European University Gasteiz (EUNEIZ): beste urrats bat Unibertsitatearen pribatizazioaren bidean
European University Gasteiz (EUNEIZ): beste urrats bat Unibertsitatearen pribatizazioaren bidean –
Pasa den astelehenean, uztailak 20an, hain zuzen, aurkeztu zen Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren baitan European University Gasteiz (EUNEIZ), hiri horretan zabaltzeko asmoa dagoen Unibertsitate pribatua onartzeko lege-dekretua. Aurrera doa beraz Unibertsitate pribatu horren izapidetze administratiboa, eta orain Legebiltzarretik igarotzea baino ez zaio falta. Harrigarria benetan, noiz eta COVID-19aren izurria oraindik gainditu gabe gaudenean, arrakala sozialak inoiz baino ageriago daudenean, jendarte justuago baterako osasun eta hezkuntza sistema publiko indartsuak behar beharrezkoak ditugula demostratu denean zer eta Unibertsitate Pribatu bati ateak irekitzeko baimena ematea.
Steilas proiektu honen guztiz kontra dago, hain zuzen ere, Unibertsitate pribatu gehienak egiten dutena egitera baitator hau ere: negozioa, ase gabe dagoen eskari baten aitzakian. Horretarako ez dute jotzen ikasketa berriak edo berritzaileak zabaltzera, ez. Normalean Unibertsitate Publikoan jada existitzen diren eta eskari handia duten ikasketak bikoizten dituzte, harekin lehian sartuz. Gaitz erdi, honek epe ertainera berarekin ekarriko ez balu Unibertsitate publikoaren ahultzea, gero eta finantzaketa publiko eskasagoaren ondorioz. Baina gehienetan, zoritxarrez, batak bestea dakar berarekin. Horrela ulertzen da azken urteotan Unibertsitate Pribatuak etengabe zabaltzen joan izana Espainiar Estatuan, Unibertsitate Publikoak murriztuta ikusten duten bitartean finantzaketa eta ezinduta berrikuntza eta garapena. Are gehiago, askotan, ustez lurraldearen garapenari egiten dioten balizko ekarpenaren argudioaren justifikazioarekin, Unibertsitate Pribatuak eurak bihurtzen dira baliabide eta mesede publiko ugariren onuradun, Unibertsitate Publikoaren garapenaren kaltetan.
EUNEIZ proiektua, Baskonia-Alaves taldeak sustatzen duena, Girona eta Tarragonako Unibertsitate pribatuen lankidetzarekin, Fisioterapia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduak bikoiztera dator, hain zuzen ere, biak ala biak jada EHUk eskaintzen dituenak, bigarrena, zehazki Gasteizen bertan. Berdin gertatzen da Eduki Digitalen Sorkuntzaren arloko graduekin ere: badira EHUn eta Gasteizen bertan eremu publikotik bideratutako ikasketak gai horietan. Are gehiago, Euskadin bertan badira beste Unibertsitate pribatu batzuk ere ikasketa berberak eskaintzen dituztenak arlo bietan.
Larria irizten diogu honi guztiari, halako lege egitasmoa uztailaren amaieran pasatzea, presaz bezala, erdi-isilean. Ez dakigu Unibertsitate-proiektua azkenean gauzatu ere gauzatuko den, baina Euskadin ere Espainiar Estatuko unibertsitate pribatuen garapenaren bide beretik (ondorengo harreman klientelar guztiekin ere) eraman nahi gaituela ematen du Eusko Jaurlaritzak. Horregatik dei egiten diegu Hezkuntza eta Unibertsitate Publikoaren alde diren alderdi, sindikatu eta gizarte eragile guztiei, euren oposizioa erakustera proiektu honen aurrean eta guztiontzako Unibertsitate Publiko kalitatezko eta indartsu baten alde ager daitezen.