Euskal Garapen Eredua. Neoliberalismoaren amaiera
Euskal Garapen Eredua. Neoliberalismoaren amaiera –
Euskal Garapen Eredua. NEOLIBERALISMOAREN AMAIERA
- Multinazionalak aspalditik ari dira birkokatzen, 2020tik aurrera oso nabarmen, Munduko Ekonomia Foroaren[1] bitartez, neoliberalismoa agortuta dagoela, gehiago ematen ez duela eta eredu ekonomiko berria behar dutela ulertuta. Ideia hori Berrabiatze Handia proiektuan eta kapitalismo korporatiboaren ereduan kokatu dute multinazionalek. Korporazio handiek bide horretatik egindako analisiak etengabeak izan dira ordutik aurrera[2].
- Prozesuak, nolabait, urratsa aldatuta harrapatuko gaitu euskaldunok. Esan dezakegu Euskal Herria ia salbuespena izan zela Europan, hainbat hamarkadatan industria-politika aktiboak mantenduz, nagusi zen eredu neoliberalaren aurka. 2008ko finantza-krisian hautsi zen joera hori. Ordutik aurrera, pasibotasun ekonomiko neoliberalaren bertsio erradikalenaren aldeko apustua egin zuen Euskal Herriak. Eredu neoliberala hondoratzen hasi zen unean bertan.
- Jakina, hainbat gauza ez dakigu datorkigunari buruz. Alde batetik, zein abiaduratan ordeztuko den egungo eredua. Bestetik, zeintzuk izango diren hura ordezkatuko duen ereduaren oinarrizko ezaugarriak. Herrialde Gainerakorren eta Mendebaldearen arteko egungo gatazka geopolitikoaren bilakaeraren arabera gauzatuko dira bi gai horiek ziur asko.
- Edonola ere, eredu berria, modu batera edo bestera, esku-hartzaileagoa izango dela esan dezakegu. Eta horrek eskatzen digu, prozesuak gainezka egin ez diezagun , gure egitura politikoen eta gobernu-egituren prestakuntza lehen bai lehen suspertzea, testuinguru berri hori kudeatzeko behar dugun gaitasun teknikoa eta politikoa izan ditzagun. Teknikoki eta politikoki ondo prestatutako lan taldeak behar ditugu, bai politika ekonomiko proaktiboak kudeatzeko, bai, bereziki, enpresetan gutxiengoa edo gehiengoa duten partaidetza publikoak kudeatzeko.
- Era berean, badakigu, eredu batekin zein bestearekin, Euskal Herrian ere neoliberalismoak sortutako egiturazko desorekei lehenbailehen aurre egin beharko diegula, batez ere, hondoratze demografiko eta gainzorpetzeari dagokienean.
- Hondoratze demografikoak, lehenbailehen, epe labur, ertain, luze eta oso luzerako perspektiba duen estrategia bat behar du. Gure gizarte-egitura indartzera bideratuta egongo den estrategia behar dugu, epe laburreko enpresa-onurak erraztea oinarrizko lehen helburutzat hartu gabe.
- Gainzorpetzearen erronkak beharrezko barne-doikuntzak egitea eskatuko digu. Gehiago zorpetu gabe hazten ikastea, alegia. Eta finantza-berregituraketaren Mendebalde osoko ezinbesteko prozesuak gure lurraldean eragingo duen inpakturako prestatzea ere bai.
- Erronka zailena, seguruenik, kulturala da. Bere oinarri kulturalen inposaketarekin batera nagusitu da neoliberalismoa gure lurraldean: posmofeminismoa, posmoekologismoa eta zerokulturalismo globalista. Mugimendu horiek Euskal Herrian eragin duten suntsipen soziala berregitea ez da batere erraza izango.
- Politika sozioekonomikoetan azkar samar egin daitezke egin beharreko aldaketak. Batez ere Europa osoan hedatuz doazen egiturazko aldaketen testuinguruan sartzen badira. Kultura-aldaketek belaunaldi bat beharko dute, gutxienez. Komunikabideek eta ikastetxeek bi belaunaldi daramatzate belaunaldi berrien pentsamendu arrazionala suntsitzen eta gure gazteen buruan jarrera irrazional barregarriak ezartzen. Eta, aldi berean, komunitatearen eta elkartasunaren kontzeptuak eta emakumearen emantzipazioaren eta ingurumenaren defentsaren bertsio arrazionalak ere suntsitzen. Etika, kultura eta gizarte-hondamendi hau berreraikitzeko ahalegin handia egin beharko dugu.
[1] SCHWAB, Klaus (2020): We must move on from neoliberalism in the post-COVID era www.weforum.org/2020/coronavirus-covid19-recovery-capitalism-environment-economics-equality 2023ko apirilak 5ean irakurrita.
[2] Hilabete hauetako erreferentzia gisa, ik. McKinsey Global Institute (Octubre 2022). On the cusp of a new era? Discussion Paper.
PDF: https://drive.google.com/file/JSrQRAnv1/view
Euskal Garapen Eredua. Neoliberalismoaren amaiera