Garia eta garagarra

Garia eta garagarraEman dezagun gari soro bat lortu nahi dugula. Lurra prestatu ondoren hazia eskuratzen dugu eta hortxe hasten da kalapita: Batzuk hura garia dela, eta beste batzuk berriz, ezetz, hura garagarra dela. Ez eta bai, ezin ados jarri, azkenean hazi hura ereitea erabakitzen dugu eta zain geratzen gara lurrak zer emango duen, eztabaida zaharra behingoz epaitzeko. Udaberriarekin, laboreak garagarra ematen duela ikusten da eta uzta biltzeko garaian ez dago zalantza izpirik, ez eta eztabaidarako zirrikiturik: garagarra da.


Garia zelakoan erein zutenek bi aukera dituzte orduan: oker zebiltzela eta erein zutena garagar hazia zela aitortu, ala, haiek gari hazia erein zutela tematu eta errua aldaketa klimatikoari, erradioaktibitateari edo ozono geruzaren mehetzeari egotzi. Parregarri, ezta?

Patxi Saez-ek berriki, erabili.eus orrian euskararen etorkizunari buruz argitaratutako artikulu bikainean, garia eta garagarraren kontua gogora arazi didan zerbait sumatu dut, bai bere planteamenduan, bai eta bertan jaso dituen ekarpen gehienetan ere. Euskararen alde egundaino burututako ahaleginen balantzea egiterakoan, honelako mezua jaso dut nahiz garbi, nahiz lauso: Asko aurreratu dugu hainbat arlotan (irakaskuntzan) eta orain arazo berriak sortu dira eta horientzat errezeta berriak asmatu behar ditugu, arlo berrietan aplikatzeko (lan mundua, eliteak, e.a.).

Ez dut topatu, ez aski esplizituki adierazita behinik behin, arazo “berri” horiek, aurrerapen handiak bezalaxe, orain arte egindako ahaleginen frutua direla. Alegia, garagarra eman badigu lurrak, garagar hazia erein genuelako izan dela. Esan nahi baita, gaurko ajeak ez direla zerutik etorri, garatutako politiken eta hartutako erabakien ondorio direla, lorpenak ere halaxe diren neurri berean. Gari uztarik ez badugu bildu, garagar hazia erein genuelako izan dela, alegia. Ez ozonoaren geruza edo aldaketa klimatikoagatik.

Auzia ez da broma. Eta helburua ez da zor zaharrak kobratu eta erruak banatzen hastea.

Kontua da sorojabeak oraindik ez dituela agian labore haziak ongi bereizten eta hurrengoan zekalea edo oloa biltzeko arrisku larria dagoela, garian zain gaudelarik. Okerrean tematzea, aldez aurretik uste daitekeena baino askoz ere sarriago gertatu ohi da eta autokritika hotsik hain gutxi entzutea ez da iragargarri lasaigarria.

Gaizki zer egin den (nire iritziz, noski) ez dut orain eta hemen aipatuko, alferrekoa delako entzuteko prest ez dagoenari ezer esatea. Hasierako gogoeta aldarrikatuko dut besterik gabe: Gaurko ajeak, hartutako erabakien ondorio dira, gaurko lorpenak diren bezalaxe. Ez dezagun bakarrik pentsatu zer utzi dugun egin gabe. Pentsa dezagun baita ere zer egin dugun gaizki. Jarrera horretan egonez gero, askoz emaitza hobeak lortuko ditugu eta.

Garia eta garagarra

etorkizuna, euskara, garagarra, garia

Zer duzu buruan “Garia eta garagarra”-ri buruz

  • Martin Rezola 2015-10-22 12:56

    Patxi Saezen bilketa-lan ikaragarriak Anjel Lertxundiren bi ipuin zahar ekarri zizkidan gogora. Lehenengoa, sinpatikoa, “Donostian elefanteak ikusi zirenekoa”; eta bigarrena, kezkagarriagoa, “Tristeak kontsolatzeko makina”.
    Bigarren hori, nagusiki, gure ordezkari instituzionalen ahotik zabaltzen den diskurtsoari dagokio, poziktibityari.
    Arrazoi duzu, Juan Inazio, hiru hamarkada luzeren ondoren ematen du orain zerotik hasi behar dugula, denok pozik eta biribilketa alaian, honetan ere errelato ofiziala auzitan jarri gabe. Eta ez zait zuzena iruditzen. Horren erakusgarri, bi adibide, labur-labur:
    ETB 1en audientzia ia-ia %0tik hurbil egotea ez da kasualitatea, hizkuntz politika baten ondorioa ere bada. Egia da, maiz esaten den moduan, gure aurrekoek ez zutela sinestuko egunen batean euskarak sarbidea edukiko zuenik telebistaren munduan. Baina egia da, halaber, orain hiru hamarkada jaio zenean inork ere ez genuela sinetsiko euskarazko telebistak horrelako deslakabroa izango zuenik. Hastapen haietan, indioak eta bakeroak euskaraz entzuten hasi ginen, pelikuletan euskalkiek zer funtzio bete zezaketen eztabaidatzen genuen… Gure seme-alabek, aldiz, ez dute hori bizi izan, Mari Popins erdaraz ikusten ohitu dira, eta bizkarra eman diote ETB 1 kateari. Atzera egin dugula, alegia.
    Euskal Administrazioak eskura izan dituen baliabideak izanda, ez da erraz ulertzen nola gaur egun ere Jaurlaritzak jarraitzen duen %100ean gaztelaniaz funtzionatzen, buru eta bihotz, baina euskarazko azaleko makillajea, itzulpenean oinarritua, ongi koipeztatua, hori bai. Alde horretatik, Senez aldizkariaren azken aleak Barakaldoko udalaren egoeraz argitaraturiko artikulua berdin-berdin erabil daiteke beste hainbat administraziotan. Honela dio sareko laburpenak:

    “Artikulu autobiografiko honetan, Barakaldoko Udalean euskararen eta itzultzearen inguruko zereginetan emandako 32 urteko ibilbidea dakar gomutara Jone Aldamiz-Etxebarriak. Euskararen dinamizazioa, euskara bera ere, arrotza izan da aipatu udal horretan, kontu testimonial hutsa. Euskarari dagokionez, laguntzaile eta bideratzaile baino, oztopo jartzaile izan omen da Udala. Biztanleen % 18k jotzen du bere burua euskalduntzat, baina politikarientzat euskara ez omen da existitzen hango desertuan.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude