Euskal Herriarentzat ereduak

Euskal Herriarentzat ereduak (mahai-ingurua)

“XXI. Mendeko abertzaletasunaz” EHUren udako ikastaroen barruan, “Euskal Herriarentzat ereduak” izan dute berbagai Jule Goikoetxea (unibertsitateko irakasleak), Josune Ariztondo (EAJko politikariak) eta Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusiak). Elsa Pamparacuatro (Ahal Dugu alderdikoa) ere bertan izatekoa zen, mahaiaren laugarren hanka modura –“patria (& matria)”-z mintzatu baitira azken kanpainan-, baina eri zegoela eta, kale egin zuen.

Euskal Herriarentzat ereduak (mahai-ingurua)

Maddalen Iriartek gidatu zuen eztabaida. Proposamena jaso zuenean, aitortu duenez, “urrutira begira” planteatu ei zuen, XXI. Mende futuristara, mendearen seirena igaro bada ere. Eta azken gertakariak ezagutu gabe, Europako zurrunbiloa, Espainiako hateskundeen emaitza… Gure testuingurua bizkor aldatzen dela-eta, XXII. Mendea iritsi baino lehen heldu beharko zaio hausnarketari.

Galdera batek ireki zuen jarduna:

“Zer da eta zertarako nahi duzu abertzaletasuna”

 

Jule Goikotxeak hartu zuen hitza aurrena. “Abertzaletasuna eta nazionalismoa sinonimotzat ditut, mugimendu politiko gisa ulertuta -bi ardatzekin, komunitate politiko bat ez desagertzeko ala zabaltzeko helburuarekin-“ Irakaslearen izenean, bi eskola nagusi izan ditu, modu historikoan eta zuzenbidetik jorratu baita; “eta unibertsitatetik nazionalismoaz esan den guztia oso murritza izan da beste mugimendu batzuekin konparatuta, ez da asmatu distantzia batetik teorizatzen”.

Eta zertarako? “Helburu politikoak lortzeko”. Izan ere, normalean jendeak bere herriaren alde egiten du, denok gara nazionalista, eta beraz, batzuetan hutsala izan daiteke, Goikoetxearen esanetan. “Eta zerbaitetarako izan behar da, balio behar du. Ez dakigu zer dugun amankomunean eta zehaztapenak egin behar ditugu, zer nahi dugun erabaki”.

.

Josune Ariztondok “nazio eraikuntzarako barneratua duen lotura eta bizitzeko modu” bezala ulertzen du abertzaletasuna. “Kontua da, XXI. mende globalizatuan, nola bizi duen bakoitzak, eta nola jarduten dugun gizartegintzan eta politikagintzan -bi terminoak bereizi zituen-. Abertzaletasuna ulertzeko modu asko daude”.

“Nazio eraikuntza kontzeptu dinamikoa da, egoera soziopolitikoen eta kultura politikoen araberakoa, eta orain ere berdefinitzen ari da”. Eraikuntza horrek, jeltzalearen aburuz, oinarri bakarra du, “demokrazia bere zentzurik zabalenean. Euskal gizartearen nahia eta erabakiarekiko errespetu eraginkorra, bi baldintza barne hartuta, gizabanakoen eskubidea eta gehiengoen aitortza egin eta gutxiengoen eskubideak errespetatu”.

Zertarako? “Euskal nortasun eskubideak bermatuta, komunitate osoa hobeto bizi dadin”.

.

Ainhoa Etxaidek, bere aldetik, aitortu zuen sindikalismotik etorkizuna irudikatzeko erronkan sartuta dabiltzan honetan, ez dutela berbarik egin abertzaletasunaz, “baina eztabaidaren emaitza ardaztuko duena da”.

LABeko idazkari nagusiarentzat abertzaletasuna “aberriarekin lotura da, kontsientzia politikoa. Euskaldun izatetik ematen den urratsa eta independentismoaren subjetu nagusia, nortasun krisiarekin trantsizio batean dagoena”.

Euskal Herriarentzat ereduak (mahai-ingurua)“Alde identitarioa balioa galtzen ari da gure jendartean, orain ekonomiak ardazten gaitu -aspektu hau ere identitarioa dela erantzun dio Goikoetxeak, eta bat etorri dira-. Posizio sozial bat lortzeak, kontsumitzeko gaitasuna izateak, premiak asetzeko gaitasunak, behar dituzun zerbitzuetara heldu ahal izateak”. Bere kasuan, aspektu identitarioak garrantzia handia du abertzaletasuna ulertzeko moduan, eta ez dio muzin egin nahi, kezkagarritzat baitu aspektu horren ahultzea.

Zertarako? “Abertzaletasuna nahi dut identitate bat edukitzeko, nortasuna, eta Euskal Herriari proiektu bat eskaintzeko. Ezinezkoa izango da bakarrik abertzaleen artean egitea, baina euskal Estatua sortu nahi bada derrigorrezkoa da abertzaleek egitea. Eta garrantzitsua euskal terminoa”.

.

Nola egin Estatua

“Nazio eraikuntza hitza edukiz bete behar da -dio Goikoetxeak-. Nazioa bagara, eta horrek ez du, erabakimen politikoari dagokionez, eskumen handirik. Estatuak bai. Hobeto bizitzeko Estatua behar dugu”.

Prozesu independentista abian jartzek amankomunean duguna bilatu behar dugu -zer ulertzen du jendeak Euskal Herri moduan, eta lurraldeak laguntzen du horretan, kontainer bat ematen du aurrera egiteko-, filosofoaren esanetan; “eta mahai gainean desberdintasunak jarrita, egunerokoan konfrontatu”.

Balizko independentzia horretarako bidean, “oso tresna garrantzitsua” da nazio eraikuntza, Ariztondo politikariaren aburuz -EAEz mintzo dela dirudi, eta eraikuntza jeltzaleen lidergopean ulertzen duela  esan du-. “Nazio eraikuntza indartzen ez bada, arriskua dugu erabakitzeko unea heldu eta alde beharrean aurkako emaitza izatea”. Eraikuntza horretan, euskaldunon artean inplizituki eman diren adostasunak -hezkuntza, euskara…- esplizitatu beharra aipatu zuen jeltzaleak, behin baino gehiagotan. Eta kontrara, azkenaldian adostasun gutxi izan dela ihardetsi dio Etxaidek.

Izan ere, “Euskal Herriari borondatea eta anbizioa falta izan zaio”, Etxaide sindikalistaren esanetan. “Ikusten dut zein erantzun eman zaion krisiari, eta ez dugu jokatu Estatu bat edukitzeko helburuarekin. Eta badira premiazko baldintzak”.

“Ez dugu sinesten independentzian, Estatua egitera goazela ere kokilduta esaten dugu-eta!”. Etxaide prest dago bidea lasai egiteko, baina jada ez ei du pazientziarik nora jo erabakitzeko orduan, behin baino gehiagotan esan zuenez.

Etxaideren borondate eta anbizio faltarekin ados, “nik haserrea gehituko nuke”, bota zuen Goikoetxea donostiarrak. “Jendea  ez dago haserre -eta badira arrazoiak, hemen ere-, eta prozesu independentistak abiatzeko, generalean, izaten da”. Bata zein besteari soseguz erantzun die Ariztondo ondarroarrak. Bakarrik haserre daudenekin ezin da independentzia lortu, subjetu iraunkor bat behar da Estatua lortzeko, eta hori lortzea zaila da.

“Iraunkortasuna Estatu itunek ematen dute”, erreplika Etxaide hondarrabiarrak. Egin ditzagun bada.

Euskal Herriarentzat ereduak / Euskal Herriarentzat ereduak / Euskal Herriarentzat ereduak

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.