Iñurrategi anaiei buruzko komikia atera du Suak

Iñurrategi anaiei buruzko komikia atera du Suak –

Igor Leturiak E-Gorblog blogean.

Everesterako espedizioaren inguruko duela bi urtekoa bezala, Ramon Olasagasti eta Cesar Llagunok egin dute “Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak” hau ere.

Sua argitaletxeak duela bi urte euskal mendizaletasunaren gertakizun ezagun eta garrantzitsuenetako baten inguruko komikia egin zuen, Everesterako 1980ko euskal espedizioaren ingurukoa hain zuzenRamon Olasagastiren gidoia eta Cesar Llagunoren irudiekin. Bada, orain etxe eta talde berberak beste komiki bat kaleratu du, oraingoan euskal mendizalerik handi, karismatiko eta maitatuenetakoak diren Iñurrategi anaiei buruzkoa.

Iñurrategi anaiei buruzko komikia atera du Suak
Irudia: Cesar Llaguno

Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak izenburua duen komiki honek Felix eta Alberto Iñurrategiren bizitzak eta lorpenak kontatzen ditu. Beti elkarrekin, oso gazterik beste mendi garrantzitsu batzuk egin ostean, 90eko hamarkadan Himalaiako mendiei ekin zieten. 1990ean Pumori igo ondoren, 1991n egin zuten euren lehen zortzimilakoa (Makalu) eta 1992an Everest igotzea lortu zuten, balentria ikaragarria garai hartan: 1980ko espediziotik beste euskaldunik ez zen bertara iritsi; orduan iritsitako lauetatik Iñurrategitarrek oxigenorik gabe egin zuten, hori egiten lehen euskaldunak; munduko lehen anaiak izan ziren hara igotzen; eta Alberto munduko pertsonarik gazteena izan zen munduaren gailurra egiten. 90eko hamarkada horretan 12 zortzimilako egin zituzten elkarrekin, 2000 urtean munduko lehen pertsonak izan ziren 8000 metrotik gorako mendi batera (Manaslura) igotzen, eta urte horretan utzi zuen bizia Felixek Gasherbrum II jaistean. Haren omenez sortu zuten 2001ean hainbat senide, lagun eta mendizalek Felix Iñurrategi Baltistan Fundazioa, Karakorumgo Baltistan eskualdearen garapen ekonomiko justu eta jasangarria bultzatzen laguntzeko. 2002an Albertok 14 zortzimilakoak amaitzea lortu zuen, hori egiten zuen munduko pertsonarik gazteena zela. Felixen heriotzaren 20. urtemuga betetzen den honetan, goiko istorio horiek guztiak eta askoz gehiago ikusi eta ikasiko ditugu Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak 104 orriko komikian.

Iñurrategi anaiei buruzko komikia atera du Suak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.