“BPGaren bilakaera kaskarrean eragin dute hala kontsumoak nola gastu publikoak. Lehenaren zantzua Euskal Herriko errenta erabilgarriak nozitu duen geldialdiak erakusten du, zeinak zergak kendu ondoren euskal herritarrek gasturako duten errenta eta eros ahalmen urriagoa bistara ekartzen duen. Ez da harrigarria, beraz, kontsumoaren murrizketa aurrezkiaren jaitsierarekin ematen dela baieztea. Ezaguna da ere, batik bat 2010etik troikak ezarritako baldintzen haritik gastu publikoaren murrizketak gogorrak izan direla eta zikloaren zentzu bereko neurri honek BPG are gehiago uzkurtu duela. Honen ondorio da ere, Euskal Herriko I + G gastuaren beherakada nabarmena zeinak bertako enpleguan eragin duen.”