Euskadi ala Euskal Herria

Euskadi ala Euskal Herria –

Argia bidez

Hauteskunde garaietan gabiltza, eta zerumuga hurbilean Espainiako Gobernura eskuina eta eskuin muturra elkar hartuta iritsiko diren arriskuaz ohartarazten gaituzte. Paradoxaz, baina, testuinguru horretan, euskal alderdiak (abertzaleak esan nahiko nuke) haien arteko lehia bizian ageri dira, eta norgehiagoka horren motibo nagusia honako hau omen da: Espainiako Estatuan nagusi suertatzen den alderdia PSOE balitz, ea zeinek lor dezakeen, EAJk ala EH Bilduk, haren aliatu hurbila izatea, erabakigarria gobernu espainiar berria sortzeko orduan. Horrek erraztuko duelakoan euskaldunontzako zenbait hobekuntza lortzea.

Euskadi ala Euskal HerriaJoan den legealdian ere ikusi dugu era horretako lehia bi euskal alderdien artean, eta oraingo kanpainan zentzu bereko mezuak luzatzen dituzte biek ala biek: “Berriro egingo dugu” diosku EH Bilduk, anbiguotasun kalkulatuan, eta esaldiak interpretazio zalantzarik sortuko balu, berau argitzeko, “jarraitasuna”ren promesa berritzen du. EAJk  bere aldetik “Madrilen Euskadi egokien defendatzen duen euskal alderdia” dela ziurtatzen digu.

Biek Madrila begira jartzen gaituzte, beraz. Baina nork begiratu behar du, orduan, Euskal Herri honetara? Berriro ere balizko “gobernu progresista” baten gobernantzan jarri behar ditugu esperantzak? Zer promesa berri gelditzen zaigu entzuteko alde hartatik? Edota gobernu espainiarra eskuratzen dutenak eskuin makur eta eskuin muturrekoak balira, orduan zer? Orduan ere hemen ahari-topeka jarraituko dute etxeko alderdiek?

Berriro ere balizko “gobernu progresista” baten gobernantzan jarri behar ditugu esperantzak? Zer promesa berri gelditzen zaigu entzuteko alde hartatik?

Ezin da ukatu Madrilen era bateko edo besteko gobernua osatzeak ondorio desberdinak ekar ditzakeela euskal jendartera, eta zentzu horretan eskuinak bertan muturra sartzea ez dela guretzat aukera desiragarria. Ezin ukatu, halaber, euskal alderdietako ordezkariak estatuko parlamentuetan agertzeak lagun dezakeela egoera hori ekiditen, batez ere eskuin espainiarraren aurrean jarrerarik irmoenak dituzten ordezkariak badira. Baina ezin da errepikatu azken legealdiko jokabidea, ezin da ontzat eman euskal alderdien jokabide politiko nagusia Madrileko parlamentu zein gobernuarekiko tratuetan kokatzea, estatua bera legitimatuta eta bitartean Euskal Herriaren eraikuntza baztertuta eta ahulduta. Azken hori baita gertatzen ari dena, jokabide erratu horren ondorioz. Estatuan gero eta integratuagoak, Euskal Herriak indarra galtzen duen bitartean herritarron imajinario kolektiboan eta gizarte egituretan bertan.

Paradigmatikoa gertatzen da, zentzu horretan, euskal nazioaren oinarrizko autodefinizioan aurkitzen dugun noraeza: Euskal Herria da gure nazioa, zazpi herrialdeek osatzen duten errealitate kultural eta politikoa, oraindik administratiboa ez den arren. Horrela izan da mendeetako historia luzean. Baina bide horretan gertatu ziren zenbait gorabehera, eta hor aipatu ziren Euskaria lehenik eta Euskadi gero, azken hori izaera politiko espezifikodun nazio komunitatea izendatzeko asmoz sortua. Kontua da Euskadi kontzeptuaren erabileran nahastea sortu zutela, lehenik 1979ko Autonomia Estatutuaren lehen artikuluan bertan hiru herrialdeko komunitate politiko partzialari “Euskadi zein Euskal Herria” izen metonimiko biak sinonimotzat atxikitzean. Akats larria, gaur ikusten denez. Ondorio praktiko larriak dituena: Eustat erakundeak “Euskadiko populazioa” zenbatzen duenean gaur 2.186.517 biztanle ematen ditu, baina Gaindegiak, aldiz, diosku Euskal Herrian 3.193.513 euskaldun bizi garela (ondo esan dut euskaldun esatean? Zer esan beharko nuke?). Horrela gabiltza, bai.

Naziogintza behar dugu, premia larriaz, ez horrenbeste madrilgintza edo parisgintza.

Euskadi ala Euskal Herria

30 pentsamendu “Euskadi ala Euskal Herria”-ri buruz

  • Ez zen akatz larria izan. Garai hartako erabaki bat izan zen. Gaur egun eta era nabarian gazteagoen artean gero eta gehiago Euskadi hitza erkidegoarentzat erabiltzen da eta Euskal Herria aldiz, osotasunarentzat. Gauzak aldatzen joaten dira, etengabe.

  • Mikel Haranburu 2023-08-23 13:01

    Pilotariak buruz buruko txapelketa jokatu ohi du, baina lau eta erdikoaren barrukoa ere bai; joko luzean ere ari liteke, edo pala partidan…
    Euskal alderdiek, hainen abertzale izan zein ez, joko molde batean zein bestean jokatzen ikasten ari direlakoan nago. Ez utz, arren, gurea den moldean jokatzeari…
    Naziogintzaren bidean eman dut pilotaren adibidea; bestelakoren bidean, nola ez, fubola emanen nukeen.

  • Mikel Haranburu 2023-08-23 13:10

    Izendapen nahasmen horren barnean, zerbaitengatik, eta Euskadi izena hain zabaldurik dagoen honetan, nekez aurkitzen da “euskaditar” erabltzea (are gutxiago euzkaditar)… Bitxia gero, “Euskal herritar” erabiltzeak buruhauste galantak sortzen dizkigunez gero.
    (Bada beste bitxikeriarik: gentilizio deitzen ditugun horiek Euskaraz lerra xehez idazteko ohitura dugu, baina gure kasuan, Euskal Herria darabilgu, eta gero Herriari letra xehatzen diogu, gure gentilizioa bi hitzez osaturik izanik. Baina gentilizioa ‘euskal herritar’ (euskaldun herritar) formarekin nahasten zaigu…)

  • Iñaki Azkoaga 2023-08-23 18:38

    Izena, izenak ongi finkatzea guztioi dagokigu. Zure moduan pentsatzen dutenei eta beste era baterakoei. Era logiko eta ordenatuan. Zu ari zara Baskonia Mendebalaz eta Baskoniaz. Izenak horrela erabilita hobeto genbiltzake:
    Hemen azalpen bat https://iazkoaga.com/2021/11/25/izenak-ongi-definituta-nahas-mahas-gutxiago-testuliburuetan/

    Nik onartuko nituzke ere Baskonia Mendebala/Euskadi eta Baskonia/Euskalerria.

  • Benat Castorene 2023-08-26 18:06

    Kaixo Karmelo,
    “Euskal Herria da gure nazioa, zazpi herrialdeek osatzen duten errealitate kultural eta politikoa, oraindik administratiboa ez den arren” diozu.
    Egia da hemen luzaz “zazpiak bat” entitate ezagun onartua zen ( eta “Gernikako arbola” gogotik kantatua zen) ingurune euskaldun eta herrikoienetan, bederen ez baziren nazinalismo frantsesak sobera kutsatuak.
    Baina haientzat ez zen errealitate politikoa, sozio kulturala baizik. Etnikoa erran nezake. Piska bat ibili zirenak ohartzen ziren alde guti zela garaziko baserritarren eta Bikaiko baserritarren artean ez baziren politikaz mintzatzen behintzat. Zeren bi aldeetan esperientzia historikoak erabat desberdinak bizi izan zituzten.
    80 eta 90 hamarkadetako behin behineko eta ustezko sukarraldi tipi baten ondoren nazio kontzientzia ez doa batere alde onera. Txarragoa dena, euskaltasunak naturalki zeramatzan zazpiak bat horren nozioa galtzen ari da haren gainbeherarekin batera.
    Iparraldean lehentasuna eta urgentzia da euskaltasuna mantentzea eta sendotzea; talde edo eremu tipi batean baldin bada ere. Hau segurtatu gabe, iparraldean zazpiak bat esanguraz gabetuta, historiaren zakaruntzira joanen da.
    Adeitasunez
    Egia erran behar da lehenik, errealitatea alegia.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2023-08-30 09:49

    Zorrotz, ohi bezala, Karmelo. Termino nazional estrategikoen nahasmenaren giltza

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2023-08-30 10:08

    erdal interferentzia da, etengabe, gainera. Horren aurrean, euskaldunak erantzun indarrik gabe geratzen gara. Administrazioek beren gogara baliatu dute terminologia beren markagintzarako, tradizioari edo ordu arteko erabilerari begiratu gabe.

    Euskal abertzaletasunean, gainera, utzi egin da termino nazional estrategiko horiek lapurtu ahal izatea, euskal nafartasunaren inguruan sortu ziren zalantza kontzeptualak direla eta (Nafarroa ez da Euskadi, baizik eta kontrakoa, etab.). Sinonimotzat har genitzakeen, egokieraren arabera bata edo bestea nabarmenduz, baina ez da hori egin. “Euskadi” umezurtz utzi dugu, eta erdaldunek eta erdaltzaleek “erreskatatu” zuten beren helburuetarako.

    Espainiar bati ez litzaioke burutik ere pasako inork Espainia koronimoaren apropiazioa egiterik. Jakina, Espainia, marka erregistratua da, eta abar, Iñaki Azkoagak ere aipatzen duen bezala.

    Erdal interferentziaz, “euskaldun” edozein modutan hasi da erabiltzen, erdal ikuspegitik hartuta, bistan da. “Herrialde” izena ere erdal logika eta erabilera batetik baliatzen hasi zen euskaraz, argi baitago “herrialde”k baduela eremu semantiko beretsuan tradizio bat eta esanahi bat (herri bat bizi den lurraldea edo eremua), eta “herrialde” ezin da izan “herrialde”ren azpikategoria, argi eta garbi. Alemaniak beharbada egin dezake hori (Land / Länder), baina oso errealitate instituzional sendo eta finkatua duelako.

    Euskal herritar argi dago Euskal Herriari dagokiola, espainiar Espainiari dagokion bezala (Joxe Azurmendi horrekin etorriko ez litzatekeen arren, Euskal Herriak euskaldunen artean duen esanahi historikoa dela eta). EAEko biztanleentzat, berriz, lasai asko erabiliko nuke erkidegotarrak, eae-tarrak edo baskoak. “Basko”, hala ere, Euskal Herriko erdaldun ere izan daiteke. Azken hauek euskaraz bideragarriak liratekeen proposamenak, noski.

  • karmelo Landa 2023-08-30 12:55

    Aitor, Mikel, Iñaki biak eta Beñat, eskerrak zuen iruzkinengatik. Artikuluan zenbait paradoxa aurkezten dut, euskal politikaren joan etorrian gertatu diren “izen moldaketez”, ez beti onerako gertatuak, bistan denez. Baina, batez ere, geure nazioa zehatz eta argi izendatzeak daukan garrantziaz egin nahi dut azpimarra. Gaur egun ez da onargarria nahasteak edo zalantzak sor ditzaketen kontzeptuak erabiltzea Euskal Herria izendatzeko orduan. Ez naiz, beraz, ñabardura zalantzazkoetan sartuko. Uste dut, minez, Euskal Herria dela euskaldunon nazioa, aberria, herria izendatzeko kontzeptu egokia. Gainontzeko aipamenak, hor dantzan badira ere, nahasketaren parte dira, eta ez dugu nahasketa gehiagorik behar.

  • Benat Castorene 2023-08-31 11:12

    Euskal herria da minez gehien gustatzen zaidan hitza. Nahasketarik ez egiteko eta kontzeptu-giltza bezala baliatzeko untsa definitu behar dugu. Besteak nazio, aberri, herri, alegia, definitu behar diren bezala. Zehazte lan hori ez da egiten soilik iragan historia aztertuz, baizik eta oraingo egoerari eta oraingo gure portaerei arretaz eta beldurrik gabe so eginez.

  • Euskarazki idatzi zaharrenetatik dokumentatua dugu Euskal Herria. Nafarroako erresuma independenteko Erreginaren aginduz argitaratutako liburuan “euskaldunei” deia, eta Euskal Herriari aipamena, ez Nafarroari ez nafarrei. XVI, XVII, XVIII eta XIX mendeetan Euskal Herria gora, eta Euskal Herria behera.
    Eta zer, eta 2023an izena ez dugu argi.

  • Benat Castorene 2023-08-31 15:01

    Ba ote! aspaldikoa egun on
    Erregina horrentzat euskalduna ziren euskaraz bakarrik mintzatzen ziren komunitateak eta Euskal Herria komunitate horien lurraldeak; Lurralde horiek Protantismora konbertitzeko zuen Testamentu berriaren itzulpena finantziatu. Erregina harentzat gure arbasoentzat bezala Euskal Herriaren et euskaldunaren definizioa nabaria zen.
    Eta zer, eta 2023an?
    Erreginak eta gure arbasoek erabilitako euskal Herriaren eta euskaldunaren definizioak aldatzen ditugu eremu historikoak atxikitzeko? ala definizioei fidel egoiteko Euskal Herriaren zabaldura murriztu beharko dugu hizkuntzaren praktikak gibelera egin arau?

  • Egun on, Beñat
    Nik aspaldi esana dut mapari buelta pare bat eman behar dizkiogula. Nahiago dut Euskal Herri mutilatua, Euskal Herri hilotza baino.
    Gipuzkoak independentzia deklaratu behar du. Nahikoa indar demografiko badago hor. Bizkaian, Araban, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa beherean eta Zuberoan ez dago halako indarrik lurralde osoan, udal batzuetan bai, besteetan ez. Gipuzkoan lurralde osoan lor daiteke independentziaren aldeko gehiengoa (Donostia, Irun eta Eibar gainerako herriek berdintzen dituzte). Gipuzkoa independente eta euskaldun batek gehiago egin dezake euskararen biziraupenaren alde, EAE, Nafarroako Foru Erkidegoak eta HELEP-ak baino. (Eta hegoaldeko dinamika historikoak ezagututa, ziur naiz Gipuzkoak independentzia deklaratzen badu, Bizkaiak independentzia hobea eta handiagoa deklaratuko duela.)
    Ez gara inoiz unitarioak izan. Ez Nafarroako Erresumaren garaian, ez Espainia eta Frantziaren menpe egon garen mende luzeetan. Gure antolakuntza politikoa, idazkiak ditugunetik bederen, deszentralizatua izan da, probintziaka antolatuta.
    Ahal den tokian deklara dezagun independentzia, eta joango gara estatu batek ematen dituen erremintekin pixkanaka berreskuratu ahal duguna berreskuratzen. Gutxienez horrela, euskarak estatu bat izango du, mutilatua egonagatik, eta desagertzetik salbatzeko aukera gehixeago.

  • Eta estatu horren izena nire azken kezka da: deitu bedi Euskal Herria, Nafarroa, Euskadi, Baskonia, Fenizia Berria, Nafar-Akitaniar Errepublika edo Pirinioetako Errepublika Batuak. Erreminta da behar duguna, ez erremintaren izena.
    Idealki, amets egiten dudanean, zazpi estatuz osatutako euskal konfederazioa imajinatzen dut, Euskal Herria izena duena.

  • Benat Castorene 2023-09-01 22:31

    Ba ote! “Nahiago dut Euskal Herri mutilatua, Euskal Herri hilotza baino”.diozu.
    Euskaldun egon nahiko baginu hori bera izan beharko litzateke gure filosofia baina egiaz euskal herri hilotzak gutiago izutzen gaitu mutilatuak baino.
    Adeitasunez.

  • Benat Castorene 2023-09-02 08:23

    Ulertzen bazaitut, mutilazioaren alegoria horretan ez da inolako masokismorik ezta trahiziorik ere, Euskal Herriaren amodioaren alegoria baizik. Arreta handiz landua izaitea merezi du.

  • Mikel Haranburu 2023-09-03 20:12

    Orain urte askotxo, Arrankudiagako udalak independentzia deklaratu zuen, Bizkaian. Alferrik, jakina. Baina saiakera egina dago. Iruñeko auzo Txantrea ere, sarri askotan Errepublika independente izendatua da, baina IKEAren “zureetxekoindependentzia” bezain baliagarria da.
    Gipuzkoak independentzia aldarrikatu eta deklaratu lezake, baina oraino ez da ausartu. Euskara normalizatzera ere ez da ausartu, hizkuntzaren transmisioan, hiztun kopuruan, idazle kopuruan irabazle (?) izaten bada ere.
    Euskal Herri mutilatua dela eta, Nafarroan aspaldiko kontua da “Tafallatik behera moztu eta joan daitezela Espainiarekin” leloa (esate baterako, hauteskunde ondoko giroan…), baina baliteke horrelako jarrerek Espainiarren nahikundearen alde egitea… Katalunyan bezala: “katalanen arteko arazoa da”, esan zuten batzuk orain hiru urte, Euskal Herrian quasi-abertzale batzuk ere lehenago esana baitzuten: “un problema entre vascos”.
    Gurean, nahikoa erabili izan dute Beaumondarren eta Agramondarren arteko lehia konkistaren estakuru…

  • Neuc Tafallatic beherat moztea, eta halaco astaqueriac aditzen ditudanean, cer pensatzen dut ? Ascoz confidança guehiago emaiten drautate Vasconia irredentuco lagunec, dela Pas haranecoec, Losa edo Mena haranecoec…. Guipûzcoa edo Bizcaico cogollitoco euscal subnormalec baino.
    Adeitsuqui

  • Gaurco euscaltassun subnormala baino normaltassun espainol eta frances handiagoric ez dago. Euscaldunec onharcen badute egoera haur, ba joan daiecela picutarat. Herri beçala joan gaitezque amildeguirat, lemmingac beçala.

    Ba, hala bedi, tchistuaz euscaldunoc munduan ez dugu pareric… Bainan euscaldunoc amildeguitic botaz… Gora gu ta gutarrac…. Amildeguitic beherat…

    Erori bitartean… Jusqu’ici tout va bien….

    Dena ondo doa…

  • Izan bedi, denak ala inor ez, dena ala ezer ez. Eza inor ez eta ezer ez denean, oso duin, hilerriko duinena izango gara.

    Dena den, Alexandre, subnormaladak aipatzen hastea nahi al duzu? Ni ez naiz askotan oso eztia formetan, baina mesedez, errespetu pittin bat.

  • Aspalditik dakigu ezin dugula irabazi, are gutxiago Vasconia edo Euskal Herri osoa irabaztea. Borrokan jarraitzea ohore kontu bihurtu da.

  • Eguia da, Ba Ote!. Atzoco nere malahostiac hemen descargatu nituen. Barka nere forma itchusiengatic.

  • Euscal Herria conceptu ethnico bat da. Euscaraz aritzen den herria. Ethniac natione içan nahi badeça, bere burua deffinitu behar duque, eta ethorquiçuneco irudi bat marraztu. Euscal Herriac berez, nehoiz ez du hori eguin.

    Euscadi neologismo araniano bat baicic ez da, ignoranciaz eta cultura faltaz eguina gure historiaren une cehatz batean.

    Subjectu national historicoqui sanctionatuta Vasconia dugu, eta Statua Naffarroa. Hori ukatzea erdibide bat eta buruac mareatzea baicic ez da.

    Adeitassunez

  • Benat Castorene 2023-09-04 14:27

    Alexandre aspaldikoa egun on
    Bai Euskal herria kontzepto etnikoa edo etniko kulturala da. Eta? Nun da problema? Ezkutatu behar dugu? Nahi duzu nazioa euskal Herria kontra jokatu?
    Euskal Herria kontzeptu etniko kulturalaz ahalge bagara ez ditugu sekula gelditzen diren euskaldunak ezertarako batuko. Hori gabe zertarako entseiatu nazione bat definitzen? Hori gabe ez duzu interesatzen ez zaidan ektoplasma bat baizik marraztuko.
    Adeitasunez

  • Mikel Haranburu 2023-09-04 14:53

    Garaiotan, korapilatsua da “etniko” hitza; etsaiek ez digute uzten herri izaten, are gutxiago nazio. Zer esanik ez “etnia”. Ijitoei (eta etorkinei) bai, hedabideetan sarri askotan agertzen da hitza kasu horietan. Bai eta Wikipedian ere. Beraz, kontzeptua badugu, baina (zoritxarrez) zaharkitua dugu. Herriaren (eta nazioaren) ukatzaileen hizketan, ukaziozko segida hauxe da: lehen arraza, gero odola, geroago etnia, eta orain hizkuntza. Horietan oinarritu ‘nahi’ izan dugu geure independentziaren beharra eta nahikundea.
    Behiala estatua izan genuen, Nafarroa (Nafargoa), baina orain, nafarkeria iragan eta abertzaleok nafartasunari heldurik ere, Nafargoa zertan den nahasgarria da. UPNren azken leloetako bat baitzen “navarrisimos”; bortuaz bestaldeko Nafarroa ez da esistitzen haientzat, baina abertzale edo abertzale ondoko batzurentzat ere hura Frantzia besterik ez da… nahiz eta ‘gu’ baino luzaroago Nafarroa izaten jarraitu ba zuen ere, eta une batean Nafarroako Parlamentua Pauen egon bazen ere…
    Noizbait nafar eta euskaldun sinonimoak izan baziren ere… (cf Agramonten Historia; Patxi Zabaletak horixe baieztatzen zuen behin).
    Nondik korapiloa askatzen hasiko gara?

  • Caixo Benat, aspaldico !!!

    Ethnia erraiten dudanean ez da neholaz ere hura azpivaloratuaz. Bacarric hori : ethnia bat dela. Ez da natione bat, ceren ez baitu orain neholaco asmoric. Euscal Herria ez dago bat eguinda projectu batean.

    Euscal Herriaren aurkaco jarduna batez ere euscal herritarrec beraiec burutzen dute. Asmo communic ez, projecturic ez,.. Feticheac handic eta hemendic… Ez dago orain ethnociodio bat, ethnosuicidio bat baicic.

    Nationearen asmo batzuc aipha daitezque : Vasconiaco Ducherria, Pamplonaco Resuma, Nauarrien Resuma, Calvinismoa eta Testamentu Berria euscaraz, Aranaren nationalismoa (?), Nationalismo progresista…

    Bainan orain ez dago asmo communic, ez dago ecer. Chistulariac handic eta hemendic ordea bai… Ez dago euscal ethnia alçatzeco asmoric, beraz ez dago nationeric. Euscal Herria orain ez da natione bat. Hori da realitatea. Ethnia beçala ez dago hilda, eta ez da guti.

    Euscal Herrian anhitz dira hizcunça galdu dutenac, eta hori desastre bat da. Okerrago orain, euscararen inguruan botherea eçarcen dutenec, dela Euscalçaindian, institutioneetan edo cein ere berce esparrutan, euscara ulertu ez, eta euscararen gainean aguinduac emaiten dituzte, eta euscaldun guehienec amen.

    Euscara eçarri da gauça ttipi beçala, umeençat. Euscaldunac ume dira bilhacatu. Minoria national bat ossatzen duenac minoriçatu egoera onhartzen badu, minable bilhacatzen da, eta hori da oraingo euscal ethniaren egoera. Bainan horren errua ecin çaie francesei edo espainolei egotzi, ezta ere hemen euscara refussatzen duten lagunei ere. Orduan, cer natione eta cer caraiu da Euscal Herria ?

    Nere ustez ondino gaude gueure burua compondu beharrean, normaliçatu beharrean… Eta egoera honetan, euscal nationea euscal herriarequin nahastea ba hori da : gauçac gaizqui nahastea.

    Gure bethico eztabaida, Benat preciatua !

    Adeitassunez

  • Benat Castorene 2023-09-04 17:56

    Zoriontsu Alexandre zeren zure nazionea biziraunen baitu Euskal Herria hil eta gero!

  • Iñaki Azkoaga 2023-09-04 18:12

    Agur eztabaidan zaudeten guztioi. Eskerrik asko Karmelo gaia ateratzea gatik eta Aitor, Mikel, Iñaki, Beñat, Alexander, eta Ba Ote, eztabaidan serioski aritzea gatik.

    Ongi dago bakoitzak bere iritzia edukitzea, eta bere ideologia. Baina izenarena ideologiatik at utzi beharko genuke, daukan garrantziak horrela eskatzen baitu.

    Markoa, Axularrek idatzi zuena ontzat hartuta jokatuaz gero, badakigu zertaz ari garen. Hortik aurrera bihotzak eskatzen diguna baino burua eta adimena erabilitako analisia behar dugu egin, era “desapasionatu” baten.

    Eta gaur egun dugun egoeratik begiratu. Izenarena ongi konponduaz gero izugarrizko urratsa emango genuke, ez izan inongo zalantzarik. Oinarri oinarrizkoa da. Zenbaitek uste duten baino garrantzizkoagoa.

    Izan kontuak izena ideologiak guztiak onartu behar dutela, bestela ez du balioko. Saiatu beharko ginateke gaur egun dugun nahasketa gainditzen, hemendik urte batzuetara ere baliagarri izango den moduan behin betirako konponduta uzteko. Kontutan behar dugu ere mundu guztiak ulertu eta erabili behar duela gure izena.

    Hemen, izenaren arazoa lantzeko nire lanerako hartu nuen postura:
    • Alderdi politikoetatik gaindi
    • Sentsibilitate guztientzako onargarria
    • Inork arbuiatuko ez duena
    • Ideologikoan oinarriturik izango ez dena
    Eta horrez gain, marketing ikuspegitek betetzea komeni litzatekenak:
    • Izen bakarra
    Izan daiteke sinplea edo konposatua, baina konpaktua, inoiz ez bi hitz banatuak. Esaterako, País Vasco edo Euskal Herria, Euskadi edo Euskalherria baino ahulagoak dira.
    • Ahal den neurrian berdina izan dedila euskeran zein erdaretan
    • Nortasunezkoa eta historian oinarritua dagoen izena
    Mundo mailan onartzeko modukoa izatea, kode internazionaletan ere, garbia eta desberdina izando dena, hizkuntza guztietan ondo ahozkatzeko modukoa, eta ez inbentatua.

    Eta guzti honen ondoren bost baldintza hauetara iritsi nintzen izenarekiko. Izenak izan behar du:
    • konpaktua (izen bakarra onartuko litzateke nahiz konposatua izan)
    • berdina hizkuntza guztietarako (euskera barne)
    • inklusiboa (ez dezala baztertu identitate ez ideologiarik, haserreak ekidituaz)
    • identifikatzailea, errekonozitzailea eta desberdina (diszernigarria izan dedila)
    • historian erabiliatakoarekin konkordantzia izango duena

    Ongi legoke ere kontutan hartzea
    • Trinkotasuna
    • Luzera (silaba/hizkiak)
    • Euskal/erdal hiztunen komunitateak errespetatzea
    • Biztanlegoa kohesionatzeko ahalbidetzea
    • Esparru bakoitzarena errespeta eta bestearena ez inbaditzea
    • Deitura, hizkuntzaren izena eta jentilizioaren konkordantzia bilatzea
    • ISO kodeetan lekua izatea
    • Akronimoak egiterakoan, eremu bakoitzak bakarra eta berea izatea.

    Inork interesa balu gaian gehiago sakontzeko, prest nengoke lan saio bat antolatzen laguntzeko, nahi den leku edo kontextuan.

  • Pensa daiteque Vasconia Ttipian, Euscal Herria delacoaren çazpi lurraldeen mappa consideratzeracoan. Bon, ez dago gaizqui, euscadi delacoarequin comparatuta bederen. Bainan ez da cilegui, nere ustez, Vasconia Handia hainçat ez harcea eta hura gure nationearen parte ez liçatequeela aithorcea. Cergatic ? Gascoin bacar batec Vasconia bere nationea dela erraiten badu, eta gainerat, euscaraz eguiten badu, cein legue natural edo historicoren arauerat refussatuco çaio bera euscal herritar içaitea ? Eçagutzen ditut gascoinac, cantabresac, aragoitarrac, rioxatarrac, euscaraz aritzen direnac, eta ez direnac çazpi herrialdecoac, eta ez direnac espainol ezta frances ere. Nor gara gu, bizcaitar, guipuzcoar edo laphurtar euscaldunac, erraitecotz nor den Vasconiaco nationearen quide ala ez ?

    Eta Vasconia da euscaldunec gara deçaqueten asmo national bacarra.

    Laphurdin interessa larria daducate euscaldunec, franciarrac behingoz camporatzecotz, bilçar independent bat eratzecotz, euscal herriac vici iraun deçan bere ascatassun ossoz. Cençu hartan, biarnotarrec burutu dute aurrerapaussu ttipi bainan on bat, bide legal eta democraticoac erabiliric. Oliber Foixec açaldu çuen Gure Berriak communicabidean :

    https://www.gureberriak.com/2022/01/26/azkar-jabetu-gara-euskal-hirigune-elkargoarekin-ez-goazela-inora/

    Euscal Herriaren independencia politicoa, nere ustez, Europa batu baten baithan, structura espainol eta francesengatic ascatuz lor daiteque, bainan hori herritic athera behar da. Behetic goranz. Euscara eta euscal herria Franciatic eta Espainiatic berheizten gaituen factore ethnico nagussia da. Vasconiaco hizcunça nagussia, eta cergatic ez, Europacoa, içaiteco asmoric ecean, ez dagoque Euscal Herrico asmo nationalic. Chiringuitoac han eta hemen baicic, beticoa.

    Biarnoac independenciaraco aurrerapaussu bat eguin du, Franciaren baithan oraingoz, euscal herriac eguin ez duena. Euscaldunec biarnotarrac francesac edo occitaniarrac direla uste badute, euren problema da.

    Honequin erran nahi dudana : euscara Vasconiaco hizcunça nagussia içan dadinçat lan eguitea da gaur egun eguiazco nationeguinça bacarra. Berce guztia chistularitza chiringuiteroa baicic ez dela uste dut.

    Adeitsuqui

  • Iñaki Azkoaga 2023-09-05 18:36

    Alexandre, diozun esparruaren izendapenak ere bere soluzioa du. Landu eta aurkitu egin behar. Ikus https://iazkoaga.com/2022/01/29/visit-gastroh-visit-baskonabarra/
    Zuk postura politiko bat duzu, beste batzuk bestelakoa dute, denentzako balio behar du izenak. Eta ez dago zertan baldintzatu izena biharko utopiei, zerk ostopatzen digu gaur egun deitura egokia bilatzea? Gure adimen mugak, besterik ez

  • Gerardo Luzuriaga 2023-09-22 18:11

    Oso artikulu interesgaria. Nik uste dut Euskal Herria izen aproposa izan daitekela euskal nazioa aipatzeko. Izena finkatzea oso garrantzitsua da, ez da soilik kapritsoa. Beste leku batzuetan adierazi dudan moduan, batzuentzat nafarrak euskal eremutik at geratzen ari gara, beste kontu batzuen artean teminologia aproposa ez erabiltzeagatik.
    https://www.naiz.eus/es/iritzia/articulos/heldu-da-garaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude