Euskal Autonomia Erkidegoko Preso Politikoen Kolektiboa aurkeztu da

Euskal Autonomia Erkidegoko Preso Politikoen Kolektiboa aurkeztu da –

Gaur arte, inozoa ni, pentsatzen nuen Euskal Herriak gatazka bat bizi zuela. Euskararen herrian, alegia, zazpi herrialdeetan; eta, beraz, gatazka horren ondorioen seme-alabak zazpi herrialdeetan sortuak direla, tartean Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) osatzen duten emakume eta gizonak. Baina EITB-k, zorionez, zeinen oker nengoen erakutsi dit.

Euskal Autonomia Erkidegoko Preso Politikoen Kolektiboa aurkeztu da

ETB1eko Gaur Egun albistegian hemen duzuen mapa zabaldu zuten. Mapak gauza asko esaten dizkigu, ETAko presoak (ez euskal presoak) non dauden sakabanatuta, esaterako: 100 estatu espainiarrean, 21 frantziarrean, eta 76 Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta nola urdinez dagoen mapako zati bakarra EAE den, bada ondorioztatzen dena da preso guzti horiek bertakoak direla.

Zeharo tronpatua nintzen. Uste nuen Unai Parot lapurtarra zela, baina herrialde hori ez denez bertan ageri, bada, amen, Parot vascongadoa da. Konbentzituta nengoen Portu eta Sarasola lesakarrak zirela… edo Lesaka Txingudin dago edo erratua nintzen horretan ere. Puerton zendu zen Xabier Rey iruinsemea zela esango nuke, baina ezta, konfundituta horretan ere. Eta Fermin Martinez lodosarra, baina keba, hori urrutiegi dago Bilbotik.

Beraz, ofiziala da: Euskal Autonomia Erkidegoko Preso Politikoen Kolektiboa aurkeztu da, eta gu enteratu gabe.

Edo, agian, eta ez egin kasu gehiegirik ze tematiegia naiz gaizki pentsatzen, hau Eusko Jaurlaritzaren politikaren segida soil bat besterik ez da: turismorako Euskadi-Basque Country erabiltzen dutenean bezala, edo Urkulluk adierazten duenean bera dela lehendakari bakarra (herri honetan hiru daudenean, nik dakidala, bederen), edo selekzioaren izendapenarekin gertatu zen gisan, edo… Edo zer dakit ba.

Amaitzeko, argitu EAEn agertzen diren 76 presoen artean daudela Iruñeko espetxean dauden 12 presoak. Mapan agertzen ez den kartzela horretan, mapan agertzen ez diren herrietan jaioak asko.

Mapa hori kartzela bat da.

Zer duzu buruan “Euskal Autonomia Erkidegoko Preso Politikoen Kolektiboa aurkeztu da”-ri buruz