[Euskal Gaizkileak] Oreretako Jaungoiko-Txiki

Oreretako Jaungoiko-Txiki –

Euskal Gaizkileak

 

Ez daukagu, oraingoz, Oreretako seme honen inguruko informazio askorik, baina baiezta dezakegu Jaungoiko-Txiki “santu handia” ez zela, “santu” kontzeptuaren esanahi zurrunenari dagokionez, bederen.

Oreretako Jaungoiko-Txiki
Luis Jauregiren idatziko ilustrazioa

Ezizena pasa da historiara izenaren ordez. Jaiotze data ere ez dakigu, baina esan daiteke 1850-70 inguruan jaio zela, 1893an atxilotuta zeukatela baitakigu. Oreretako Hitzan argitaratutako idatzi batean esaten da familia oso behartsuan jaio zela, eta gainera, aitak bere buruaz beste egin zuela gure protagonista oraindik ere umea zela, ama eta anai-arrebak zeudena baino okerrago utzita. Jaungoiko-Txikiren ama eskean hasi behar izan zen, eta dakigun gisan, guztion alde onenak eta txarrenak azaleratzeko abagune aproposak dira muturreko egoerak.

Felix Istillart fraile kaputxinoari sabela zabaldu zion alderik alde laban batekin, lapurretan ari zitzaiola. Beste behin, Donostiako sagardotegi batean, bere lepotik barrezka ari zen gizon bati labana sartu zion bularrean. Hantxe bukatu ziren barreak.

Hilketa haren harira mikeleteek Oreretan atxilotu zuten, Zeutako espetxera bidaltzeko asmoz (ez da dispertsioa atzo goizeko kontua). Herriko hiru jauntxok burla egin omen zioten herritik atera behar zutenean:

  • Eup! Aizak, hi! Bidaia ona izan!
  • Bueltakoan hil egingo zaituztet—, erantzun omen zien Jaungoiko-txikik.

Zeutan gatibu zutela bere kartzeko lagunen bat jipoitu zuen presozain batek. “Horrek ez hau gehiago joko, hago lasai!”, esan omen zion adiskideari. Esan, eta egin. Oreretarrak labanaz lapurtu zion arnasa kartzelariari.

1893an Zeutatik Melillara eraman zuten preso batailoi batekin, euren independentziaren alde gudukatzen ziren mairuen aurka borrokatzera. Bera hiltzailea zen, bai, baina ezin omen zuen ulertu nola hil zitekeen jendea arrazoirik gabe. Espainiarrengandik desertatu eta moroekin elkartu zen.

“Prestu eta ernea zelako, lege aundia artu zion Muley-Haffid buruzagiak eta bere laguntzaile egin zuen. Moroen gisara jazten zen eta espainol gatibuei mesede aundiak egiten zizkien. Maiz askoan euskaldunak ere topatzen zituen; beren artean euskaraz ari oi ziren, moroak konpreni ez zezaten; Jaungoiko-txiki euskaraz mintzatzen zitzaien… haugatik laster zabaldu zen moro giputz haren entzutea”

Joseba Sarrionandia, Moroak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010)

 

Gerra amaitu zenean Muley Haffidik Espainiako Gobernuari eskatu zion errespeta zezala Jaungoiko-Txikiren bizitza. Kartagenako kartzelan sartu zuten preso oreretarra. Baina ez zen batera erraza “mairu giputza” lotuta mantentzea, eta ihes egitea lortu zuen. Cartagenatik Oreretara oinez itzuli omen zen, hamasei egunetan.

Herrian azaldu zenean denak beldurrak airean jarri ziren, eta noski, euren artean izutuenak trufa egin zioten hiru jauntxoak ziren. Zer egin? Dirua daukanak diruarekin kopondu ohi ditu bere arazoak, eta sos bilketa bat antolatu zuten Jaungoiko-Txikiri proposamen bat luzatzeko: txanpon horiek hartu eta joan zedila Ameriketara. Gure protagonistak gonbitea onartu zuen.

Atlantikoa zeharkatu eta Txilen amaitu zuen oreratarrak. Bizitza berriari bizimolde berriarekin ekin zion Jaungoiko-Txikik, eta gogor lan egin ostean ekonomikoki egoera duin bat lortu ahal izan zuen.

Oreretako Jaungoiko-TxikiEvaristo Bozas Urrutia idazle oreretarrak jaso zuen Jaungoiko-Txikiren bizitza “Andanzas y mudanzas de mi pueblo, Errenteria kondairan eta ipuin zaharretan” liburuan, eta diotenez, ez omen zuen gure protagonistaren izena jaso bere bizitza berrian itzalik egin ez ziezaion.

Jaungoiko-Txiki “santu handia” ez zela esan dugu hasieran, baina beno, agian iritziz aldatzeko garaiz gaude oraindik: behartsua izateagatik trufa egiten zioten jauntxoen aurka oldartzen zen, lagunak zaindarien gehiegikeriengatik babestu, inperialismoaren aurka eta independentisten alde borrokatu zuen, bere lanetik bizitzeko gai zela erakutsi zuen… Argi-ilunak zeuzkan, hori ziur, baina bakoitzaren esku utz dezagun bi horietatik zer zeukan gehiago ebaztea. Enpatia handia pizten duen pertsonaia zenik ezin uka, iritsi zaigun kondairak kontatzen diguna jakinda, behintzat.

Bertso sorta aberatsa ere heldu da gaurdaino (Errenteriko ondarearen webgunean daude eskegita), “Zabaleta´tar Pellok 1963 inguruan jarriak” (kondairan oinarrituak, beraz):

ERRENTERIAKO “JANGOIKO-TXIKI” ZANAREN BIZITZA

“Jaungoiko-txiki” izengoitiya eldu zitzaion aurretik, ez-izen onek segitzen ziyon biurriya izanagatik; gizarajua aitaren faltan gelditua zan gaztetik, lurraldi ontan egun bat onik etzuan izan geroztik.

Aitak urkatu bere burua, ama alargun gelditu, familiyako etorkizunak ezin litezke kontatu, ume txikiya azi bear ta zer egin eziñ pensatu, ama gaixoa azkenerako ara zerta zan beartu.

Ama eskian asi zitzaion biziyari kontutzeko, zer edo arta mugitu bear izango bazan jateko; laguntzallerik etzedukaten, asko burla egiteko,ori bakarra naikua ez al da ijeniyua txartzeko?

Mutil-kozkortu zan garayian kalera ateratzen asi, arlote xamar jazten zalako danak ondotik igesi; farra ta burla beste gauzikan etzun egiten ikusi, gizarajua orra nondikan nora zuten gaiztorazi.

Amak eskian biltzen zuena ezer askorikan etzen, mutil kozkor oi erdi gosian etzan gustora ibiltzen; ikusten zuen gauzetatikan litxerkeriyan asi zen… orduan ura zuzendutzeko askoren bearrik etzen.

Litxerkeriyan oitu zanian lapurrerira jo zuan, ajolik gabe bildur gutxikin zernai gauz egiten zuan,
len burla egiten ziyoten danak beldurraz jarri zituan, labaña luze zorrotz-zorrotz bat berekin ibiltzen zuan.

Batzuen farrak, bestien burlak ezin zituen sufritu, ijeniyua txartu zitzaion, biyotza berriz gogortu; andik aurrera arekin broman eziñ ziteken jostatu, edozeiñ moduz itz egitera ez argana iñguratu.

Lan-tokiyan e etzun izaten jostatzeko gogorikan, miseriyakin gizatxartua, etzedukan besterikan; an e batekin aserretu zan ezer gutxirengatikan, ez bat eta ez bi or sartu diyo labaña sabeletikan.

Orduan preso eraman zuten beldurtutziagatikan, bear ainbeste zigortutzeko ezteukan edaderikan; nonbait e orrek anparatuta askatzen zuten andikan, bañan alare etzuen uzten lengo oitura txarrikan.

Beste txasko bat izandu zuten Donostiyako partian: arlote xamar jantzita zegon sgardoteri batian, zerbait laguntza egin bear ta burlaka aldamenian, agindu ziyon ixildutzeko jarri baño len txarrian.

“Nerekin daukat lanikan asko, utzi zaidazu pakian, edo bestela bertan ilko at lendabiziko kolpian”. Orduan eta burla geiago erronka egin nayian, or sartu diyo labain zorrotz bat bularraren erdiyian.

An ziran danak zutitu ziran, danak beldurrak aidian, Jaungoiko-txikik an utzi zuen gizarajua lurrian; Donostiyatik abiyatu zan San Fernandoren kotxian, iñork etziyon kasorik egin Errenterira artian.

Miseriya ta burla ta farrak zeuzkan burura iyuak, txikitan ortik txartu zan eta gero ziraden kontuak; arri re azkar eragin zizkau ixildutzeko moduak, gizarajuai kendu zizkiyon berriketako goguak.

Errenteriyan eldu ziyoten okerrak aitortutzeko, Jangoiko-txikik egin zuena etzedukan ukatzeko:
“Nola ez dedan beste erropik nik soñian jantzitzeko, arrek etzeukan arrazoirikan neri burla egiteko”.

Donostiyara zamatelarik mikeletiak aurrian, iru jauntxo burla ta farrez zeuden bide-baztarrian; Jangoiko-txikik gelditu eta begiratu zorrotzian: “Desaidi oiek aztuko dira urrena natorrenian”.

Iru jauntxuak bildurtu ziran aren begiratuakin: “Gaur edo biyar etortzen bada ez dek izango atsegin, gaur egin digun desafiyu oi ibilliko dik berekin, bada-ezpada pensa dezagun aldez aurretik zer egin”.

Presondegira eraman zuten Donostiyatikan Ceuta, an ere joka asi zaizkiyon argala idurituta: artutzen zitun ziorkadakin zeukan burua lotuta, kartzelerua or garbitu du puñal luze bat sartuta.

Garai arretan Españiyakin gerrran asi zan morua, an ilko zuten asmuarekin aurrera zan bialdua; Jangoiko-txiki pobria bañan etzan burutik tontua, azkar egin du beste aldera igarotzeko modua.

Moruetara igaro zan da an etzuten gaizki artu, azkarra eta listua zala nonbait zuten ezagutu: umil da leial jokatzen zuen, asko zitzaien gustatu, ango jauntxuak morrontzarako bera zuten izendatu.

Ango jantziya eman ziyoten emengua kendurikan, oien morrontza egiten zuen gustora eta pozikan; pake santuan an bizitu zan, arentzat etzan gerrikan, Jangokiko-txikik etsiko zuan etorri gabe andikan.

Emengo mutil asko zeukaten moruak preso artua, Jangoiko-txikik oik ikusteko izaten zuen gogua; mesede asko egiten ziyen, etzeukan biyotz galdua, beragatikan deitzen ziyoten moro gipuzkuanua.

Gerra bukatu zan garayian zan presuaren trukera, Jangoiko-txikik etorri bear ostera bere lurrera; Ango jauntxuak emenguari egiñ ziyoten galdera: Onuntz ekarko zutela bañon arri bizirik uztera.

Or ezagun da Jangoiko-txiki etzala gaizki portatu, ango jauntxuak mutil oberik ez omen zuten topatu; aik bazakiten bazedukala iltzeko aña pekatu, beragatikan nai izan zuten eriyotzatik libratu.

Eriyotzatik libratu zuten Españira etortzeko, mesede ori egiñ ziyoten ondo portatu zalako; Cartagena’ra ekarri zuten presondegiyan sartzeko, etzuen pasa denbora asko andikan ateratzeko.

Cartagena’tik Errenterira amasei egun birian, or ezagun da Jangoiko-txiki etzala sartu trenian: pauso geienak eskian eta lotan bide-baztarrian, gizarajua etzan aserre onuntz etorri zanian.

Bere txokora allegatu zan andikan abiyatuta, Jangoiko-txiki etzan gelditu bide oietan galduta; Errenteriyan iru jauntxo zauden beldurrak artuta, Ameriketa biali zuten diru puska bat bilduta.

Ameriketa juan zitzaigun Jaun Zerukuen graziyan, zer lasaitasun ark utzi zuen Errenteriko erriyan! Danak beldurrez egoten ziran ura zebillen tokiyan, jeniyo onik ez du izaten bizi danak miseriyan.

Jangoiko-txikik Ameriketan topatu zuen zerua, lana egiñez umildadian irabazten zun dirua; lur-aldi aitan izandu zuen gizarte obiagua, nai ordurako etzuen utzi emen zeukan infernua.

Infernutikan zerura joan zen gure Jangoiko-txikiya, tormentu asko igaro ondoren zerbait zeukan mereziya; beti-betiko aldegin zigun utzirik Errenteriya, urte batzuek gozatutzeko izandu zuen graziya.

Jangoiko-txiki izengoitiya, ez det esan nai izenik, aren razikan bizi balitza eniyoke eman nai penik; gonmertituta Ameriketa juan ziñaden emendik, Chile aldian bukatu ziñan azken arnasak emanik”.

BERTSO JARRIYAK
1900’KO GERTAERA
ZABALETA’TAR PELLOK JARRIYAK 1963?AN

 

Joxemari Carrereren ipuina Naiz-en

Oreretako Jaungoiko-Txiki
Oreretako Jaungoiko-Txiki
Oreretako Jaungoiko-Txiki
Oreretako Jaungoiko-Txiki
Oreretako Jaungoiko-Txiki
Oreretako Jaungoiko-Txiki

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.