Euskal Herria Aro Planetarioan

Euskal Herria Aro Planetarioan

Euskal Herria Aro Planetarioan
Historia fakultateetan oraindik ohikoak dira termino hauek: Erdi Aroa; Aro Modernoa; Historia Garaikidea, Postmodernitatea. Haatik, hemendik urte batzuetara, bizi dugun garai honi «Aro Planetarioaren hasiera» deituko diotelakoan nago. Aro Planetario terminoa jatorri sefardia duen Edgar Morin pentsalari frantsesak plazaratu zuen. Idazle emankor horrek maisuki proposatu zuen moduan, Aro Planetarioak bost mendeko aurrehistoria izan du.

Edgar Morin

XVI. mendean lurraren lurralde guztiak harremanetan jartzeko bidea aurkitu zenetik, mundua aldatzen hasi zen, abiadura bizian. Afrikatik irtendakoan, lurraren bazter guztietan barrena barreiatu zen espeziea, gurea alegia, hamaika adartxotan sakabanatu zen mundutik, ulertzeko milaka modu asmatu zituelarik. Denborak aurrera egin ahala, gero eta ezberdinago bilakatu ziren kultura eta taldeak. XVI. mendetik hona aniztasuna murrizten joan da eta gure espeziearen diaspora elkartzeko bideari ekin dio.

Aro Planetarioaren aurrehistorian protagonista nagusiak Europako mendebaldeko nazio txiki batzuk izan ziren. Estatu izaera hartu zuten talde horiek antropozentrismoaren gaitzaz jota zeuden. Sarraskia izan da aurrehistoriaren ezaugarrietako nagusia: ondasunen sarraskia, gizakien esplotazioa, emakumeen bazterketa, herrien zapalketa…

Europan gertatu zen hazkunde demografikoak ondorio latzak izan zituen. Milioika europar atera ziren euren jatorrizko lurraldeetatik eta euren bizimodua inposatu nahi izan zuten. Lasterketa eroak, aurrehistoria horren hondarretan, bi Mundu Gerra odoltsuetara eraman gintuen.

Aste hauetan, Siriako errefuxiatuen mugimenduak Aro Planetarioan zeharo murgildurik gabiltzala egiaztatu du.

Mugimendu nazionalistak XIX. mendean izan ziren iraultzen uholdean koka daitezke. Nekazari munduaren nagusitasunaren amaierarekin batera bizimodua errotik aldatu zen. Dirua izatea derrigortu zen, soldaduska inposatu , denbora ziklikoa eta pausatua kronometratu zuten, familia zabalaren babesa ahuldu zen. Estatu-Nazioaren boterea etxe barruraino heldu zen. Minorizatutako nazioak anaia-arrebatasun sinbolikoa landuz, kapitalismoak eta inperialismoak sortu zituzten hutsuneak betetzen ahalegindu ziren.

Nazio minorizatuen nazionalismoaren aldarrikapenek osagarri sozialak zituzten, izan ere, herri-burujabetzarekin batera hasten ziren mugimenduak, demokrazia aldarrikatzen zuten, alfabetizazioa, osasun zerbitzuak, lehengaien kudeaketa publikoa.

Askoz konplexuagoa izan arren, XIX. mendeko nazionalismoetan bi eredu nagusitu ziren: alemana eta frantsesa. Oso interesatuta dauden irakurketa batzuen arabera, Alemaniakoari nazionalismo etnikoa deitu zaio eta frantsesari, berriz, zibikoa. Baina, Joxe Azurmendik bere azkeneko liburuan gogorarazi digun moduan, bi eredu horien arteko desberdintasuna itxurazkoa besterik ez da, biek antzeko Estatu-nazioa eredua eratu baitute: lege bat, hizkuntza bat, ejerzito bat, moneta bat, errege-presidente bat.

Estatu-nazio eredu bikoitz hori zabaldu zen. Nazio batzuek sakabanatuta zeuden herrikideak elkartzeko erabili zuten; besteek lurralde geografiko bateko herriak nazio nagusiaren irizpideen arabera berdintzeko erabili zuten. Aurki, nazio minorizatuetako eliteek nazio inperialisten osagarri eta portaera errepikatu zituzten.

Euskal Herria, Kataluniak eta Eskoziak ez zuten bide hori egiteko paradarik izan, zorionez eta zoritxarrez. Azurmendik berak ederki adierazi berri duen moduan, Euskal Herriak ezin izan zuen bere burua garai berrira egokitu: estatuen menpe, trantsizioa ezinezkoa egin zitzaion eta XXI. mendera herri gisa desagertzeko zorian iritsi da.

Euskal Herria Aro PlanetarioanEuropan askatu ziren nazioekin batera Euskal Herriak bere burujabetza (ber)eskuratu ahal izan balu batek daki zer nolako panorama izango genukeen egun. Ziur aski, euskara Euskal Herri osoko hizkuntza nagusia izango litzateke. Litekeena da hemen ere, orain bezala, kontserbadoreak eta diruzaleak gobernuetan egotea, auskalo. Nazionalismo hura garatzeko aukera pasatu da, eta orain, Aro Planetarioan, minorizatutako herriek eta komunitateek erronka berriak dituzte. Nazionalismotik subiranismora pasatu gara, herrien burujabetza, demokrazia erradikala eta pertsonen burujabetza exijitzen dituen korronte askatzaile berrira.

Estatu-Nazioen jardunaren ardatza uniformizazioa zen, aniztasuna ukatuz eta indarrez sistema, kultura, ohiturak eta lege bakarra ezarri. Egun, berriz, kontrako norabidean joateko beharra dago. Aniztasuna osasuntsu kudeatuko duten nazioak izango dira XXI. mendeko Errepublika demokratikoak, aniztasuna ukatzen jarraituko duten Estatuak totalitarismo berrian eroriko dira.

Egun, Estatu Batuetan jaio diren biztanleen %20ren ama-hizkuntza ez da ingelesa. Katalunian jaio diren pertsonen %51ren ama-hizkuntza gaztelera da, mota guztietako pentsaera, izaerak, baloreak, unibertsoak elkartzen dira mapetan azaltzen diren Estatuen mugen barrutik, azpitik eta gainetik. XXI. mendeko mugimendu subiranistek eta independentistek Aro Planetarioaren konplexutasuna kudeatzeko tresnak sortu beharko dituzte.

Euskal Herria, herri minorizatua, bere jatorrizko lurralde historikoetan bertan minorizatua eta Estatu izaerarik gabe. Ahul gaude, baina, aldiz, abantaila handia dugu: aniztasuna onartzen eta kudeatzen maisu gara. Lehen, agian konplexuek jota, gaur, berriz, kontziente, aniztasuna maite dugu, minorizatuok horrela bizitzen ohituta baikaude. Batzuek nortasun sendoa izanik, asko euren burua berrasmatzen, sarritan telebistako prototipo inozoetan murgiltzen… Baina Estatu-Nazio inperialistak eta jakobino guztiak baino askoz prestuago eta prestatuagoak mundu berrirako.

Hala ere, hau bideragarria izango da soilik, geuk, Euskal Herrian bizi garenok, inolako mugarik gabe antolatzeko gaitasuna badugu. Aldebakartasunetik egin beharreko bidea da. Nazionalista espainiar eta frantziarrak ezin dira egon balizko negoziazio mahaiaren bi aldeetan eta oraingo honetan presa handia dago, Aro Planetarioaren ezaugarrietako bat aldaketen abiadura baita.

Euskal Herria Aro Planetarioan
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude