Euskal Eskola Publikoaz
Euskal Eskola Publikoaz –
Noizean noiz, hezkuntza ereduei buruzko eztabaidak pizten dira EAEn. Ika-mikaren markoa “publiko vs pribatu” dikotomian oinarritzen da, bazter utziz “publiko” izaera ez dela inondik inora ere berdina lurralde burujabean edo okupatuan. Lurralde okupatuan “publikoak” nahitaez okupatzailearen aparatua osatzen du, eta okupatua izan denaren egiturak “pribatu” gisa kategorizatuak dira intentzionalitate politiko osoz. Ahaztu gabe eztabaida hauspotzen dutenek hura EAEra mugatzea zeinen esanguratsua den.
Narratiba asimilatuetatik haratago, abertzaletasunak egindako gogoetaren beharra agerikoa da. Ikastolen Elkartea da, egun, AEKrekin batera erakunde nazional handiena. Gure proiektu politikoa Euskal Herri batua, askea eta euskalduna eraikitzea bada, erakunde nazional horiek ezinbestekoak dira nazio eraikuntza deitzen diogun horretan. Euskal curriculumaren aldeko lana edo euskara sasiofiziala den lurraldeetatik haratago ikastea ziurtatzeko egindako ahaleginak dira horren froga.
Hezkuntzaren afera konplexua bezain garrantzitsua da. Eztabaidari sustraitik heltzea funtsezkoa da gaia behar bezala aztertu eta horren gaineko erabakiak hartzeko. Euskal hezkuntza ezin da ulertu gure herria ukatzen duen okupazio eta banaketa administratiboaren markoan. Beraz, eztabaida ez bada gure lurralde osoan eta herri ikuspegiarekin egiten, beti aterako gara galtzaile beren “publikotasuna” inposatu nahi diguten horien aurrean.
Gu ere euskal eskola publikoaren alde gaude, noski. Horregatik, besteak beste, finkatu dugu independentzia nazionala erdiesteko lehentasuna. Izan ere, bertoko euskal eskola publikoaren aurrebaldintza ezinbestekoa da euskal estatua berrezartzea. Gauzak alderantziz egiteak, ostera, hezkuntza zentroak osoki arrotzen menpe jartzea eta, ondorioz, menpekotasun nazionala betikotzea dakarkigu nahi eta nahi ez.
Euskal Eskola Publikoaz