Euskal fikzioa: Altsasu
Euskal fikzioa: Altsasu
Asteazkenean ETBren euskarazko fikzio berriaren estreinua izan zen. Onartu beharra dago, idorra zen basamortu batetik igaro eta gero (Ihesaldia-ren oasia), telebista kate publikoak udazken honetan helduentzako euskarazko hiru fikzio lan indartsu plazaratu dituela. Izan ere, Alardea eta Hondar Ahoak eta gero Altsasu-ren txanda iritsi da, gaiagatik edo, etxean irrikaz itxoiten ari ginen telesaila.
Baina ez soilik nire etxean, esan baitaiteke oso modu orokorrean, guztiok genuela gertaerarekiko trataera nola egingo zuten ikusteko intriga. Guardia Zibila nola erakutsiko zuten, tabernako liskarra nola eman zen eta ondorengo orduetan zehazki zer gertatu zen ikusteko aukera. Telesailak mugikorretik egindako grabaketa egiazkoaren simulazioa sartu du, oso egokia nire ustez, guztiok ikusi genuen Guardia Zibil handiustearen alkandora zuri lisatua berriro agertu delako. Momentu batean ikuslegoa interpelatu da, modu aktibo batean salatu ziren gertaeretako bideoak narratibaren parte izan direnean.
Telesailetako lehen kapitulu guztiek bezalaxe, honek bere argi-ilunak ere ditu. Tira, ilunak argiak baina gehiago, baina ez era metaforikoan, seriea benetan iluna delako. Altsasun eguerdian taberna batean pintxo bat ilunpetan jaten omen da. Bakarrik gainera, ez baitago inor kalean. Hau izan da batez ere, sare sozialetan gehien komentatu den aspektuetako bat: Altsasu herri fantasmagorikoa, Chernobyl-ekin ere konparatua eta Ospa egunaren plangintza ezkutukoa. Iluntasun gehiegi beste behin.
Guardia Zibilari dagokionez, “poli bueno, poli malo” teknika erabili da, hau da, polizia biolentoaren aurrean, zure izenez deituko zaituen polizia atsegina, urak baretuko dituena, tabernako liskarra apaldu nahian, txorkatila apurtuko diotena. “Gizajoa” pentsatuko du baten batek, niretzako gizajoak biak ziren. Herriarentzako figurante gutxi bazegoen, Guardia Zibilak Altsasun zituen Guardia Zibil kopurua teniente bat eta sarjento bat ziren.
Gertaerak jazota, orain hortik gertatu zen guztia kontatzea falta da. Epaiketa, kontakizun gezurtia, espainiar komunikabideen trataera, gezurrak, herriaren deabrutzea, eta honen erantzuna, manifestazioak eta abar. Amaia Izko abokatuaren papera eta Altsasuko Gurasoena ere (emakumearen presentzia nabarmenagoa ekarriko duena) ikusteko gogotsu nago.
Hurrengo asteazkenaren zain.
Fikzioetan fikzioa, Altsasuko gazteak euren artean euskaraz jardutearena. Altsasun juergan ibili naizenetan inor gutxiri entzun diot euskaraz egiten, eta egiten zuten apurrak ez ziren Altsasukoak. Urdiaingoak, Arbizukoak, Ataungoak, Zegamakoak… Altsasuarrak ia beti erdaraz.