Euskal Herrian euskaraz?
Euskal Herrian euskaraz
Koadrilako batekin gai honetaz hitz egiten egon naiz: zenbat euskaldunekin mintza zaitezke euskaraz, elkarrizketan zehar isilune deserosorik egon gabe, zer baino nola esan ez jakiteagatik? Alegia, zenbatetan gertatu zaizu denda, taberna, instituzio edo dena delakora sartu edo deitu, euskaraz hasi eta “erdaras mesedes” bat jasotzea erantzun bezala? [1]
Tamalez, guztioi sarritan gertatu zaigun zerbait da. Horrelako mementoetan edozer gauza senti dezakegu: amorrua, pena, haserrea, grazia. Batzuei, aitortu beharrekoa da, bost axola zaie, bi hizkuntza dauzkagu, eta bietan mintzatzeko gai baldin bagara, zergatik sentitu behar dugu gaizki? Bestea, azken finean, okerrago sentituko da bezeroa jarraitzeko gai izan ez delako. Ez zaigu batere kostatzen hizkuntzaz aldatzea.
Baina gai hau askoz haratago doa. Gai hau errespetu kontua da. Espainiako Erreinuan bakarra da hizkuntza ofiziala, gaztelera. Baina Euskal Autonomia Erkidegoan (eta baita Nafarroako gune batzuetan ere), euskara gazteleraren maila berean dago. Hortaz, zergatik ez da “derrigorrezkoa” euskaraz mintzatzen jakitea? Eremu honetan pertsona orok dauka erantzuna euskaraz jasotzeko eskubidea.
Argi dago Francoren diktadura bizi izan zuten askok ez zutela hizkuntza ikasteko aukera handirik izan, baina euskara legeztatzeaz gain, eskolak eta ikastolak sortzen joan zirenetik, ez dago aitzakiarik euskaraz ez jakiteko. Hizkuntza zaila dela, antzekorik gabekoa, aditz korapilatsu gehiegi dituela eta ahoskatzeko ezinezkoa dirudiela ondotxo dakigu denok, baina “impossible is nothing”.[2]
Arazoaren oinarria eta mamia non daude, beraz? Nork dauka kaletik gaztelera euskara baino gehiago entzutearen errua? Irakasleek? Gurasoek? Gizarteak? Gobernuak? Edo guk geuk, agian, alferkeria hutsagatik besteei mesedea egitera pasatzen garelako, askotan ere ez daukagulako nahikoa pazientziarik besteari euskaraz hitz egiten uzteko?
Zabal dezagun euskara den ate jaioberri, misteriotsu eta liluragarri hori.
[1] “En castellano, por favor” erantzuten ez dizutenean, noski.
[2] Ezer ez da ezinezkoa.
Oso ondo, Marina.
Gero eta gehiago gara hizkuntza intsumisioak, eta eutsi. Euskera oraindik ulertzen ere ez dutenak, zuzenean sentitu behar dute gure bazterketa. Eta ulertzen dutenak, gure esker ona euskeraz jarraitzeko aukera ematen digutelako.
Ondo ere ingelesagatik. Ingelesak zabaltzen digu gaurko mundua, espainol herrenak baino mila aldiz arinago eta zabalago. Euskera, gurea, ingelesa mundurako.
Gabon Pasa
Bittor
Behin eta berriz aurkezten da, euskalduna, gutxienez elebiduna, hizkuntza batean nahiz bestean arazorik gabe moldatzeko gai den gizaki moduan. Eta bere euskaltzaletasunaren arabera elebakarraren aurrean eduki beharko lukeen jarrera eta posizioa auzitan jarri.
Aldiz, eta Idoia Etxeberriak – Larrepetit, orain egun gutxi Berrian azaldu bezela, Euskaldunberriaren Ajeak, bagara zeinbaitzuk euskaraz hitzegitearena borondate hutsetik aratago posiziotzat daukagunak. Euskaldunak gara, beste ezer baino gehiago euskaldun egin zigutelako gure gurasoek, euskaraz hitzegiten dugu egunerokoan. Eta erderaz hitzegitean ajeak dauzkagu. Eta beste euskaldun askorentzat ere ikusezinak gara. Euskalduna elebidun perfektu modura aurkezten baita behin eta berriz.
Gaur egun, zoritxarrez, euskara ez da beharrezkoa Euskal Herrian, ezta Leitzan, Azpeitian edo Ondarroan ere. Eta beharrezkoa ez den hizkuntza bat -Txillardegik dixit- galdu egingo da. Afera honetan bi maila kontuan hartu behar dira: maila pertsonala (militantzia linguistiko etengabea eskatzen duena, eta baita nortasun erregaitza ere) eta maila politikoa (euskararen aldeko neurriak behar dituena, lurraldetasun linguistikoaren ezarpena, esaterako). Haien hizkuntza salbatu duten Herriek (flandriarrek, quebectarrek…)bi maila horietan tinko eta gogor jardun dute.
Oso interesgarriak dira Juan Inazio Hartsuagaren hausnarketak. “Euskararen egoerari irizten” liburuxkan irakurgai daude. Gaur egun inoiz baino euskaldun gehiago dago (egoera diglisikoan bada ere), baina inoiz baino euskaltzele gutxiago. Ondarroan bizitzeko ere beharrezkoa izan gabe, euskarak aurrera egiteko daukan indar bakarra euskaltzaletasuna da, militantzia aktiboa.
Izarpezelairekin erabat ados. Gurean maila politikoan apenas egiten da ahaleginik norbanako militanteen ahaleginari babesa emateko. Eusko Jaurlaritzn bertan, Etxenike eta enparauen ahaleginek ez dute jarraipen duinik izan, EAJri euskara agenda aspaldi jausi zitzaion, eta Ezker Abertzaleak berak ez du aurkeztu oraindik euskararen berreskurapenerako planik. PPSOE, artean, oztopoak eta amarruak jartzen diraute nekaezin. Alderdi abertzaleek ez badiote seriotasunez eusten, euskararenak egin du, ez gaur, ez 20 urtetan, baina bai belaunaldi gutxi batzuetan.
Portzierto, Marina, euskara ez da este ezein hizkuntza baino zailagoa, korapilatsuagoa, edota abar. Oinarririk gabeko mito kaltegarriak dira, kanpoko “lagunek” egotziak. Ez gaitezen horietan eror, ahal dela.
Ezker abertzaleko batzuek jadanik egin zuten hautua aspaldi: mundu guztiak ulertzen duen hizkuntza gaztelania da, eta horixe da lehenengo erabili beharrekoa.
“Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa liburuaren jatorrizko bertsioa gazteleraz da. Hortaz, saiakera egiten ari gara ahalik eta lasterren euskaraz argitaratzeko.”
http://eltiempodelasluces.naiz.info/naiz01.html
Ez zaitez horrela jarri, Assar. Baskoak erakartzea da garrantzitsuena; gero euskaldunduko ditugu.
Lehenik espainieraz, eta ondotik euskaraz.
Euskaldunak berriz ere “de segunda división”, ez agintari espainiazale baten eskutik, agintari abertzale baten eskutik baizik. Ezker Abertzaleko erreferentziarik nabarmenenetik gainera.
Kojonudo.
Urratsez urrats guztiz amildegiratu arte.
Baskoak euskaldundu?
Gure Bantustanian Gara erosten dutenak euskaldunak dira ta!
Euskaldunak baskotzen ari gaittuk.
Lurraldetasun linguistikoa ezarri arte, ez dago zer eginik. Hots, Euskal Herrian gune euskaldunak izendatu, eskualde euskaldunak, bertan euskara derrigorrezko hizkuntza izanik (Suitzan edo Belgikan daudenen antzera). Lortu behar da euskara BEHARREZKOA izatea (sikiera eremu batzuetan), jakina baita beharrezkoa ez den hizkuntza desagertzera kondenatuta dagoela.
Hots, Lekeitiora doan Bilboko erdalduna edo Azpeitira doan Donostiakoa euskararen presioa senti dezatela. Horretarako hizkuntza politiko ausarta behar da, konplejurik gabeko Gobernu abertzale batek ezarrita.
Ideia hori ez zait batere gustatzen. Oker ez banago, antzeko sistema jarri zuten martxan Irlandan independentziaren ondoren, eta ez zuen ezertarako balio izan, ingelesari estatus ofizialagoa emateko izan ezik. Ezin dugu euskara isolatu, beti izango du erdara ondoan, eta hori jakinda pentsatu behar da. Legeek eta erakundeek asko egin dezakete euskararen alde zein kontra, baina euskararen betiko indarra norbanakoaren militantzia da eta izango da. Euren burua euskaltzaletzat daukaten asko eta asko ez dira benetan euskaltzaleak, edo ez dute euskaltzaleak bezala jokatzen. Zoaz, adibidez, Huesca edo Cantabriako kanping batera udan: familia euskaldun piloa topatuko duzu, erdaraz nagusiki, %80/90 erdaraz, elkarrekin zein beste familia euskaldunekin, nahiz eta tarteka-marteka euskaraz aritu, euskara jatorrean eta nekerik gabe. Nik ez dut hori kriminalizatu nahi, baina horrelako pertsonek jakin behar dute horrela ez direla euskaltzaleak, euskaltzale batek euskara lehenetsi behar duelako. Bestela, jatorria argitu eta kontzientzia txarra garbitu besterik ez da lortzen. Ez da beharrezkoa Artzeren hitzak gogoratzea, eta nahikoa da esatea etxean euskara egiten ez bada, kalean ere ez. Baina lehendabizi kontzientziak astintzen hasi behar dugu.
Horretarako estatu propio bat behar da.
Horixe bera azaldu beharko liekete Arnaldo Otegiri, Iñígo Urkulluri eta beste politikari abertzale askori: ez direla euskaltzaleak, euskaltzale batek euskara lehenetsi beharko lukeelako.
Gero hor ibiliko zaizkigu, euskararen erabilerarekin “kezkatuta” hango eta hemengo politikari abertzaleak, “gazteek ez dute erabiltzen”, “langileek ez dute erabiltzen”, kalean ez da erabiltzen” eta horien antzeko “aurkikuntzak” eginez.
Euskara lehentasunezkoa izango den guneak behar-beharrezkoak dituela ulertu diot nik Izarpezelairi, besteak beste, euskara hutsez ezinezkoa delako kolonizatzaileon menpean. Ez da geratzen Euskal Herrian euskara hutsez bizi den herririk, ezta auzorik ere, oraindik ere ghettoaren arriskuez ohartarazten gaituztelarik.
Ba ez, politikari abertzale gehien-gehienak ez dira euskaltzaleak. Egon badago baten bat, baina oso gutxi. Kontu honetan aitortu behar dut nik honezkero ez daukadala pazientziarik, eta edozein aitzakia edo arrazoi adar jotzea iruditzen zait. Egia esan dezagun: Otegik liburua erdaraz atera du, ez baskoek irakurtzeko, espainolek baizik.
Otegik ezin ditu bere idazkiak argitaratu euskara EHko hizkuntza hegemonikoa balitz bezala, ez da-eta. Gauza berbera esan dezakegu Garari buruz.
Ez dut esaten euskaraz bakarrik atera behar duenik, baina aldi berean euskaraz eta erdaraz ateratzea ez da asko eskatzea. Gure jendeak euskarari eta euskaldunei gutxieneko begirune hori ez badie, zer eskatuko diegu besteei? Arazoa da denbora pasatzen dela, hamarkadak, eta berdin-berdin jarriatzen dugula, betiko egoera eta betiko aitzakiak, orain dela 35 urte EGINerako balio zuenak gaur GARArako balio du. Ez dira milimetro bat ere mugitu!
Nola ezin duela euskaraz solik atera? Euskal Herrian zerbait euskaraz soilik argitaratu badaiteke, hori ezker abertzalearen buru nagusia den Arnaldo Otegik biktimekiko begirunea eta barkamena eskatzen duen liburu bat da, liburu horrek ez baitu oihartzun izpirik ere galduko euskaraz egoteagatik, eta balio sinboliko ikaragarria izango luke.
Eta oraindik ere ezker abertzalearen multzo soziologikokoa den jende askok ezker abertzale erdaltzale horre jokabidearen inguruan kritika minimorik ez erakustea benetan penagarria da. Zertarako darabiltza ezker abertzaleak subirautza eta antzeko hitz potoloak? Irlanda al da ezker abertzalearen eredu kulturala? Gaztelaniazko eta frantsesezko sagardotegiak eta euskal dantzak?
Eta bestetik, oraindik are penagarriagoa dena da Otegik eta Garako kazetariak elkarrizketa gaztelaniaz egin izana (hala bada, ez dakit, baina ia segurutzat daukat horrela izan dela). Ala horretarako ere euskara Euskal Herriko hizkuntza hegemonikoa izan dadin itxaron behar dugu?
Barkatu, seme, hemendik aurrera ezingo dizut euskaraz egin euskara gure herrian hegemonikoa balitz bezala, ez da-eta. “Maitia”, “egun on”, “zer moduz” eta holakoekin konformatu beharko dugu. Eta telebista ikusi, ogia erosi, eta Gara euskaraz irakurtzeko, euskara hegemonikoa izan arte itxaron beharko dugu.
Bada, Otegik, Urkulluk eta konpainiak iruzur egiten digute Euskal Herriko hizkuntza euskara dela esaten dutenean. Edo esaldia ez dute bukatzen, hori ere baliteke.
Nola ez digute barre egingo Espainiarrek bada.
“(…) Eta, Euskal Herrian? Argi dago gaur gaurkoz euskara ez dela hegemonikoa Euskal Herriko askapen prozesuan.
Euskaldunoi dagokigu hori horrela izan dadin behar den herri presioa toki guztietan eragitea.”
Joseba Alvarez Forcadak berriki idatzia
(nik hemen irakurria: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1346919499 )
Hitzez hitz sinatuko nuke assar-ek idatzitakoa. Ados Gonzalorekin ere.
Ezker Abertzalean assar-ek salatutakoa justifikatzen dutenei zuzendua doa galdera:
Nola bihurtuko dugu euskara hegemoniko Euskal Herrian Otegiren edo Gararen ereduei jarraiki? Herria euskaldunduko da… erdarak erabiliz?
Bistan da, Josebak Alvarezek badu nahikoa lan etxe barruan ere.
Nik berriz lurraldetasun linguistikoari eusten diot. G. Etxaguek aipatzen zuen Irlandan hori probatu zela eta huts egin zuela. Barkatu, baina ez da hori nik proposatutakoa: nik Irlanda ez dut adibidetzat jotzen (hori baita munduko politika linguistikorik txarrena) , nire eredua Suitzako edo Belgikako lurraldetasuna da.
Gure kasuan horrek zer esan nahi duen? Oso erraza: eskualde euskaldunetan (Gipuzkoa gehiena, Bizkaiko Ekialdea, Nafarroako Ipar-mendebaldea…) euskara hizkuntza ofizial BAKARRA, denok ezagutu beharrekoa eta administrazio-hizkuntza nagusia. Hego Euskal Herriko gainontzeko tokietan (hiriburuetan, Araban, Bizkaiko Mendebaldea, Nafarroa gehiena…) eremu elebiduna izendatu, orain den bezala. Modu horretan lortuko genuke Txepetxe-k aipatzen zituen “gune guztiz euskaldunak”, euskaraz bakarrik funtzionatzen dutenak, eta Hego Euskal Herriko eremu zabal batean euakara BEHARREZKOA izango litzateke. Berriz diot, hori egin ezean euskara ez da inoiz beharrezkoa izango, eta beharrezkoa ez den hizkuntza goiz ala berandu desagertu egiten da
Irlanda eredutzat hart ez eta Nafarroa bai? Hala ere, proposatzen duzunerako independentzia behar da lehendabizi, gaur egun inkonstituzionala izango litzatekeelako.
Bai, Gonzalo, independentzia behar dugu lurraldetasun linguistikoa ezartzeko. Baina bien bitartean, agian Euskararen legean hobekuntza txiki batzuk egin zitezkeen, eskualde batzuetan euskararen erabilera lehenetsiz.
Txillardegiren esanetan: “Estatu batekin agian euskara salbatuko da. Estaturik gabe, ziur ezetz”. Burujabetasunik gabe, zaila du gure hizkuntzak bere iraupena.
Independentzia lortuta, nik euskara jarriko nuke hizkuntza ofizial bakarra, eta 10 urteko moratoria kristu gurutzatuek ere euskaraz ikas dezaten, Ondarroan eta Gasteizen. Agian, gaztelaniari eta frantsesari estatus berezia aitor lekieke, bigarren hizkuntzatzat ingelesa aukeratuko banu ere, Herbeheretan bezala.
Bien bitartean, lan asko dago egiteko. Hobekuntzak egin daitezkeela diozu, eta ados nago zurekin. Txillardegik bezala pentsatzen dut. UEMA legearen bidez saiatu zen hori egiten, alferrik, baina egin behar dena egitea da: Udalak den-denak euskaraz egiten du, eta baten bat kexatzen bada, erdaraz bidaltzen zaio gutuna edo dena delakoa, ahal bada, Pernando Amezketarrak egingo lukeen itzulpenarekin. adibidea besterik ez da. Euskara beharrezkoa izatea gure esku ere badago.
Dauzkagun alderdi abertzale erdalzale hauekin, alferrik ari gara lurralde euskaldunekin amets egiten. Espainiera da politikari abertzaleen lehen hizkuntza (eta askoren kasuan bakarra).