Euskal Herrian dimititu egiten da (eta beste hainbat kontu)

Atzo hasitako atalari jarraipena emanez, hona gaurko egunak eman duenetik jakin behar zenukeena. Ezin jakin noiz egingo duzun igogailuan topo laugarreneko bizilagun orojakilearekin, eta ez duzu noski hura baino gutxiago izan nahiko!

NOGERASS

Atzoko zurrunbiloaren ostean -arratsalderako iragarrita zegoen prentsaurrekoa bertan behera utzi zuen Nogerasek, azalpen garbirik eman gabe-, Donostia 2016 proiektuaren zuzendaria zenak kargua utzi duela zabaldu da gaur; bihar goizeko 11tan emango ditu azalpenak.  Airean telebista saioan Juan Karlos Izagirrek giroa baretu nahi izan du “kultur hiriburutza ekimen arrakastatsua izango dela” aurreratuz, baina ekintzen bitartez arindu beharko dute dimisioen karga. Egun berean, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren aholkularia kargutik kendu du Eusko Jaurlaritzak. Horretan ere Euskal Herriak ez du espainiar estatuaren antzik; Ebrotik behera, dimisioak eta kargugabetzeak izaki mitologikoak dira.

Azken aldian bolo-bolo dabiltza berri eta iritzi optimistak, baina EAEn bederen, langabe kopuruak gora egiten jarraitzen du: martxoan %1,20 igo da. Nafarroan aldiz, 658 langabe gutxiago daude pasa den hilean baino.  Guztira Hego Euskal Herrian 230.500 pertsona daude langabezian egun.

Langabezia igo bai, baina dirudienez inguruotan krisiak ez digu denoi berdin eragiten.  EAEko 9.200 zorionekok espainiar estatutik kanpo 50.000 eurotik gorako ondasunak dituztela adierazi berri dute. Baina oro ez da urre, eta dirudienez, gehienak Hendaia eta inguruan etxea duten herritarrak dira.

Larunbat honetan abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egingo da Iruñean. Mugimendu Feministako hiru burkide elkarrizketatu dituzte Topatu.info-n, parte hartzeko deia eginez.

Ea biharko egunak zer dakarren.

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.