Kutxabank ala Cuchabanc?

Kutxabank

Xabier Castrillonek Berriara bidalitako salaketak eman dit idatzi honetarako aitzakia. Euskararen osasun hauskorraren adibide garbia da Kutxabank-ekoa, beste erakunde batzuena bezainbeste.

Duela oso urte gutxira arte Kutxak euskaldunak aintzat hartzen zituen, eta euskararen erabilera normalizatzearen aldeko urrats sendoak ematen hasia zen. Baina banku bilakatu denetik euskarak eta euskaldunok ez bide dugu lekurik Kutxabank-en.

Bere gutunean salatzen duenez, Xabier, Kutxabank-eko Irungo bulego batera joan zen izapide batzuk egitera. Berez, berezitik ezer ez daukan ekimena. Baina! …. Baina zer otuko gizonari, eta izapideok euskaraz burutu nahi izan zituen. Non eta Kutxabank-en! Okurritzea ere…

Jendea hartzeko hiru langile zeuden antza denez. Hirurak erdaldun peto-petoak, dirudienez. Xabierren eskariari erantzunez, langile euskaldun baten bila abiatu da horietako bat… ordu laurden geroago heldu omen da langile euskalduna.

Eta galdera da, Kutxabank-ek zer dauka? Langile euskaldun ibiltari bat eskualde bakoitzeko? Zergatik ez, Kutxabank-en gisako izen probintzianoak alde batera utzi, eta Cuchabanc, Cajabanc edo Boxbanc erabili? Areago, Bask-kauntrin (gui ar bask, bai-bai espain…) hain bogan dagoen Center apelllidua erantsi dakioke, Boxbanc Center (y olé)… “Y-olé”, España marka arrakastatsuari heltzearren, noski.

La Caixak, Santanderrek, BBVA-k eta bestek arrasto polita utzi dute nonbait.

(Argazkia: el diario.es)

4 pentsamendu “Kutxabank ala Cuchabanc?”-ri buruz

  • Kutxa ez. Bistan da.
    Bank… Ba ote dakite ingelesez?
    Banco, seguru baietz.
    Ta Banque? Agian, “Frantziatik” hurbil dagoenez…

  • Asier Isasa 2013-06-05 22:15

    Gipuzkoan Kutxak Gizarte Ekintzak bultzatzen zituen (kultura, onkologikoa…) Onkologikoarekin egiten ari dena ikusita, garbi dago Kutxabank ez dela gipuzkoarren Kutxa. Horrela egiten badute, Onkologikoa desagertzera kondenatuz adibidez, gipuzkoarrok gure nominak eta gure aurrezkiak beste banku batean kobratu eta gorde egin beharko ditugu. Agian elkarrekin pausuak emateko ordua iritsi da.

  • Onkologikoarekin, eta banku honen zerbitzuko lanetan hartu dituen beste hainbat erabakirekin (Ibermaticarekin, eta abar); edo gizarte ekintza probintzia bakoitzean ze portzentajetan jaitsi duten. Azken finean absortzio bat izan dela dirudi, eta ez fusio bat. Ta ez dira konturatzen (edo bai, eta berdin zaie) zer nolako erresumina sortzen duten gauza batzuek, Eusko Jaurlaritzaren jarrera batzuei gehituta, gainera.

  • Cucaracha Bank hobeto.