Euskal gatazkari buruzko ikus-entzunezko mundu oso bat dago ‘Patria’-tik harago
Euskal gatazkari buruzko ikus-entzunezko mundu oso bat dago ‘Patria’-tik harago –
Udako oporren aurretik irakurri genuen notizia batek pentsarazten zuen aurtengo Donostiako Zinemaldian alfonbra gorria jarriko ziotela euskal gatazkari buruzko narratiba jakin bati, Espainiako Estatua azken urteetan eraikitzen ari den kontakizun ofizialari. Izan ere, Donostian estreinatuko diren lanen artean Patria telesaila dago, Fernando Arambururen izen bereko nobelan oinarritutako HBOren seriea, ordubeteko zortzi kapituluz osatua eta, pandemiagatik izan ez balitz, aurtengo maiatzean jada pantailetan izango zena.
ETAren sorreratik 2011ra bitartean Euskal Herrian gertatutako guztiari buruzko “egia” ezartzeko dispositibo gisa funtzionatu du nobelak eta sekulako arrakasta editoriala izan da, haren kalitate literarioa gorabehera. Eta telesailari ere ikusmin handia fabrikatu diotenez, aurtengo festibalean “euskal gauza”-ri buruzko alde bakarreko ikuspegia ikus-entzuteko prestatzen ari nintzen, joan den astean hemengo zinegileek festibalera zer eramango duten ikusi nuen arte.
Ez dakit Zinemaldiak konpentsazio-lege modukoren bat aplikatu duen aurtengo aukeraketan ala –posibleagoa dena–, Euskal Herrian ere geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari den gure iragan hurbilari begiratzen dioten istorioak filmatzea, denborak ematen duen distantziari esker. Kontua da, festibaleko hainbat sailetan agertzen direla zuzenean edo zeharka euskal gatazkarekin lotura duten pelikulak: Mikel Zabalza Guardia Zibilak nola hil zuen kontatuko du Non dago Mikel? dokumentalak (Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamasek zuzendua); Alfonso Etxegarairen deportazio luzearen amaiera pantailaratuko du Caminho longe-k (Josu Martínez, Txaber Larreategi); Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke filmak identitate nazionalaren eraikuntzaz hitz egingo du, Herrera de la Manchako kartzela atze-oihal gisa jarrita; eta ekoizpen fasean den Arantza Santestebanen 918 gau ere ikusi ahalko da, egileak berak kartzelan pasatako egunez eta espetxeko bizimodua filmetan islatzeko moduaz hausnartzeko parada eskainiko duen lana.
Bai, deskonpentsazioa nabarmena da hala ere: ekoizpen txikiok nekez egingo diote aurre streaming plataforma multinazional baten indarrari eta kontakizun bat inposatzeko estatu-egituren apustuari; baina puntu batetik aurrera, ikusleen erantzukizunaz hitz egiten ere hasi beharko ginateke: euskal gatazkari buruzko bestelako filmak nahi dituztenek –bai zinematografikoki, bai ideologikoki–, aurtengo Zinemaldian badute non aukeratu. Hortik aurrera, zerbait desberdina nahi dutenen ardura da horiek ikusten saiatzea, hizketa-gaia ez dezan ekoizpen bakarrak monopolizatu.
Euskal gatazkari buruzko ikus-entzunezko mundu oso bat dago ‘Patria’-tik harago