Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Dokumentazio Gune Digitala sortu du Galtzagorri Elkarteak
Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Dokumentazio Gune Digitala
Dokumentazio Gunea izeneko atal berri bat jarri du martxan Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak www.galtzagorri.org-en. Bertan, euskarazko Haur eta Gazte Literaturan argitaratzen diren liburuen inguruan prentsan egiten diren kritika literarioak hilez hil biltzeaz gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren liburuen giden bilduma eta Haur eta Gazte Literaturaren inguruko Bibliografia jasotzen da. Horrez gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua bideratzen jarraituko du Galtzagorrik bere web orrialdetik.
Galtzagorriko orrialdean dagoen “E.H.G. Literatura” atalaren barnean aurki daiteke Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Dokumentazio Gune Digitala. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker, urtarriletik dago martxan eta, honen barruan, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren inguruko informazio andana bilduko da hemendik aitzina.
Dokumentazio Gune honekin, besteak beste, orain artean Euskal Haur eta Gazte Literaturan zegoen hutsune handi bati egin nahi dio aurre Galtzagorri elkarteak: hain zuzen ere, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren euskarazko kritika, liburu gida, bibliografia nahiz aldizkarien biltze lana egin nahi du. Esparru honetan lanean dabiltzan edo esparru honekiko interesa duen edonorentzat ezinbesteko tresna bihurtuko da beraz.
Hain zuzen Dokumentazio Gune honen baitan honakoa aurkituko du erabiltzaileak:
1.Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako kritiken hemeroteka. Bertan, euskaraz Haur eta Gazte Literaturan argitaratzen diren liburuen inguruan egiten diren eta prentsan argitaratzen diren krika literarioak bilduko dira, 2012. urtetik aurrera. Egun hauek ez dira beste inon biltzen. Bada hemendik aurrera, hilabetez hilabete euskaraz argitaratzen diren Euskal Haur eta Gazte Literaturako kritika guztiak gordetzen eta digitalizatzen joango gara zerbitzu honetan.
2. Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren liburuen gidak. Besteak beste, EAEko liburutegiek egiten dituztenak, Clij aldizkariak egiten dituen liburuen zerrendak, FGSRek argitaratzen dituenak, IBBYren zerrendak, eta abar . Galtzagorrik Haur eta Gazte Liburuen hainbat gida jasotzen ditu urtean zehar, bai EAEko liburutegi ezberdinek osatutakoak, bai Nafarroako CIVICANek egindakoa, FGSRk burututakoa edota hainbat egitasmo direla-eta eskola eta kultur guneetan egiten dituztenak. Adibidez, ekologiari eskainitako euskarazko haur liburuen gidak, amodioari eskainitakoak, minusbaliotasunak direla medio euskarazko haur eta gazte liburuen gidak…
Hau da, Euskal Herrian zehar hainbat agentek sortutako edo Euskal Herritik kanpo sortu baina euskarazko agenteek kolaboratzen duten gida horiek Galtzagorriko web gunean gorde eta zabalduko ditugu. Modu honetan, informazioa behar duenak hor aurkituko ditu era eta kolore ezberdinetako haur eta gazte liburuen gidak.
3. Haur eta Gazte Literaturaren inguruko Bibliografia ere biltzen da Dokumentazio Gune honetan. Batetik, euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren artikulu, liburu, azterketak, eta abarren erreferentziak bilduko dira. Bestetik, orokorrean, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren bibliografiak ere izango dira kontsultagarri.
4. Haur eta Gazte Literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua ere Dokumentazio Gune honetan barneratu dugu. Euskal Herrian, Estatuan eta Nazioartean ere badira Haur eta Gazte Liburuei eskainitako aldizkari interesgarriak. Horietako batzuk Galtzagorrik bere bulegoan jasotzen ditu. Hauetan hainbat gai lantzen dira Haur eta Gazte Literaturari buruz eta liburuen aipamenak ere biltzen dituzte.
Baliabide hauen erreferentziak web gunean zintzilikatuko ditu Galtzagorrik: jasotako aldizkarien informazioa digitalizatzeaz gain, hauek mailegatzeko aukera eskaintzen du Galtzagorrik formulario baten bidez. Hori bai, aldizkari horiek mailegatzeko, Galtzagorriko bazkide izatea ezinbestekoa da.