[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio

[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio –

Euskal Gaizkileak

 

Sacamantecasen mitoa XIX. mende hasieran sortu zen, eta oso presente zegoen garaiko arabarren iruditeri kolektiboan. Hiltzaile honek koipea ateratzen zien bere biktimei, eta hori egiteko bi arrazoi ezberdin zabaldu ziren: lehena, etxeko aferetarako erabiltzen zuela (tresnak, sukaldaritza, argia…); bigarrena, iritsi berri zen trenaren errodamenduak koipezteko erabiltzen zutela (“bestela nola demonio lor dezake halako abiadura tramankulu horrek?”).

Historikoki, normalean, pertsona existitzen da lehenik eta mitoa sortzen da ondoren. Kasu honetan, ordea, alderantzizkoa gertatu zen, Sacamantecas-en mitoa jaio baitzen lehenik, eta beranduago iritsiko zen kondaira gorpuztuko zuen gizona: Juan Diaz de Garaio.

[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio

Zurrunbon

Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandoña 1821eko urriaren 16an jaio zen Egilatzen, Donemiliagan. Familia behartsua zen, guztiak ziren analfabetoak, eta horretaz gain, etxeko giroa gordina omen zen oso, garaiko kronikek jaso zutenaren arabera: aita mozkorra omen zen, ankerra eta ez oso fidatzekoa; ama definitzeko “histerika” kontzeptua erabili izan da, eta panorama irudikatzen hasiz gero, bada harritzekoa ere ez litzateke izango. Bost anai-arreba izan zituen serial killer honek, guztiak “arraroak”, eta bereziki bat nabarmendu omen zen, Florentina. Jarri zioten adjetibo sorta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: higuingarria, bortitza, gupidagabea, mendekatia, argala eta begiak beltzak, biziak eta sarkorrak omen zeuzkan. Deskribapen zoragarri honi gehitzen zaion informazioaren arabera Florentinak bederatzi ume izan zituen, eta horietarik bakarra zegoen bizirik bere anaia Juan famatu bihurtu zenean.

Juan oso gazte hasi zen lanean morroi eta laborari lanetan, inguruko herrietan gehienbat: Agurain, Alaiza, Izartza, Okariz, Añua…

Lau aldiz ezkondu zen egilaztarra, eta badakizu garai hartan ezkondutako bikote bat banandu zezakeen arrazoi bakarra zein zen… Hiru emaztez  alargundu zen Diaz de Garaio. Gaurdaino iritsi den informazioaren arabera, hiru heriotzak naturalak izan ziren eta gure protagonistak ez zuen zerikurik izan. Hala ere, pentsatzekoa da garai hartan ez zituztela batere ikertzen etxe barruko krimenak, are gutxiago heriotzak ez bazuen biolentzia zantzurik.

[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de GaraioDirudienez Juan tipo aski lasaia omen zen ezkonduta zegoen bitartean. Bere bizitzako tarterik zoriontsu eta bareena bere lehen emaztearekin ezkonduta igaro zituen 13 urteak izan omen ziren. Emaztea bera baino helduagoa zen, eta diruduna. Zurrunbona deitzen zioten, Zurrunbon delako batekin ezkondu zelako iraganean, eta Juan Diaz de Garaiori ezizen bera jarri zioten ezkontzean. Bi seme eta alaba bat izan zituzten: Kandido, Tomas eta Josefa. Aita eta senar ontzat zuen jendeak garai hartan.

Zalantzak daude Zurrunbonen krimenen abiapuntua zehazterako orduan, batzuk baitiote Zurrunbona hil eta gero hasi zela, eta beste batzuk bere bigarren emaztea, Juana Salazar, baztangaren ondorioz zendu eta gero (oso harreman gatazkatsua izan omen zuten). Juana 1870ean hil zen, eta hurrengo urtean hirugarren aldiz ezkondu zen gure protagonista, Agustina Ruiz de Loizaga Murgarekin. Agustina alkoholika zen, eta ordurako Zurrunbon bera ere.

Krimenak eta biktimak

Zurrunbonek, ofizialki, sei emakume hil zituen, baina krimen gehiagotan nahastuta egon zitekeela susmatzen da. Biktima guztiak emakumeak ziren.

  • Melitona Segura Gonzalez de Betolaza, Gaubearra. Prostituta, 39 urte. Senarra espetxean zeukan eta seme-alabei jaten emateko ardura berea zen. 1870eko apirilaren 2an hil zuen Zurrunbonek. Bere gorpua Errekatxiki alboan aurkitu zuten. Lehenik konortea galduerazi zion lepoa bihurrituta, ondoren bortxatu egin zuen, jarraian errekastoan ito, eta amaitzeko sabela ireki zion labana batekin.
  • Ageda Sabando Horao, Errioxarra. 1871ko martxoaren 13an aurkitu zuten. Aurpegia puztuta eta odoleztatuta zeukan, lepoa itotze markekin. Alarguna, eskean aritzen zen, eta menturaz prostituzioan ere.
  • Antonia Berrostegieta. 13 urte. 1872ko abuztuaren 21ean hil zuen Zurrunbonek. Gamarra Txikitik Gasteizera doan bidean topatu zuten, bortxatua, itoarazia eta erosketen saskia aldamenean zuela.
  • Maria Campos, Beltzarana. 22 urte. 1872ko abuztuaren 29a. Itoarazi egin zuten, eta ilerako erabiltzen zuen urkila bihotzean sartu zioten.
  • Maria Dolores Garcia de Kortazar Unzueta. 1879ko irailaren 7a. Ordunbreko ikaztegian egin zuten topo hiltzaileak eta biktimak, Aiurdineko bidean, Zaitegin, Gasteiztik 15 kilometrora. Zurrunbonek dirua eskaini zion sexu truke, eta Maria Doloresek ezetz esan. Bularrean hainbat labankada sartuta hil eta bortxatu egin zuen.
  • Manuela Audicana. 52 urte. 1879ko irailaren 8a. Gamarratik Arakara doan bidean zioan oinez Manuela, Gasteizko ferietatik bere herrira bueltan, Nafarretera. Zeukan diru guztia emateko eskatu omen ziok Zurrunbonek. Manuelak egia esan zion, berak ez zeukala dirurik. Kriminalak gainera salto egin zion, amantala lepotik lotu eta lurretik arrastaka eraman zuen. Sabela zabaldu zion labanarekin, eta giltzurrun bat atera zion. Ondoren Manuelak saskian zeraman opil frantses bat jan zuen Zurrunbonek, eta Dulantzirantz abiatu zen bertan nekazari lanetan aritzeko.

Saiakerak ere egin zituen. 1873an prostituta bat erasotu zuen Gasteizko bolborategi inguruan, baina zorionez soldadu batzuk agertu ziren eta hiltzaileak alde egin behar izan zuen. 1874ko ekainean eskale bat bortxatzen saiatu zen, baina inguruko bizilagunek emakumearen laguntza oihuak entzun zituzten, eta egilaztarrak berriz ere ospa egin behar izan zuen. Tristea da andre honen kasua, beranduago Juan Diaz de Garaio identifikatu zuelako baina ez zuelako salatu nahi izan, batek daki zergatik: salataria emakumea eta eskalea, eta salatua gizona, nekazaria, ezkondua… ez zion ibilbide askorik ikusiko kontuari.

Baina Trianako errotariak bai salatu zuela. Angela Armentiak 1878ko azaroaren 1ean deklaratu zuen Juan Diaz de Garaiok erasotu egin zuela, bera bortxatzen saiatu zela, baina ihes egitea lortu zuela. Kondenatu egiten zuten Zurrunbon: bi hilabete eskas besterik ez zituen igaro espetxean.

Gaztelako bidean ere erasotu omen zuen emakume heldu bat, baina hankartean ostiko on bat jaso zuen Zurrunbonek, eta andreak ihes egin zuen. Baina hiltzaileak etxeraino jarraitu zion. Handik egun batzuetara bertan agertu zen Juana Ibisate, hiltzailearen azken emaztea, eta 20 pezeta eskaini zizkion bere isiltasunaren truke, bermatuz bere senarrak hiritik alde egin behar zuela Somorrostroko (Bizkaia) minetara lan egitera.

Garaioren jaunartze eta exekuzio aktak

Atxiloketa eta exekuzioa

[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio
Gasteizko espetxea

Manuela Audicana hil eta 13 egunetara, 1879ko irailaren 21ean, Zurrunbon Gasteizera itzuli zen erropa erosteko asmoz. Pio Fernandez de Pinedo alguazilak bazuen Arabako lautada beldurrak airean zeukan hiltzailearen deskribapenaren berri, eta Zurrunbonen ezaugarri fisikoak ez ziren nolanahikoak: Neanderthalen kaskezur eta kopeta zuela, masailezurra ohikoa baino handiagoa eta aurpegian asimetria ugari, begirada iluna eta begietako bat oker samarra.

Atxiloaldiaren lehen 12 egunetan isilik mantendu omen zen, baina azkenerako bere krimen guztiak aitortu zituen, eta detaileak eman. Heriotzera kondenatu zuten, eta 1881eko maiatzaren 11an hil zuten Gasteizko bolborategi zaharrean, garrotez.

[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio
Fdz. de Pinedo goiko ilaran eskuinetik hasita bigarrena da

Garai hartan oso bogan zegoen frenologia izeneko teoria, hots, kriminalek badituztela ezaugarri fisiko batzuk komunean, horiek jaiotzatik dauzkatela, eta kriminalen aurrekari familiarrak ondo aztertu behar direla etorkizunean delituak saihesteko (egun sobera aldiz frogatu da teoria honek ez daukala ez hanka eta ez buru). Juan Diaz de Garaioren gorpua garrotetik atera eta zuzenean gela batera eraman zuten azterketa bat egiteko. Bertan zeuden hamar mediku militar, sei alienista, botikari bat eta dozena bat kazetari. Bilkura haren burua Jose Maria Esquerdo y Zaragoza medikua zen, frenologiaren defendatzaile sutsua. Garuna ireki zioten, eta ondorioztatu zutenaren arabera, Juan Diaz de Garaiok ez zuen kriminal mentalitatea; frenologiaren arabera ero bat zen, ez besterik.

Gasteizko Santa Isabel hilerrian dago lurperatuta.


Zurrunboneri buruz kaleratu ziren itsu olerkiak edo urkaberako kantak, gazteleraz.

Juan Diaz de Garaioren inguruan egindako hainbat lan:

  • Cuerda de presos, Tomas Salvadorren eleberria. 1956an Pedro Lazagak liburuan oinarritutako filma egin zuen.
  • Garayo, el Sacamantecas vitoriano. Fabiola Maqueda Abreu, 1985.
  • El Sacamantecas,Jesús del Val, 2017
  • Locos que no lo parecen, Julio Corral
  • Ricardo Becerro de Bengoa, El Sacamantecas: su retrato y sus crímenes: narración escrita con arreglo a todos los datos auténticos Vitoria-Gasteiz, imp. de la Viuda e Hijos de Iturbe, 1881.
  • Sacamantecas y otros relatos vascos del terror. Mikel Rodriguez
  • Historia de Vitoria-Gasteiz
[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio
[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio

[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio

[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “[Euskal gaizkileak] Sacamantecas edo Zurrunbon: Juan Diaz de Garaio”-ri buruz