Etxekoek ere badakite

Barkatuko didazue, baina realzale sutsu batekin egin duzue topo. Realaren denboraldiarekin gozatu duen zaleetako bat naiz, 2002-2003 denboraldian lorturikoa errepikatzea ezinezkoa izango zela pentsatzen zuen zalea. Txapeldunen Ligan sartzeko aukera du orain Realak, eta erronka horri aurre egiteko Jagoba Arrasate aukeratu du Jokin Aperribai presidenteak. Harrobian oinarritzen den taldearentzat, harrobiko entrenatzailea. Erabakiak hautsak harrotu ditu Donostian.

Askorentzat erabaki arriskutsua da. Arrasatek izan dezakeen eskarmentu faltak ez dio bat ere onik egingo taldeari esaten dute ezkorrenek. Beste batzuen arabera, berriz, futboleko eroa omen da, eta  denboraldi honetan taldeak teknikoki izan duen garapenaren erantzule nagusia da. Azken denboraldian Philippe Montanierren laguntzaile lanetan ibili da, eta beraz, taldea oso gertutik ezagutzen du. Agian ez da taldearen ordezkari izan prentsaurrekoetan, partidetan ez da aulkitik irten aginduak ematera, baina taldearen ibilbidea gertutik jarraitu du. Gaur egun Realean jokatzen duten jokalariak hazten eta hezten ikusi ditu Zubietan, eta normalean, entrenatzaile berri bat etortzen denean taldea hutsetik hasten da. Klubaren filosofia, jokalariek duten jokatzeko era, Donostiako komunikabideak, zaleen nahia… horiek guztiak barneratzeko entrenatzaileek denbora behar izaten dute talde berri bat zuzentzera joaten direnean. Baina, zergatik hutsetik hasi, amaitu berri denari jarraipena emateko aukera dagoenean? Kezkatzen nauena ez da zuzendaritzak harturiko erabakia. Kezkatzen nauena zaleen artean sortu daitekeen zatiketa da, eta zatiketa horrek zuzendaritzan izan dezakeen eragina. Hau da, zenbaterainoko pazientzia edukiko du Anoetak Arrasaterekin? Lehen partidetan ez bada dena irabazten, Arrasateren dimisioa eskatuko du jendeak? Kontuan izanik Europan jokatuko dugula, amaitu berri den denboraldiko laugarren postua ez errepikatzea porrota litzateke?

Horrela pentsatzen badugu, jai dugu. Etxeko jokalariekin Europarako sailkatzea lortu badugu, zergatik ez dugu maila emango etxeko entrenatzaile batekin? Hori lortzeko, ordea, ez gaitezen lehen egunetik ez duela balio esaten. Jokalariekin egiten dugun apustu bera egin behar dugu aulkian etxeko entrenatzaile bat esertzen denean  (eta klubaren arabera erronkarak
o gaitasuna duena). Agian alderaketa gehiegizkoa izan daiteke, baina Alberto Ormaetxea ez zen inoiz aurretik entrenatzaile izan Atotxako aulkian eseri zen arte. Realaren unerik onenak ziren bai, baina batzuentzat hain garrantzitsua den eskarmentua ez zuen entrenatzaile bati esker bi liga eta Superkopa bat irabazi ziren. Hainbesteko aldea dago ordutik gaur egunera? Ez al da izango futbola izan dela aldatu dena? Guk 80ko hamarkadako bide berberari ekin diogu Bigarren Mailara jaitsi ginenetik, eta berriro ere jokalari txuri-urdinen abizenak mugak gainditzen hasi dira. Sinetsi dezagun talde honengan entrenatzailetik hasita, mereziko du eta.

TALAIATIK