Euskal Herria, Covid-19 bezain ikusezin
Euskal Herria, Covid-19 bezain ikusezin –
Aberri Egunerako deialdia
Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta hogeita lau. Txinatik COVID-19ari buruzko albisteak jasotzean, harriduraz entzuten genituen; Italiatik etorritakoekin hasi ginen kezkatzen, eta Arabarainoko jauziarekin, inoiz pentsatzen ez genuen egoera batean aurkitzen eta larritzen.
Munduan pixkanaka zabalduz joan den pandemiaren ondorioz, estatuen arteko botere-harremanen erakustaldia izan dugu. Estatu bakoitzak nazioartean duen indarraren adierazletzat har daiteke gaitzari aurre egiteko duen ahalmena eta kudeatzeko gaitasuna.
Munduko edozein herritar egon daiteke haserre edo harro bere herriko agintariekin, baina ez, guztiak ez, euskaldunok ez. Horretarako, herriak estatu aske bat izan behar du; kudeatu ahal izateko, hain zuzen ere. Espainiako eta Frantziako gobernuak ez dira gureak, baina ederki asko erakutsi digute hemen nork agintzen duen. Lehenik, Bidasoko muga itxi ziguten eta herria zatitu. Jarraian, militarrak ibili dira hainbat euskal herritan barrena, txakurrak bere eremua txizaz markatzen duen moduan, eta, bitartean, euskal ordezkarien arteko ika-mikan galtzen gara. Oraingoan osasungintzari egokitu zaio txanda; ondoren, ekonomiari, langabeziari… eta behin eta berriro ikusi beharko dugu herri honek ez duela inolako aginterik, Euskal Herria ez dela existitzen nazioartean, autonomia eta elkargoa besterik ez baita.
Hilaren 12an Aberri Eguna ospatzekoa zen. Zer ospatu aberri batek beste bi aberriren menpe dagoenean? Egun horretarako ere ez dugu bat egiten. Hain modan jarritako “guztion artean” horrek ez omen du honetarako balio, jarrai dezagun txaloka. Bitxia da, erabat paradoxikoa, nola bultzatzen gaituzten arazo nazionalaren aurrean ezin elkartu gaitezkeenekin elkartzera gizarte arazoei aurre egiteko.
Ederra litzateke egun horretan gure etxeetan nafar banderaz eta ikurrinaz betetzea herriak, bertakoei, auzokoei eta munduari erakusteko hemen herri bat dagoela, askea eta burujabea izan nahi duen herri bizi bat. Hartara, gure aberrian sinisten dugunok etxe barruan ospatu, eta balkoietan aldarria eskegiko dugu.
.
Jone Elizalde
Euskal Herria, Covid-19 bezain ikusezin
Adierazgarria da herri honen errealitatea argi eta gordin salatu duen Aberri Eguneko deialdi bakarra (eta lehena egin zena) komunikabideetan isilarazia izatea.
Aberri Eguna bera ere abertzaletasunaz hustu eta beste mota bateko edukiez betetzeko behar etsigarriak erakusten du proposamen batzuen errealismo falta. Horren aurrean eskertzekoa da gauzak diren bezala azaltzea, okupazioa eta “autonomiaren” gezurra agerian jarriz.
Apirilaren 12an geure ikurrak balkoietara!