Euskal festa guztien xehetasunak zure mugikorrean

Zenbat aldiz ez ote ditugun kuadrilan eztabaidak izan zein herritako festara joan erabakitzeko. Ez da oso zehatza izaten argudio festa: “bihar da Irunen egun onena bertako batek esan didanez” batek, “Larrabetzuko festak gaur hasten direla irakurri dut nonbait” besteren batek…

Erabakiz gero, bertan zer topatuko dugun oso ondo jakin gabe, garraioaren afera izaten da zalantza. “Ba ote daude autobusak? Eta goizean goiz itzultzeko trenik?” Kotxez bagoaz ordea, guraso edo lagunengana jotzen dugu aholku bila: “Nola demontre joaten da Aramaiora?”

Baina hemendik aurrera, kuadrilako baten aurkikuntzari esker, akabo komeriak. Izan ere, Euskal Herriko festa guztien datak, egitarauak, mapak eta garraioen inguruko informazioa biltzen dituen aplikazioa sortu du bizi osorako txoznetan nahi adina edateko txartela merezi duen lan-talderen batek. Jaiapp du izena asmakizunak.

JAIAP2

 

Google Play bidez Androiden zein Apple gailuetan jaitsi daiteke dohainik, eta euskaraz edo gaztelania hautatzeko aukera dago.

Esan bezala, batetik festa bakoitza noiz hasi eta noiz bukatzen den esaten digu, eta bat hautatuz gero, egun bakoitzeko programa izango dugu ikusgai. Horrekin batera, beheraxeago, garraiobide publikoen inguruko argibideak eta herriko mapa.

Baditugu behingoz gure galdera eta eztabaiden erantzunak, orain xoxak eta denbora falta zaizkigu!

Zer duzu buruan “Euskal festa guztien xehetasunak zure mugikorrean”-ri buruz